Bulegoko mahaian aldizkari, liburu eta hainbat dokumentu izan ditut pilatuta egunotan, Inguma datu-basean katalogatzeko zain. Katalogatu aurretik argitaratutakoa “aztertu” egiten dugu: izenburua, edukia, egileak, gai nagusiak eta abar deskribatzeko. Denbora behar izaten dugu erreferentzia bakar bat datu-basean sartzeko, izan ere, dokumentu, liburu eta artikuluen edukia irakurtzen dugu gainetik, zertaz ari diren ezagutzeko. Eta horrek luze jotzen du sarritan.
Zortzi urte dira lan honetan hasi nintzala eta oraindik gogoan dut lehen egunean irizpideak eman zizkidan lankideak esan zidana: “ez dugu lanen kalitatea ebaluatzen, guk produktua deskribatzen dugu.” Horrela izanik ere, artikulu bat deskribatzeko edukia irakurri eta ulertu behar dugu. Baina ni neu ez naiz zientzialaria, ez orojakilea, ikasketez soziologoa naiz eta lanbidez, saltsa ugariko teknikaria.
Komunitate zientifikoaren produkzio zientifikoa, bere baitan (artikulu zientifikoak, ikerketak, doktorego-tesiak) ez da hurbila gizartearentzako eta are gutxiago ulergarria. Esparruko ikertzailea, ikaslea, irakaslea, profesionala ez den nor hurbiltzen da fisikako doktorego-tesi batera? Produkzioa albo batera utzita, dibulgazioari dagokionez, igandero zenbat “7K Zazpika” gehigarriko irakurlek irakurtzen du zientzia atala? Seguru nago ehuneko handiagoa dela horoskopoa irakurtzen duena.
Hainbat faktore daude goian aipatutako egoerak azaltzeko. Lanen ikusgarritasun eza, irakurleen interes falta, komunikazio estrategia kaxkarrak… luze aritu gaitezke horien bueltan. Nire ustez, lan zientifikoak argitaratzea ezinbestekoa da ikertzaileentzat eta horrez gain, dibulgatzea. Jose Manuel López Nicolás ikertzaile, eta dibulgatzaileak adierazten duenarekin bat nator: “Zientzialaria kalera atera behar da zientzia erakustera.” Bai, dibulgazio lanak berebiziko garrantzia du hainbat gauzetarako. Besteak beste, zientziaren erabilera okerrak saihesteko, siniskeri asko baztertzeko eta zientzialariok egiten duten hori ezagutzera emateko, hurbiltzeko gizartera eta ulergarria bihurtzeko.
Ez da lan makala, ez, baina beharrezkoa zokoratua gera ez dadin errepositorio zientifikoetan edota zirkulu murriztuetan. Lanak argitaratzea garrantzitsua da, baita hauek dibulgatzea eta zabaltzea ere. Orokorrean, zientzia komunikazioa erronka bat da zientzialarien artean. Claudia Loaiza Escutia doktoreak tesi bat garatu du gai honen inguruan eta bertan adierazten du “Europako zientzialariek zailtasunak dituztela gizartera eta kazetariengana iristeko”. Zailtasun horien arrazoi nagusiak, besteak beste, dira: babes instituzionalik ez izatea lan hau egiteko, lanean duten presioa jasatea, eta komunikazio arloan prestakuntzarik ez izatea.
Goikoan erreparatuz eta harreman sinple eta erraz bat eginez: zientzialariak kalera atera behar dira zientzia erakustera baina komunikatzeko zailtasunak dituzte. Ingurumari korapilatsua beraz, baina ez konponezina. Iniziatiba pertsonalak eta kolektiboak behar ditugu honi aurre egiteko, beldurrak albo batera utzi eta lanari ekiteko. Eta, horrez gain, ez litzateke gaizki etorriko “marketin” apur bat zientzia komunikazioan eta dibulgazioan. Argitaratzea beharrezkoa da eta zertxobait gehiago ere, “saltzea”: publish and market… or perish.
Ezagutzen ditudan zientzialari eta dibulgatzaile askori ez zaie gustatzen “marketin” hitza. “Gezurra” edo “informazio puztua”rekin identifikatzen baitute. Helburua ez da “ez dena saltzea”, zientzia ikusgarriagoa egitea eta kalera ateratzea baizik. Eta horretarako zientziak “marketina” behar du. Lanak argitaratu, dibulgatu eta “saldu” behar ditugu. Nola?
- Animatu eta kontatu zure istorioa: Juan Ignacio Pérezi entzun nion dibulgatzaileak istorio kontalariak direla. Eta nork kontatuko du istorioa hoberen, landu eta bizi izan duenak baino? Hor dago gakoa, esadazu dakizuna, egin duzuna nik ulertzeko moduan.
- Istorioa edukiz osatu: Egiten duzuna azaldu eta eman adibideak, iritzia, sortu eztabaida…
- Istorioa zabaldu: Idatzi duzula jakinarazi ezazu. Erabili gizarte-sareak. Twitter, Facebook, LinkedIn… Hor zaudela esan, idatzi duzula jakinarazi…
Gure inguruan baditugu adibide onak, zientzia-istorio kontalari bikainak, dakitena kontatzen digutenak. Ekimen pertsonal interesgarriak eta eredugarriak zientzia bere zoko bazterretik ateratzeko.