Martin Orberi, maitasunez

Aurreko urriaren 18an Eibarren UEUren ikasturtearen hasiera ekitaldian izan nintzen, Markeskoan. Jakina denez, ez zen ekitaldi akademiko hutsa, ezkutuan Martin Orberi eskaini beharreko omenaldia prestatuta baitzegoen. Ezkutuan, zeren bera jakinean izanez gero agian ez zuen onartuko, edo hori zen behintzat antolatzaileen beldurra, Martinen estiloa aspalditik ezagutzen baitzuten. Zorionez, dena primeran joan zen eta poztasun unibertsalez ikusi ahal izan genuen sorpresan harrapatu genuela gizona eta, erreakzionatzeko astirik gabe, hantxe geratu behar izan zuela gure txaloak eta Iñaki Irazabalbeitiaren, Gidor Bilbaoren eta Karmele Artetxeren laudoriozko hitzak entzuten. Egun perfektua.

Gauza bat baino gehiago banuke neuk ere esateko, baina utzidazue orain UEUren oraingo zuzendariak, Artetxe andreak, esandako gauza pare bati arreta apur bat jartzen. Ez, ziur asko, beste batzuek aipatutako beste batzuk baino garrantzitsuagoak direlako, baina bai nire barrenean gogoeta bereziak sortarazi dituztelako. Horra.

Martinen estiloa aipatu dut gorago, eta UEUren estiloa aipatu zuen Karmelek, eta nago kasu bietan gauza berberari buruz ari garela, hau da, oinarrizko apaltasun bat, norbere burua talde baten barruan integratuta ikustera daramana eta, ondorioz, norberaren lanak edo lorpen pertsonalak erlatibizatzera, kolektiboaren baitan urtuz. Martinek bere-berea izan du ezaugarri hori beti eta uste dut berari zor diogula, neurri batean bederen, UEUren baitan pertsonalismoak toki txikia izatea gure historian zehar. Alegia, egia da elkartea irudikatzen dugunean beti daudela beren meritu eta garrantziagatik nabarmentzen zaizkigun pertsona konkretu batzuk, baina nago ororen buru irudi kolektibo bat izaten dela pentsakizunaren emaitza beteena. UEU, talde bat, elkarte bat, kolektibo bat, ez bakarrik banako batzuen batura, areago, ez, inola ere ez, lider batzuen segizioa. UEUren estiloaz hitz egitean besteak beste horretaz ari gara.

Nondik datorkio ezaugarri hori Martini? Hara, ez dakit, ziur aski iturri eta azalpen bat baino gehiago izango du. Adibidez, gauza jakina da heziketa tradizionala jaso duten euskaldunak ez direla izaten beren burua nabarmendu zaleak. Hori ote da Martinen kasua? Litekeena da, baina esplikazio orokorregia da, egiazkoa den kasuetan ere (eta denok ezagutzen ditugu makina bat kasu) sarritan betetzen ez dena (eta halako kasuak ere denok aipa ditzakegu mordo bat). Ez, zerbait konkretuagoa beharko genuke, behar izatekotan.

Nire ustez gakoa bere apaiz izatean dago edo, zehatzago esanda, eta Karmelek esan zuena errepikatuz, Vatikano II. Kontzilioaren ildoko apaiza izatean, apaizak ere mota askotakoak baitaude. Eta puntu honetan azalpen txiki bat gaineratu beharko litzateke, bereziki adin batetik behera daudenentzat, alegia, Eliza Katolikoaren kontuak urrunetik, oso urrunetik, aditu dituztenentzat, baldin eta inoiz ezer aditu badute. Aipa dezagun, bada, laburki, zer izan zen Vatikano II.a.

Oker ez banago, Eliza Katolikoak hogei kontzilio egin izan ditu bi mila urteko historian, baina denak ez daude mendez mende berdin banatuta, hau da, azkena Vatikano II.a izan zen (1962-1965), aurrekoa Vatikano I.a (1869-1870) eta hori baino aurrekoagoa Trentokoa (1545-1563). Alegia, Trentoko Kontzilioa egin zenetik Vatikano II.a egin arte 400 urte joan ziren kontziliorik gabe, Vatikano I. alde batera utzita, baina azken hau ez zen oso garrantzitsua izan: Trento da Eliza Katolikoa hurrengo lau mendetan zer izango zen definitu zuena, eta Vatikano I.ak hango ikuspegi elitistenak paroxismoraino azpimarratu baino ez zuen egin. Vatikano II.a da jarrera horri buelta osoa eman nahi izan ziona.

Baina izan gaitezen zehatzagoak. Zer da Eliza? Trentorentzat garbi dago: apaizak dira eliza, hots, klerikoak, apezpikuak bereziki; haiek esaten diote kristau zintzoari zer sinistu eta zer egin behar duen, eta kito. Alegia, goitik behera antolatutako eliza bat, hierarkia klerikal zurrun baten arabera. Vatikano I.ak joera hori gogortu baino ez zuen egin dekretatu zuenean Erromako apezpikua, hots, apezpikuen apezpikua, hutsezina dela, beste hitz batzuekin esanda, fede eta moral kontuetan inoiz ez dela okertzen. Beraz, kristau zintzoak Aita Santuari obeditzeaz gain ez dauka beste funtsezko zereginik Eliza barruan. Eta horrela joan dira gauzak.

Vatikano II. Kontzilioak buelta eman nahi izan zion horri guztiari, “zer da Eliza” galderari beste modu honetan erantzun zionean: Eliza Jainkoaren Herria da. Alegia, ez da hierarkia klerikal bat, herria baizik. Herria. Doktrina horretatik ondorio handiak ateratzen dira. Daitezke, hobeto esanda, zeren beti eta guztiek ez baitituzte ateratzen.

Baina ez zen nire asmoa Elizaren kritika bat zirriborratzea, beste hau esatea baizik: Martin Orbe Vatikano II.aren doktrinarekiko leial jokatzen saiatu den apaiz bat da, alegia, herriari protagonismoa ematen edozein hierarkiaren gainetik. Edozein, berdin da zein. Agian horregatik unibertsitate giroan ere ez du unibertsitate tradizional eta elitistarekiko hurbiltasun handirik sentitu inoiz.

Badakizue, unibertsitatea, eliza laiko hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude