Espainolen ohorea, orain euskaraz

Atzo arratsaldean erosi nuen iruzkintzera noan liburua, eta irakurtzen oraindik osorik bukatu ez badut ere, uste dut aski dela nire gogora bor-borrean etorri diren zenbait ideia paperean ipintzen saiatzeko. Horra lerro hauen xedea.

Gogoeten erdigunea Espainia da edo, zehazkiago esanda, kultura espainola. Hegoaldeko euskaldun guztiok gutxiasko ondo, edo erdi ondo behintzat, ezagutzen dugun kontua, edo gaia, edo afera, nahi den bezala deitu. Izan ere, euskaltzale askok badugu horrekiko halako lotura konplikatu xamar bat, nola esango nuke, amodio-gorrotozkoa edo, beste modu batean esanda, harreman arriskutsu bat.
Kultura espainola maite dugu, maitasun garbi eta eder batez gehienetan, baina sarritan haren azpian itota sentitzen gara, eta arnasaren bila sutsuki borrokatzeari ekiten diogu, ezker-eskuin zartadak banatuz itsumustuan. Eta orain, ustekabean, litekeen lanik espainolenaren euskarazko bertsioa argitaratu da, Calderónen Bizitza amets. Zer egin? Zer esan?

CALDERÓN DE LA BARCA, P. Bizitza amets, Xabier Payá, itz., Alberdania ; Erein, Igela, 2012, 159 or., Literatura Unibertsala bilduma, 156. zk.

Literatura Unibertsiala, Xabier Payaren itzulpena
Bizitza amets

Agian ez da biderik makurrena ebidentziak aipatzen hastea. Liburu ederra da, bizitzan zehar hainbat aldiz irakurri daitekeen horietakoa. Unibertsalki (irakur bedi Europan bederen), unibertsalki, esaten nuen, klasiko gisa aitortua denez gero, suposatzen zaio balio iraunkor bat, mendez mende bidaiatzen duena eta gai dena kultura, jite eta biziera oso desberdineko gizakiei behin eta berriro transmititzeko eta haien gogoari atxikitzeko. Nire kasuan behintzat, hala da: Segismundoren patua beti egin zait hunkigarria; testuan ageri diren beste kontu batzuk ez horrenbeste, baina Segismundorena bai, bete-betean.

Bestalde, XVII. mendeko lan bat da, Shakespearen, Miltonen, Pascalen edo Molièren garaikidea, hots, gure gizarte eta kultura handi hurbilenetakoen kidea, ahaztu gabe, haatik, gure Axularrek bere liburu ederra argitaratu zuela hain juxtu ere antzezlan hau estreinatu eta zortzi urtera. Edo gure Oihenart bera ere, beste adibide bat jartzearren, Calderón de la Barcaren adinkidea dela, urte gutxiko aldearekin. Giro batean dabiltza guztiok, beraz, kultura berberean nahiago bada, zentzu zabalean esanda, jakina.

Arrazoi sendoak liburuari ekiteko, beraz, XVII. mendeko europar kulturarekiko kuriositatea sentitzen dugun neurria bederen, ahaztu gabe mende hori dela, hain zuzen ere, Espainiko, Frantziako, Ingalaterrako eta Euskal Herriko literaturen urrezko mendea kontsideratu ohi dena.

Baina orain dator akatsa. Alde batera utzita trebatu gabeko jende askorentzat molde horretako literaturak izaten duen astuntasuna, irakurtzekotan gaztelaniaz irakurri behar dela esango dizute berehala. Ingelesekin, tira, gutxi edo zerbait denok dakigun arren, gutxi izango dira gure artean Shakespeare ingelesez irakurtzera adoretuko zaituztenak; frantsesekin berdin antzera, alegia, Hegoaldeko gehienek adin batetik gora beren hizkuntza murduskatzeko gai izaten bagara ere, gutxi animatuko dira Molière frantsesez dastatzera. Baina espainolekin, jakina, Cervantes, Quevedo
edo Calderón euskaraz gozatzeak, Iparraldekoa izan gabe, badu xelebretik zerbait guztiz gehienen iritzian. Agian eszentriko edo extravagante esanda dotoreago geratzen da. Baina azken emaitza, antzekoa. Oso gogor ari ote naiz? Esango nuke ezetz.

Gehitu dezagun, gainera, Calderónek baduela karga berezi bat: ohore espainolaren formulatzaile klasikoa da, hala nola Molière bizkortasun frantsesarena edo Shakespeare zalduntasun ingelesarena. Topikoak, nahi bada, baina harrera zabal-zabala duten topikoak. Dena den, eztabaida XVII. mendean kokatuko bagenu gaia ezin interesgarriagoa da: monarkia absolutuen gorakadaren garaia da eta literatoek gogor lan egiten dute erregea loriatzeko eta balio aristokratikoak gizartearen osotasunari transmititzeko. Aipagai dugun liburua bera horren erakusgarri argia da: ohorea, ondra,
fama, gako-hitzak dira testuan zehar. Baina hitz horiek XVII. mendean zuten balioaz jardutea ez da arazo; afera sortzen da, ordea, XX. mendeko hainbat eta hainbat espainolek kontzeptu horiek beroriek oraindik ere ia-ia bere horretan aintzat hartzen dutenean. Bereziki militarrak izan ohi dira, edo eskuin klerikaleko jende harroa, zenbait idazle, tertuliano eta kazetari tarteko. Euskaltzaleen artean mesfidantza handia sortzen dute, eta Calderóni ekiteko balizko asmoa hastandu. Iritzi lelo horien mirabe izan behar ote dugu guk, ordea?

Ados, esan lezake batek, ulertu dugu mezua, ez dezagun arazorik izan XVII. mendeko autore espainolak irakurtzeko, ez behintzat poloniarrak edo txinatarrak ezagutzeko izango genukeena baino handiagoa. Ez dezagun gauzak bere onetik atera. Baina zergatik euskaraz, gaztelaniaz hain ederki dakigula?

Kasu honetan, behintzat, erantzuna oso argi dago: itzulpen bikaina delako, erabat autonomoa nire uste apalean, jatorrizko testuarekiko balizko gomuta aienarazten duena. Ez da beste ezeren beharrik liburu honi ekiteko. Egia da zenbait pasarte oso ezagunetan, hala nola bigarren ekitaldiko bukaeran Segismundo printzeak egiten duen azken parlamentu zoragarrian (“¿Qué es la vida?”), saihestezina dela askok buruz dakigun hitz haiekin gogoratzea, baina gutxi-gutxitan da halakorik,
nire esperientziaren arabera behintzat. Gehienetan testua aurrera doa, erreka bat bezala, ezeren beharrik gabe.

Ez da nire asmoa Xabier Payáren itzulpen ederra iruzkintzea, beste batzuk egingo dute hobeto. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi badirela han hemenka akats txiki batzuk, zuzendu beharrekoak: nabarmenena nire begietan, 134. orriko konposizio-akatsa. Baina arestian esan bezala, txikikeria batzuk gora-behera, pozik irakurri dudan lana da. Zeren hau izaten da nire oinarrizko juzkua horrelako kasuetan: testu guztiak autonomoak dira, eta ingelesez irakur dezakegun hura, edo frantsesezko beste hori, edo gaztelaniazko hau bera ere, berdin ederrak edo ederragoak izan daitezke euskaraz, ondo itzulita izatekotan. Areago, testu berri baten moduan pasatuko dira gure
espiritura.

Iritzi hori ezaguna da aspaldi gure bazterrotan, noski, beste hau baita ere, baina agian ez horrenbeste: euskal komunitate zientifikoko kideentzat arriskurik handienetakoa kanpo-hizkuntza bakarraren morroi edo neskame izatea da. Horregatik permutazio konstantetan bizitzera kondenatuta gaude, batetik bestera, joanetorrian beti. Joan eta etorrian, ahal dela bizpahiru hizkuntzekin, ez bakarrarekin. Baina baita gaztelaniarekin ere. Bereziki gaztelaniarekin, ziur aski.

Gure kondena hori, ordea, ez da Segismundoren katea, askatasunaren baldintza baizik: bizitza amets bihurtzeko ahalmena da, hizkuntza desberdinetan.

Iruzkinak (4)

  • Fermin Etxegoien says:

    Zelako iruzkin ona, Pruden. Estilo handiz idatzia, hala forman nola edukian.

    (Iruzkin erabat razonablea, bestalde: sarean Espainiari buruz euskaraz idazten da -Zuzeu, Sustatu- monstruo alienigena bat balitz bezala; beste autoengaño patetiko bat).

    Ondo segi!

  • Mila esker, Fermin. Itxoiten egon naiz ea beste inor animatzen zen ezer esatera, baina mila esker esateko behintzat idatzi nahi nizun.

    “Espainia munstro alienigena”-ri buruz, ni ez naiz askorik harritzen, eta ez zait “autoengaño patetiko bat” iruditzen. Hala idazten da sarritan horrelakoa agertzen zaigulako; berdin haiei “Euskadi munstro alienigena”, eta berdin bioi “Israel munstro alienigena”, edo “Iran munstro alienigena” edo “Saudi Arabia munstro alienigena”, eta abar eta abar eta abar.

    Badakizu Nietzschekren ateraldi hura: “Estatu deitzen zaio munstro hotz guztien artean hotzenari” (Honela mintzatu zen Zaratustra, “Jainkoizun berriaz” atala).

    Arazoa ez da Espainia (ezta Euskadi, edo Israel, edo Alemania…), arazoa estatua da, kate motzez lotu beharreko munstroa baita; eta Espainian orandik ez dute asmatu lotzen, eta ez dirudi asmatzeko asmo handirik dagoenik…

    Honelakoa baita goiko aipu osoa: “Estatu deitzen zaio munstro hotz guztien artean hotzenari. Hoztasun osoz esaten du gezurra; eta gezur hau ateratzen zaio ahotik: “Ni, Estatua, naiz herria.” A zer gezurra! ” (ibidem)

  • Fermin Etxegoien says:

    Ui, Pruden, damutzen zait borroka inter-estelarretan sartu izana… Zure iruzkina modurik positiboenean iruzkintzera mugatu behar nuen nire burua, kontxo!

    Idatzi dut autoengaño patetikoarena… ez estatua munstro bat ez delako… izango da… nik zer dakit… baina Espainiari buruz idaztea -gure sarean egiten den moduan- entitate alienigena bat bailitzan… Espainia, diot… bai baitirudi halako ente exojeno bat dela, euskaraz idazten duten guztiekiko… Espainia, diot… Nahiz eta, arren… otso gutxiago, txanogorritxo… horregatik ere gustatu zait-eta, zurea… sarean “mozorrotasuna” nagusi delako… eta jendea saiatzen da “den baino euskaldunago” agertzen… are… twitter erabiltzaileen kasuan… “diren baino azkarrago” agertzen… ezta?

    Ba hori: Espainiarekiko mozorrotasunetik idatzirik ez den iruzkin ederra zurea izanda… gainera halako klasez idatzia… ba plazera hartu dut.. serioa den norbaiten aurrean banengo bezala… eta milesker.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude