ETAren estrategia armatuaren historiaz

Emilio Lopez Adanen azken liburua: ETAren estrategia armatuaren historiaz, Baiona: Maiatz, 2012, 407. or

Argazkia: Gaizka Iroz/Berria

UEUn ezagutu nuen Emilio, duela hogei bat urte. Orduan oraindik Beltza deitzen nuen normalki, baina ordutik aurrera Emilio deitu izan dut sarriago, eta uste dut bi izen horien txandakako erabilerak (batzuetan bata, bestetan bestea, egoeraren arabera) ondo laburbiltzen duela harekiko izan dudan harremana: miresmen intelektuala (baina apur bat urruna) eta poztasun pertsonala (nahiz eta gutxitan trikixatu garen elkarrekin). Uste dut, halaber, hori, edo antzeko zerbait, dela UEUko ikastaroetan beste ehundaka lagunek, neuk bezala, idazle edo intelektual batekin edo bestearekin izan duten esperientzia, hots, kritika akademikoa tratu pertsonalarekin konbinatu ahal izatea. Konbinazio horren adibide egokia denez gero, aitzakia gisa hartuko dut gune honetan bere azken liburuaz ohar pare bat egiteko.

Idazle edo intelektual idatzi izan dut, erabaki ezinik zein den Beltzari dagokion etiketa. Neure irudiko Euskal Herriko intelektual interesgarrienetako bat dugu ororen buru, baina beldur naiz berak ez ote duen errefusatuko titulu hori, alferrikako ponpoxkeria bat bezala. Gizon modestoa baita Emilio, arrandia gutxikoa eta boterearen (edozein botereren) etsai deklaratua, anarkista zahar bati (barka zaharrarena Emilio, baina urteak ez dira alferrik pasatzen) dagokion bezala.

Zeren, zer da gaur eta hemen intelektuala? Boterearen morroi gorazalea? Ala haren kritikari kupidagabea? Edo bien artean igeri dabilen idazlari estilotsua? Beste zerbait, apika? Ez dakit, ez naiz ausartzen erabateko erantzunik ematera. Dakidana da Beltzaren edozein liburu edo artikuluren irakurketak inoiz ez gaituela indiferente utziko, ez tratatzen dituen gaiengatik, ez luzatzen dituen hausnarketengatik. Bi hitzetan laburbil daitezke beti: burutsuak eta ausartak. Ez ote da aski intelektualtzat har dezagun, besterik gabe?

Baina noan harira. Aipagai dugun liburuaren gaia ETA da. Asmoa, haren kritika bat egitea. Helburua, “egin dugunak zentzua ukan dezan” (liburuaren kontrazala). Eta zer da Beltzak egin duena?

Jakina denez, Beltza ETAko kide historikoa da, 70etako hamarkadan (Franco hil aurretik) erakundea utzi zuena. Ordutik aurrera anarkista gisa definitu du bere burua eta mila eta bat borroka txikietan engaiatu da, baina esango nuke Hegoaldean batez ere idazle gisa ezagutzen dugula, alegia, euskal historia eta politikari buruz idatzi dituen liburu eta artikulu ugariengatik. Hain zuzen ere eskuartean dugun liburua 1980 eta 2011 bitartean ETAren gainean idatzitako artikuluen bilduma bat da eta hari garbi bat du: erakunde horren kritika zehatza eta kupidagabea.

Eta orain, iruzkin arrunt baten kasuan behintzat, liburuaren tesi nagusia aipatzeko eta glosatzeko txanda da, baina nire asmoa ez da izan liburuaren iruzkina egitea. Barka beza irakurle bipilak, baina luze, oso luze, joko luke kontuak eta agian hau ez da eztabaida politiko bati ekiteko lekua, zeharka bada ere. Esan dezadan, hori bai, harrigarria dela Beltzak analisi politikorako erakusten duen gaitasuna eta aurreikusmena. Txundigarria haren zenbait analisi eta aurreikuspenen datari erreparatzea. Bihotz erdiragarria ere, gehienetan, galdutako aukeretan gogoa pausatzea. Haren lanak lehendik ezagutzen ez duenak miresmenerako arrazoi bat baino gehiago aurkituko du, dudarik gabe. Eta zer pentsatua franko.

Bai aipatu nahi nuke, aldiz, gune honen ardatz nagusiarekin (euskal komunitate intelektuala) zerikusi zuzena duen beste gai bat, hizkuntzarena. Artikulu gehienak euskaraz daude (55etik 9 baino ez daude gaztelaniaz). Alegia, haren produkzioari begirada orokor bat ematea aski da konturatzeko 1980ra arte Beltzak batez ere gaztelaniaz idatzi bazuen ere, data horretatik aurrera batez ere euskaraz idatzi izan duela. Erabaki pertsonal tinko baten aurrean gaude, beraz. Eta errepara diezaiogun goiko “batez ere” horri ere, hau da, baiezta dezagun berriz ere gaur eta hemen oso zaila dela politikari buruz euskaraz bakarrik idaztea. Baina bai da posible euskarari lehentasun argi bat ematea: Beltzaren kasua eredugarria da zentzu horretan (apunta ezazu, Arnaldo!) eta, gainera, hortaz gain balio du egiaztatzeko (berriz ere!) euskal mundu intelektualari buruz erdaldun askoren artean dagoen irudi topikoa (los que escriben en euskera nunca han criticado a ETA) gezurrezko topiko interesatu bat besterik ez dela.

Zeren euskaraz denetarik idatzi izan da, zorionez. Gutxi, tamalez, baina denetarik. Eta kasu batzuetan (batzuetan bakarrik, jakina) gaztelaniaz idatzi izan dena baino askoz ere interesgarriagoa da, beren ezjakintasunean gerizaturik pozik bizi diren bienpensante asko oraindik enteratu ez badira ere. Eta, barkatu, baina ez noa izenik ematera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude