Oso arrunta izan da, eta da, espainolen artean euskal abertzaleoi esentzialista deitzea. Baita euskaltzaleoi ere. Egia esanda, espainol arrunt guztiz gehienentzat kontzeptu biak sinonimoak dira, gauza harrigarria hemengo kontuez jakintza apur bat eta autonomia intelektual minimo-minimoa duen edonorentzat, baina jakina da Euskal Herriaz, euskaraz eta abertzaletasunaz espainolen artean zabaldua dagoen irudi topikoan ez direla zehaztasun askorik kabitzen. Hamarkada luzeetako desinformazio militanteak bere fruituak ematen ditu, eta zaila izango da horrelakoei buelta ematea. Giroak, gainera, ez du askorik laguntzen.
Baina aitor dezagun topiko gehienek, neurri txiki batean behintzat, badutela egiatik zerbait, eta honetan ere badagoela. Eta merezi duela topikoari buruz hausnarketa txiki bat egitea, zeren euskal komunitate intelektuala, funtsean, euskaltzale abertzalez osatua dago eta horietako asko, ziur aski, ez daude esentzialismoaren bekatutik guztiz libre. Ezta ni neu ere, noski.
Baina geurea baino ez da errua? Katalunia modan dagoela esaten genuen aurreko post batean, eta ildo beretik segituko dugu hemen. Beste liburu interesgarri bat irakurri dut uda honetan Kataluniaz, hauxe:
Riquer, Borja de, Alfonso XIII y Cambó: la monarquía y el catalanismo político, Barcelona : RBA, 2013, 249 or.
Egilea historialari katalan bat da, oso ezaguna, ez berarengatik bakarrik, bere aitagatik ere (Martín de Riquer filologo eta akademiko katalan hilberriaren semea da). Liburua bera saiakera gisa dago idatzia, laburra da eta atseginez irakurtzen da. Gai espezifiko bat tratatzen badu ere, katalanismoaren laburpen orokor baterako ere oso baliagarria da. Halaber, ez da espezialistentzat idatzia, aitzitik, Kataluniako nazionalismoaz eta independentismoaz interesatuta dagoen edonorentzat da interesgarri. Protagonista nagusiak ezagunak dira eta ez da nire asmoa orain eta hemen liburua bera iruzkintzea. Hango pasarte bat hautatu dut, ordea, eta azpian kopiatuko dut, bereziki aproposa delakoan arestian aipatu dugun esentzialismoaren azterketaren bidetik:
“En los días 10 y 11 de diciembre de 1918, en el transcurso de los debates parlamentarios sobre el proyecto de estatuto catalán [Madrilgo Gorteetan], predominaron claramente las intervenciones en contra. Parecía como si el apoyo real [hots, Espainiko erregearena, aurrez sekretuki adierazia] a la iniciativa autonomista catalana no hubiera ido más allá de la conversación privada con Cambó. El punto culminante del debate parlamentario fue la intervención de Antonio Maura el día 11, quien con un acusado patriotismo se opuso con vehemencia a la autonomía catalana. El líder conservador, pese a afirmar que era partidario de la descentralización y de la autonomía administrativa, sentenció que nunca toleraría que se cercenara la soberanía nacional española. En un arrebato sentimental, dirigiéndose a los diputados catalanistas y, en especial, a Cambó, exclamó : “Nadie puede elegir madre, ni hermanos, ni casa paterna, ni pueblo natal, ni patria”. El político conservador acabó, sí, su intervención recordando a los diputados catalanistas que, les gustara o no, eran españoles. La contundente intervención de Maura, a quien se tenía por el político dinástico más próximo a Cambó, recibió efusivas felicitaciones de todos los parlamentarios dinásticos, incluídos el presidente del gobierno, el liberal conde de Romanones.” (118. or.)
Ezin gara orain eta hemen hasi aletzen aipu horretan kondentsatuta dauden mila eta bat arazo eta xehetasun. Bi puntu besterik ez: bata, tamalez espainol guztiz gehinentzat Espainiaren batasuna absolutu metafisiko bat da, erabat eztabaidaezina (espainolak gara, gustatzen bazaigu eta gustatzen ez bazaigu ere); eta bigarrena, arazo horri modu sentimentalean heltzen diote, bihotzez jokatuz erabat: ama eta aberria parekatzen dituzte esentzialki, batari egindako laidoa besteari egindakoa bezalakoa da, eta kitto. Zaila da horrela hitz egiten duen batekin ezer arrazionalik eztabaidatzea.
Nago Antonio Mauraren (1853-1925) hitz horiek oso ondo laburbiltzen dutela espainolen artean, baita politikari eta intelektualen artean, Kataluniari buruz (eta, orobat, Euskal Herriari buruz ere) gaur egun ere tamalez dagoen jarrera nagusia. Esentzialismo huts-hutsa.
Aipa dezagun, bide batez, politikari eta gobernuburu izateaz gain, Antonio Maura Real Academia Española de la Lengua-ko kide eta buru izan zela. Hori, eta katalan-hiztuna, Mallorcan jaioa baitzen eta Zuzenbidea ikastera Madrilera heldurik, karrerakideek barre egiten omen zioten bere azentu katalan guztiz markatuagatik. Tira, gaur egun bezala, ezta?
Baina itzul gaitezen gure gaurko gaira, hots, esentzialismora. Garbi dago denok ditugula sentimendu sakonak, adibidez, gure amarekiko eta gure sorterriarekiko, eta sentimendu horiek eragin handia dutela gure bizitzan. Eta horretan berdinak gara euskaldunak, espainolak, katalanak, errusiarrak eta mozanbikearrak. Galdera hortik aurrera dator, alegia, zein puntutaraino utzi behar zaie sentimendu horiei gure bizitza eta hautuak gidatzen? Nola da posible horiek absolutizatzea, beste edozein arrazoirekiko itsu bihurtu arte? Zertara datoz molde horretako metaforak?
Lehenengo eta behin, amarekiko metafora zaharkitu eta hain erabili hori (oraindik ere entzuten dena, Bilbon, Bartzelonan edo Madrilen!) lelokeria hutsa da guraso den edonoren begietan. Gure umeei ezer erakusten badiegu, ezer sarrarazten badiegu kaskoan, da beren buruaren jabe izan behar dutela. Horra guraso guztiok gure umeentzat amesten duguna, izan daitezela libre, beren buruaren jabe, ez bakarrik ekonomikoki, baita intelektualki eta sentimentalki ere. Mauraren estiloko soflama hanpatu horiek ez datoz bat gure eguneroko praxiarekin. Apostu egingo nuke hala dela hau irakurtzen ari diren guztiz gehienentzat.
Bigarrenik, ildo bereko antzeko metaforak kontrako zentzuan erabili nahi duenak Biblian bertan aurkituko ditu dozena erdi bat adibide oso egoki (adibidez, Has 2,18-25, edo Ebanjeliotan Mt, 12, 46-50 ; Mk 3,31-35 ; Lk 8,19-21 ; eta abar). Orain ez gara bide horretatik abiatuko, baina garbi dago metafora absolutuak erabili nahi dituenak bazka ugari aurkituko duela edonon, zentzu oso desberdinetan. Gezurra ematen du, adibidez, Maura bezalako ultrakatoliko batek Ebanjelio bera hori baino apur bat gehiago ez ezagutzea. Ama bera ere ez da inoiz ere absolutu bat, ezta Jesukristorentzat ere. Utikan ipuinak.
Baina ez gara gehiago luzatuko. Amaren metafora hori, jakina, agian ez dago hain estu hartu beharrik ere. Aitor dezagun denak garela apur bat esentzialista eta hori, neurriz, ez dela hain txarra. Aldiz, denok ez dugu berdin arrazionalizatzen gure sentimenduak, batzuk horien esklabo itsuak bihurtzen dira. Eta gero esentzialista izateaz akusatzen gaituzte, hanpuruski! Barregurea emango ligukete, kontua hain serioa ez balitz askotan.
Dena den, euskal komunitate intelektualeko kide gisa hau da nire proposamena: utz dezagun alde batera garai bateko metafora puztuak. Ez dugu ezer galduko, irabazi baizik.
Iruzkinak (1)