Zientzia eta teknologiari buruz dugun pertzepzioa: “uste” duguna, ba ote da?

Aste honetan Cuatro kateko albistegiak ikusten nengoela  Esperanza Agirreren adierazpenak entzun nituen Kataluniari buruz: “¡Si quieren saber qué opinan los catalanes sobre la independencia, que hagan una megaencuesta!”. Kito, auzia konponduta!

galdera-ikurra

Kasu honetan ez dut hitz horien azterketa egingo, baina berak esandako berba baten eraginez idazten dut gaurko mezua: “megainkesta”. Agirrek inkesta hartu zuen konponbide moduan. Inkestak… zenbaterako ematen duten!

Hau dela eta, egunotan inkesten baliagarritasunari buruz pentsatzen aritu naiz. Gai anitzak aztertzen dira inkesten bidez jasotako datuei esker. Badirudi denetarako balio dutela, besteak beste, biztaleon “usteak” jasotzeko ere. Hau da, gai baten inguruan dugun pertzepzioa jasotzeko baliagarriak dira.

Esaterako, Elhuyarrek egindako hau izan dut esku artean: “Euskal Herriko gizarteak zientziari eta teknologiari buruz duen ikuspegiaren ikerketa 2012“. Ikerketak bi alde ditu:

  • kualitatiboa:  gai jakin baten inguruan eztabaida taldeak osatu zituzten. Partaideek honakoak izan ziren: 30-50 urte bitarteko pertsonak, erdi edo goi-mailako ikasketak zituztenak. Eta unibertsitateko ikasleak, natur-zientziatako eta gizarte zientziatako lizentziatura ikasten ari zirenak edo doktorego programetan zeudenak.
  • kuantitatiboa: EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko 15 urtetik gorako pertsonen laginak hartu eta galderak egin zizkioten. Inkestak egin zituzten.

Egindako lanaren ondorioz, gizarteak zientziari eta teknologiari lotuak dituen hainbat ikuspegi interesgarri plazaratu dira, pertzepzioak. Eta, zer dira pertzepzioak? Pertzepzioei buruz hainbat definizio daude. Kasu honetan psikologia modernoak dionari erreparatuko diogu: pertzepzioa sortzen dugun irudi mentala da. Irudi hau, betiere, esperientzia eta norberaren premien arabera sortzen da. Berez, irudikapen eta sentsazioen hautaketa, interpretazio eta zuzenketen prozesu bat da. Pertzepzioak subjetiboak dira, selektiboak eta aldi baterako.

Goian aipatutako ikerketak, Euskal Herriko gizarteak zientzia eta teknologiari buruz duen ikuspegia plazaratzen du: pertzepzioak, irudipenak, hau da, “usteak”. Eta usteak, egia ote dira?

Azterketa kuantitatiboaren ondorioak aztertuz gero, hainbat pertzepzio antzeman daitezke. Adibidez, besteak beste, hauek plazaratzen dira:

  • Iruditzen da ikertzailearen lanbidea erakargarria dela, eta horretan diharduena gehiago asebetetzen duela pertsonalki ekonomikoki baino” (383. orrialdea) (Seguru?)
  •  “29 urtetik beherakoek uste dute gehien, zientziaren eta teknologiaren esparruan lotutakoari buruz informatuta daudela” (386. orrialdea) (Horrela ote da?)
  • Iruditzen da esparru zientifiko eta teknologikoan Espainia atzeratuta dagoela Europar Batasunaren aldean” (387. orrialdea) (Zein neurritan?)
  • “Gehienek pentsatzen dute enpresa pribatuak ez dituela nahikoa baliabide bideratzen ikerketa zientifikora” (388. orrialdea) (Enpresa pribatu mota guztiak: txikiak, ertainak, alor guztietakoak…?)
  • Uste da ikus-entzunezko komunikabideek idatzizkoek baino nahikotasun-maila handiagorekin jorratzen dituztela informazio zientifikoari lotutako gaiak” (391. orrialdea) (Ez ote da izango telebista delako inkestako erantzuleen informazio-iturri nagusia, txostenean azaltzen den bezala?)

Jakin nahi nuke erantzun dutenek zer nolako esperientziak izan dituzten emandako erantzunak emateko. Gaiari lotuta zein datu, zein informazioa izan duten euren ikuspegia gauzatzeko. Ezinezkoa datu zehatz horiek jakitea, baina ikerketaren emaitzak agian lagun gaitzake. Ikerketa berak, zientziarekiko eta teknologiarekiko duten jarrera kontuan hartuta, biztanleen segmentazioa egiten du. Honako multzoak nabarmentzen ditu: “Informatu gabeen taldea” (elkarrizketatuen %24a); “Kritiko informatu gabeen taldea“(%16a); “Zientziaren aldezle sutsuak” (%12a); “Zehaztapen txikiarekin erantzuten dutenak” (%12,2).

Informatu gabeen taldea eta kritiko informatu gabeen taldeak dira nagusi. Hauek interes gutxi eta ertaina dute teknologia eta zientzia gaiekiko eta horrez gain, horien inguruan gutxi informatuta daude. Laburbilduz, zientzia eta teknologia gaiei buruzko inkesta erantzun duen gehiengo batek arloko informazio gutxi izan du esku artean. Hori dela eta, hauek dituzten pertzepzioak zuzenak ote dira? Errealitatearekin bat egiten ote dute? Kasu askotan, nire ustez, ez.

Pertzepzioek ez dute errealitatearekin bat egin behar. Hala ere, honako ikerketak benetan baliagarriak dira “usteak” ezagutzeko eta gizarteak gai baten inguruan duen ikuspegia zein den ikusteko. Estereotipo ezkorren, hutsuneen eta gabezien berri ematen digute honako azterketak eta hauek osatze bidera, neurri egokiak diseinatzeko oinarri dira. Adibidez, komunikazio politika eraginkorrak diseinatzeko orduan, zabaltzen diren mezuen ildoak zehazteko orduan edota gai batekiko dugun motibazioa bideratzeko orduan. Izan ere, pertzepzioak subjetiboak, selektiboak eta aldi baterako dira eta hauetan eragin daiteke estimulu zehatzekin.

Ikusiko dugu ea lau urte barru, inplementatuko diren neurrien eraginez, zientzia eta teknologiari buruz izango dugun ikuspegia gaur dugun berdina den. 2016ko azterketak esango digu gure pertzepzioak “uste” soilak diren edo ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude