Iñaki Zorrakin Altube (1961-2004): bizitza ilustratu zuen biologoa

Datorren hilabetean Natur Zientzien I. Topaketak izango direla eta, bulegoan, koordinatzaileen mahaietan hitzaldiak, posterrak eta abarrei buruzko informazioa dago nonahi. Natur Zientzien bueltan ez dut nik ezer aportatzekorik baina badut norbait gogoan, lagun bat, naturari lotuta ezagutu nuena gaztetik: Iñaki Zorrakin Altube biologoa.

Iñaki Zorrakin Altube - biologoa eta naturalista
Iñaki Zorrakin Altube – biologoa eta naturalista

Iñaki Santurtzin jaio zen 1961ean. Biologia ikasi zuen baina ilustrazioa izan zuen ardatza. 1985 urtean botanikari-lagun talde batek landaretzari buruzko liburu batean parte hartzea eskatu zion eta Gasteizera joan zen, Arabako Natur Institutuan lanean hasteko. Institutuko buru izan zen ere 1997tik 1999ra. Iñakiren irudiez apaindutako hainbat argitalpen ditugu, Euskal Herrian argitaratu diren naturari buruzko argitalpen askotan parte hartu baitzuen. Argitalpen horien artean aipatzekoa da adibidez, Claves ilustradas de la Flora del País Vasco y territorios limítrofes. Bertan botanikari buruzko lan ederrak daude, erabateko kalitatea eta zehaztasunez beteriko marrazkiak.

Iñakiren marrazki bat: Katajineta
Iñakiren marrazki bat: Katajineta

Bere lan zientifikoekin batera, Iñakiri naturan bertan lan egitea gustatzen zitzaion eta oharrak hartzea, zuzenean adierazteko jasotako bizipenak. Eta gai izan zen bizitzako eszenak jaso eta ilustratzeko.

1979an ezagutu nuen Iñaki, hamar urte nituen eta Garai herrira etorri zen uda pasatzera, gure baserrira, Goenengo aurrera euskara praktikatzera. Uda osoa eman zuen etxean, gurasoei laguntzen baserriko lanetan beti umoretsu eta irrifar batekin. Etxean hiru neba-arreba gara eta hirurok esperientzia berezia bizi izan genuen berarekin urte hartan eta hurrengoetan, Iñaki hainbatetan bueltatu baitzen baserrira.

10 eta 4 urte bitarteko hiru umeekin denbora pasatzen zuen ere, jolasean, naturarekin bueltaka: mendira gindoazenean zuhaitzen izenak esaten genizkion euskaraz eta berak gaztelaniaz eta latinez esaten zizkigun. Barre egiten genuen hain izen arraroak izaten baitzuten pinuak, arteak, lizarrak, makatzak eta abar.  Bidean enbor hila aurkitzen genuenean, azala altxatu eta erakusten zigun biziz josita zegoela egur zati hura. Zenbat zomorro zeuden barruan! Kakalardo adardunak esku artean hartu eta ar eta emearen arteko desberdintasunak erakutsi zizkigun. Hildako lursagutxo bat aurkitu eta kristalezko pote baten sartu genuen uretan, zapaburuz beteta. Egunero ura aldatzen zuen kontu handiarekin eta apur apurka animaliaren eskeletoa biluzten joan zen!

Eskuekin ere trebea zen, natura margotu izan du baina egurra ere lantzen zuen. Amari sukalderako egurrezko hainbat koilara eder egin zizkion eta amari pena ematen zion erabiltzea sukaldatzeko, irudi ederrekin landuak baitzeuden. Aititerekin gustura aritzen zen hitz egiten baserriko ohiturei buruz. Eta zenbat borrokatu ote zuen, gure aitari erakusten baserri inguruan agertzen ziren ziraun eta sugeak ez zirela kaltegarriak, lan bat zutela egiteko. Azkenean, lortu zuen. Aitak ez ditu berriz akabatu. Iñakik natura maite zuen, bizitza maite zuen eta hori zen azken finean berarentzako natura, bizitza.

Aurreko astean, Xabier Lopez ikertzailearen mezu interesgarri bat irakurri nuen bere blogean. 2013ko Kimikako Nobel saria ezagutzen du Xabierrek eta bere gizatasuna azpimarratzen du. Izan ere, “pertsonai” handiak ere hurbilak dira, hezur eta haragizkoak. Iñaki horrelakoa zen, hurbila, alaia eta gizatasun handikoa. Pertsona aparta. 2004ko otsailaren 24an hil zen, gaixotasun larri batengatik, inauterietako asteartea zen eta hildako zuhaitzen inguruko proiektu baten ari zen lanean.

Arabako Natur Institutuko lagunek bere omenez nartziso hibrido berri bati bere izena ipini zioten: Narcisuss xZorrakinii. Natura ilustratzen duen landare ederra!

Narcissus x zorrakinii
Narcissus x zorrakinii

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude