Mitxelena eta erlijio katolikoa

Euskaldunok fededunak gara, nork ez du entzun hori? Arrunki, euskaldun fededun atsotitzaren bidez adierazten da ideia hori, baina baita ere forma sofistikatuagoetan, adibidez,

“Si un hecho en la Historia moderna ha tenido una profunda repercusión en Vasconia, éste es el concilio de Trento, cuyos efectos llegaron a conformar de modo permanente casi todos los aspectos de la vida del país. Después de él y en su consecuencia va realizándose la identificación de lo vasco con el catolicismo” (Koldo Mitxelena, Historia de la literatura vasca, 1960, 59. or.) (O.C., XIII, 119. or.)

Ziur nago esaldi hori mila aldiz irakurri duzuela eta beste horrenbeste aldiz, edo gehiago, aipatua entzun. Baina nago hausnarketa txiki bat merezi duela. Horra lerro hauen xedea

Lehenengo eta behin, errepara dezagun bere erabatekotasunean: “conformar de modo permanente casi todos los aspectos de la vida del país”. Ez ote da gehiegi esatea? Ziur naiz adin batetik beherakoentzako oso harrigarria dela, izan ere, zenbat gazte euskaldun joaten da mezetara? Bereziki, euskal komunitate intelektualean, zenbatek definituko luke bere burua katoliko edo fededun gisa gaur egun? Ziur naiz adin batetik gora arrunta dela apaiz ohi, seminarista-izandako edo moja-eskolara-joandako kide ugari aurkitzea, baina hain justu ere horiek izaten dira, sarritan, Eliza Katolikoaren kontrako jarrera gogorrena erakusten dutenak; horiek baino gazteago direnen artean, aldiz, indiferentzia, ezjakintasuna edo kuriositate-eza dira jarrerarik zabalduenak, nire begietan bederen. Zertan ari zen, bada, gure Mitxelena hain aipatu eta goratu hori? Lelokeriak esaten?

koldo_mitxelena!Erantzuna datari erreparatzean dago: 1960. Urte horretan dago idatzia esaldi hori eta urte horretan, egia zen, osoa eta berdaderoa. Euskaldunak masiboki eta ia-ia arrakalarik gabe ziren katoliko fededunak, hitzaren zentzurik estriktoenean. Egia da, gero, oso urte gutxitan euskal katolizismoaren eraikuntza itzel hori goitik behera erori zela eta haren hondakinetatik euskaldun askorentzat ia-ia ez dela akordurik ere gelditu. Baina oraindik ere euskal kulturaren heroi klasiko gehienak apaizak dira: Resurreccion Maria Azkue, Txomin Agirre, Aita Donostia, Jose Migel Barandiaran, Manuel Lekuona… gazteagoa da, hots, hurrengo belaunaldi honez gero laikoago batekoa, baina Julio Caro Baroja bat euskaldunen artean sailkatzeko zalantzatan egoten gara, ez dakit oso ondo zergatik, euskaraz ozta-ozta zekielako, abertzalea ez zelako edo apaiza ez zelako. Edo gauza hirurak batera, ziur aski.

Bai, esan dezake norbaitek, hala da, baina ez dugu eskura euskaldunaren definizio historiko garbi eta adostu bat, eta horrela ibiltzen gara gero, gure historia idatzi ezinik. Lotsa ematen digula “euskaldun” hitza bera idaztea, “excluyente” izateaz akusatuko ote gaituzten… Baina ez da nire asmoa gaur euskalduna zer den (edo nor den) definitzen hastea. Julio Caro Baroja euskaldunen artean aipatu behar dela ebidentzia hutsa da niretzat, eta kitto. Bego hor gaurkoz.

Kontua da, eta horra noa gaur, erlijioak gure kulturan izan duen pisu ikaragarri hori oztopo bat izan dela gure garapen intelektualean. Har dezagun kasu argi bat, adibidez, Peru Abarkari bere ahotik hartzen diodan aipu hau:

“Eta dinozu gero irakurlari ederra zariala? Zelango liburubak irakurri daruazuz? Gomutau zaite on guztija Jangoikua gandik jatorkula. Ez nas ni eskolauba; baña badakit, nik erein arren galgarauba [gari garaua] soluan, ezarri arren simaurra ugari, jorratu, ta zalgia [belar txarra] eskuz atera arren, ez jatala garirik elduko, neu lo naguan artian eurijakaz gozatu, ta lur barruban zelan ez dakidala erne arazo ta azten ezbada. Beraz zor deutsaguz eskerrak Jangoikuari gure bizitzari iraun eragiteko emoten deuskulako zer jan.” (J.A. Mogel, Peru Abarka, II. Autua. Adolfo Arejitaren edizioa, Kriselu, 1990, 69. or.)

Zati bat azpimarratu dut, hain justu ere euskal komunitate zientifikoarekin zerikusi zuzenena izan dezakeena: “zelan ez dakidala”. Alegia, Peru Abarkarentzat natura, mundua, gure adimena gainditzen dituzten misterioz beteta dago, baina hori ez da arazo, zeren aski da Jaungoikoarengan fedea izatea, eta kitto. Hortik aurrerakoa, ez zaigu bereziki axola. Zientzia? Ez da gure lehentasuna, ondo bizi gara hori gabe. Eta abar.

Ez litzateke zaila paragrafo hori konexio zuzenean jartzea Max Weberrek Modernitateaz egindako teorizazioetan erabilitako kontzeptu oso ezagun batekin, “desliluratzea” (“Entzauberung”), hots, Modernitateak zera esan nahi du, bukatu dela pentsatzea munduan gure arrazoiaren menpekoak ez diren (eta izan ezin diren) gauzak badirela, Jaungoikoak (adibidez) sortzen eta mugitzen dituenak geuk jakin gabe nola. Eta abar.Baina ez gara desbideratuko, interesatuak aski du Max Weberren saio ospetsu hori (Wissenschaft als Beruf , 1919) euskaraz irakurtzea: Politika eta zientzia lanbide, Klasikoak, 2007, 125-161 or. Bego kontua hor eta itzul gaitezen gure hari nagusira.

Sinplekeria galanta litzateke gure atzerapen kultural historikoaren erantzukizuna Elizaren gain botatzea beste ñabardurarik gabe; besteak beste esan daiteke, adibidez, J.M. Barandiaran batentzat honez gero Peru Abarka oso, baina oso atzean geratzen zela (hurbilago dago Max Weberrengandik, dudarik gabe). Aldiz esan daiteke Euskal Herriaren katolizismo erabateko eta zurrun hori ez dela batere lagungarria izan gure herriaren garapen intelektualaren bidean, hori itsuenak ere ikus dezake. Eta Gerra Zibilaren desastreak, besteak beste, Modernitate katoliko baten aukera ere ostu ziela euskaldun fededunei: Barandiaran, Lekuona, Aitzol, Lauaxeta… euskal katolizismo moderno baten aitzindari izan zitezkeenak, hilak edo erbesteratuak. Elizaren adar modernoena eta dinamikoena (baita euskaltzaleena ere, bide batez) erruki gabe zanpatua eta haizatua. Piarres Lafitte izan daiteke hondamenditik salbatu zen bakarra (ez baitzen espainola), baina Lafitteren modernotasuna ere aski mugatua zen (eta zer esanik ez Ipar Euskal Herriko baldintza sozialak). Zaitegiren bidea, aldiz, porrot hutsa izan zen hasi eta buka, erraldoi miragarri baten ahalegin antzua, baldintza sozialak guztiz moztuta zeudelarik porrotera kondenatua zegoela hasieratik. Tragedia bat.

Eta Mitxelena? Pako Sudupek bere tesian frogatu duen bezala, Mitxelenak oso garbi ikusi zuen Zaitegiren bidea kale itsu bat zela eta euskal kulturaren modernizazioa, inondik etortzekotan, beste nonbaitetik etorriko zela. Hau da, ez Elizatik. Horregatik, besteak beste, egin zion hain harrera ona Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutuari (1957). Bere eskutik idatzitako hitzaurre ospetsuan udaberri baten zantzuak ikusi nahi zuen, gazteria berri baten oldarra. Gazteria hori ez zen bereziki katolikoa, antiklerikala ez izan arren; izatekotan existentzialista bezala sailkatu beharko genuke. Mitxelena bera, ezaguna denez, ez zen bereziki debotoa, fedeari inoiz uko egin ez bazion ere (publiko behintzat). Baina entzun dezagun bere hitzetan: 

Nik ez dut Txillardegi bakarrik ikusten. Txillardegi eta Leturiaren egunkari ezkutua gizaldi berri baten eta gizaldi horren obren aitzindari gisa agertzen zaizki […] Ate-joka ditugu dagoeneko deus gutxi ezagutzen ditugun ondorengoak. […] Gure artea, ordea, gaur eta hemen, argi eta garbi ageri da jende berriaren premia. […] Askotan egiten dut nerekiko ez ote gauden aitzitik udaberri aurrean.” (“Sarrera hitz batzuk” in Txillardegi, Leturiaren egunkari ezkutua, 1957, 14.or. eta hur.) (O.C. XIII, 534 or. eta hur.)

Dena den, agian XX. mendeko kontuekin haritzea baino, agian interesgarriagoa izan daiteke Historia horren iturburura jotzea, Europako beste lurralde batzuetan zer gertatu zen ikustea eta gurekin konparatzea, gure errealitatea hobeto ulertzeko. Trento oso urrun geratzen da, baina agian ez legoke txarto begirada kritiko bat XVIII. mendera zuzentzea, alegia, Argien Aro mitikora. Hor sortzen baitzen kultura moderno eta laikoa, gaur ezagutzen dugun bezala. Modernitatea. Eta betiko bideetatik ez ibiltzearren, galde dezagun, adibidez, zer gertatu zen Alemanian XVIII. mendean. Prusian errege handi bat dago, alemanentzat esanahi berezi bat duena: Federiko II.a, errege filosofoa inoiz halakorik egon bada. Despotismo ilustratuaren paradigma, beste hitz batzuekin esanda. Baina gaurkoz larregi luzatu gara eta aipu bat hona ekartzearekin konformatuko gara, besterik gabe:

“all religions, he opined [Federiko II.a erregeak], were “more or less absurd” and none more than Christianity, “an old metaphysical fiction, stuffed with contradictions and nonsense, born in the fevered imagination of the Orientals and spread by them to Europe, where it was embraced by fanatics, exploited by opportunists, and believed by imbeciles”(T.C.W. Blanning, The Culture of Power and the Power of Culture: Old Regime Europe 1660-1789, Oxford University Press, 2006, 194. or.)

Kakotx artean jarritakoa erregearen hitz literalak dira, bere testamentu politikotik hartuak (neuk aipatu liburutik jaso ditut). Posible ote da holako ezer euskaldunen artean imajinatzea XVIII. mendean? XIX.ean? XX.ean? Hurrengo batean segituko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude