Katalunia modan dago

Katalunia modan dago, esan dezakegu behialako artikulu hura inbokatuz, baina horrek ez du esan nahi katalan literatura modan dagoenik gure artean. Eta zer baina, inork uste al zuen literaturak independentziara hurbilduko gintuenik?

Esango nuke, beraz, urak betiko bidea segituko duela gure bihotzeko Euskal Herri honetan eta utilitarismorik gorriena izango dugula buruan gure bihotz ttipi hori ametsik zoroenei buruz amiltzen denean ere. Literaturarik ez. Alegia, independentziarena modan jartzeak ez du ekarriko katalan literaturaren gorakadarik ñimiñoena ere, euskal irakurleen artean behintzat…

Baina oker gaude. Bada independentziaren atal bat beti ere gure esku dagoena, zegoena eta egongo dena: pentsatzeko independentzia edo independentzia intelektuala. Geuk, euskaldunok, eta euskaldun gisa, gure unibertso intelektual propioa eraikitzeko ahala. Gure irudiak, gure liburuak, gure erreferentziak, gure pentsamenduak. Gure kultura, hitz batean. Hizkuntza bera, bere horretan, ez delako kultura, kultura bat behikulatzeko aukera baizik. Kulturarik gabe hizkuntza ez baita ia-ia ezer; behin batean Txillardegiri entzun nion bezala pásame el botijo esateko modu bat besterik ez da, eta ia-ia beste ezer ez (bera zehazki espainiar kulturari buruz ari zen une horretan, baina garbi zegoen euskal kulturari buruz ere berdin-berdin botako zuela halakorik, pasaidazu zahatoa, eta abar). Euskaldunon pentsamendurik eta sentimendurik gabe euskara ez litzateke izango ezer, bon, bitxikeria filologiko bat akaso, eta hortik aurrera, gutxi. Kultura landu beharrekoa zerbait da, ez dator berez eta definizioz hizkuntzaren barruan laburbilduta.

Ez nuke, haatik, kulturalista inuzente gisa agertu nahi. Soberan dakit kultura, politika eta ekonomiaren artean harreman estua dagoela. Baina, hain zuzen ere berriz ere hasierara itzuliz eta Katalunia inbokatuz, gaineratu nahi nuke katalanek unibertso kultural propio bat sortuz lortu dutela nazio gisa irautea eta, gaur egun, independentziarako aukera erreal bat eraikitzea. Eta unibertso horren barruan gaur literaturaren atalean pausatu nahi nuke, liburu berezi bat euskaratu delako berriki, azpiko irudian ikusi dezakezuena.

RODOREDA, Mercé, Ispilu hautsia, Antton Olano Iurtia itz., Alberdania, Erein, Igela, 2013, 350 or.,Literatura Unibertsala bilduma, 158. zk.

 

Uda honetan irakurri dut liburu hori, poliki, aste pare batean akaso, ez baita ri-rau irentsi daitekeen ogitartekoa. Irakurketa mantsoa eskatzen du, niri behintzat. Eta miretsita geratu naiz. Nobela klasiko bat da, ia-ia hemeretzigarren mendetiarra ere esaten tentatuta nago, baina izan da hogeigarrenean ere horrelako franko. Familia katalan baten historia, belaunaldiz belaunaldi. Familia katalan aberats bat. Nahikoa tipikoa, ezta? Nork ez du tankera horretakorik irakurri edo aipatua ikusi, erran nahi baita, saga familiar horietakoren bat.

Berezitasunak bi alderditatik aurkitu dizkiot nik. Lehena, estiloa. Egilea, Mercé Rodoreda (1908-1983) katalan literaturako autore famatuenetarikoa da, idazle nazional horietakoa, nahi bada. Dirudienez (nik hari buruz dakidan guztia liburu honen hitzaurrean dago) bere lana II. Errepublikaren garaian abiatu bazuen ere, batez ere erbesteko lanekin kontsakratu zen. Horietako bat, famatuena, euskaraz ere badugu (Diamantearen plaza, 1962an katalanez argitaratua eta Maite Gonzalez Esnalek euskaratua, 1994an), baina badirudi aipagai dugun Ispilu hautsia (1974) zela berak bere lanen gailurtzat zeukana. Eta hizkuntzari eta narrazioaren ehunari dagokionez esango nuke baldintza guztiak betetzen dituela lan handitzat hartua izateko: hitz batean esateko, harrigarria da bere kapituluei darien literaturtasun eztia.

Baina beherago ere esango dugu beste zerbait horretaz, orain aurreko paragrafoan airean utzi dugun bigarren ezaugarria aipatu behar baita: nobela honen bitartez Kataluniako historiaren kapitulu bereziki interesgarri batean murgilduko gara zuzenean, nazionalismo katalan klasikoaren sorrera eta garapena, hau da, 1876-1939 bitarteko garaia, gutxi gorabehera. Denok dakigun bezala, nazionalismo hori euskal abertzaletasunaren garaikidea da ia-ia estriktoki, baina ezaugarri desberdin batzuk biltzen dituena, labur eta baldar esanda: aberatsen nazionalismoa da funtsean, burgesena, eta ez da independentista, autonomista baizik; hala ere, guztiz konprometituta dago katalan hizkuntza eta kulturarekin. Zerikusi gutxi dauka garai berean hemen zebilenarekin.

Zeren hemen, aldiz, garai berean oso-oso gutxi dira nazionalista gisa agertzen diren aberatsak (Sotatarrak, funtsean, eta ez zait beste inor bururatzen), abertzaletasunaren sostengu nagusia beti beheko klaseetatik datorrelarik: langileak, arrantzaleak, dendari eta antzekoak, asko jota tailer eta negozio txikien jabeak (ez pobreak, baina ezta ere bereziki aberatsak). Eta, bigarrenik, elite intelektual mehar (oso mehar) bat alde batera utzita, buruzagi nazionalisten engaiamendua euskararekin oso epela da (erretorikaz haraindi). Aldeaz jabe gaitezen aipa dezagun kasu enblematiko bat: Francesc Cambók (1876-1947), nazionalismo katalan burges, autonomista eta eskuindarraren lider nagusiak, beti-beti hitz egiten eta idazten zuen katalanez, aukera zeukan guztietan; bere burkideekin daukan gutuneria guztia sistematikoki da katalanez, hil ondoren argitaratu zizkioten Oroitzapen mardulak ere (Mémories, Meditacions, Dietari, 1876-1946) katalanez daude, hiru tomoak. Eta hori, gehiena 1936tik aurrera idatzia dela, hots, Francori laguntza ekonomiko oparoa eman ondoren gurutzadak aurrera egin zezan. Ez, benetan, ez gaitezen bide horretatik abiatu, mingarriegi suertatuko zaigu agian konparaketetan hastea ; itzul gaitezen Rodoredarengana.

Rodoredak erbestera jo zuen 1939an eta hantxe bizi izan zen ia-ia diktadorea hil zen arte. Diferentzia politikoak gora behera (katalanen artean ere oso latzak izan omen ziren), katalan guztiek beren hizkuntza eta kulturarekiko zeukaten konpromiso esplizituaren erakusgarria izan omen zen. Liburu hau bera gerraurreko gizarte horren ispilu izateko idatzi omen zuen, baina ispilu hautsia. Izan ere, katalanismo burges horrek erreka jo zuen guztiz gerran eta badirudi gure autorearen asmoa izan dela joandako garai haien erretratua berregitea, 1900-1936 bitartean urrezko aro moduko bat bizi zuen klase sozial baten gomuta gogora ekartzea, ahanzturatik erreskatatzea. Burges katalanak, burges katalanistak.

Nobelan bertan, dena den, erreferentzia politiko zuzenak minimoak dira. Giro soziala da nagusitzen dena, pertsona horien, klase horren, egunerokotasuna. Eta ez dezadan ezkuta, nire begietan liburuaren orrietan barna aurkituko ditugun pertsonaiak, funtsean, inpresentable koadrila bat dira, aberaskume negargarri batzuk, niri, behintzat, antipatia natural bat sortzen dizkidatenak. Nahi nuke pentsatu, gainera, Rodoredak berariaz aukeratzen duela bere koadroa klase sozial horri mugatzea, berez askoz ere interesgarriagoa izan zitekeen katalanismo populista, langile, errepublikano eta anarkiazalea baztertuz (zeren hori ere egon zen Katalunian katalanismo burgesaren alboan), baina edonola ere liburuan ez duzu horrelako ia ezer aurkituko. Aberatsak, beren pribilegioez gozatzen eta beren miseriak ezkutatzen, horra liburuaren hari nagusia.

Azken paragrafo batean itzul gaitezen Rodoredaren estilora. Poza, benetako poza ematen du Antton Olano Irurtiaren euskarazko bertsioa irakurtzea. Poza ematen du ikustea katalanak gai izan diren bezala beren hizkuntzarekin goi-literatura moderno bat sortzeko (liburu hau, adibidez) euskaldunok gai garela hori bera euskara txukun, aberats eta atsegin batean emateko. Euskara batuan. Euskara batua ez baita bakarrik (garai batean oker esaten zen bezala) eskola, komunikabide eta administraziorako, baizik eta baita ere goi-mailako kultura bat behikulatzeko, egungo ezein euskalki garatu ez bezala. Izan ere garrantzitsua izan daiteke, adibidez, liburu honetan euskalki usainik ez egotea. Baina azken baieztapen horrek urrun eramango gintuzke, gera gaitezen hemen.

Eta agian, puntu honetan, Lizardiren poema hura gogoratuz buka dezagun (baina nik, hizkuntza larrekoa, nahi haunat ere noranahikoa…), Lizardi bera garai horretan bizi izan baitzen eta bere ametsa, estrainioki, Rodoredaren bidez ikusi baitu gauzatua. Paradoxak.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude