Txillardegiren ekarpena Udako Ikastaroetan aztergai

1973an Donibane Lohizunen Udako Ikastaroak antolatu ziren. Uda hura izan zen Udako Euskal Unibertsitatearen sorrera. Urteen poderioz, uda sasoiko hamabost eguneko ikastaro haiek garapen handia izan dute. Aurten, UEUren 40 urteak ospatzen dira. 40 urte eta 40 ikastaro. Horien artean “Txillardegi testuz testu” izenekoa aurkitzen da.

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi goitizenaz ezagunagoa hizkuntzalari, idazle eta politikaria izan zen. Txillardegi izengoitiaz ezaguna zen arren, Igara, Usako, Harrizkibieta eta Larresoro ezizenak ere erabili izan zituen idazlanetan. Hizkuntzalaritzan, euskara batua sortzearen bultzatzaile nagusietako bat izan zen, eta euskal azentuari buruzko aditu handienetako bat. Literaturan ere berrikuntza nabaria ekarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin. Horrez gain, Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaileetarikoa izan zen eta Udako Euskal Unibertsitateko kide, hasieratik bertatik.

Aurten, Txillardegi zendu da baina gure oroimenean presente jarraitzen du. Udako Euskal Unibertsitateari lehen pausoak ematen lagundu zion. Idazkien aditu honi asko zor zaio, eta bere bizitza guztian egindakoarengatik konpentsatzea zaila samarra da. Hala ere, UEUtik berak jorratutako arlo ezberdinak, testuz testu aztertuz, zor hura kitatzen lagundu nahi dugu “Txillardegi testuz testu” ikastaroaren bidez.

Laura Mintegi idazlea eta EHUko irakaslea, Ander Iturriotz soziologian doktorea, Fito Bornaetxea EHUko irakaslea… izango dira ikastaroa emateaz arduratuko diren irakasleak. Ikastaroa teoriko praktikoa izango da eta helburuak honako hauek: Txillardegiren emaria ikertzea eta zabaltzea; haren ekarpena Soziolinguistikan, Fonetikan, Morfologian,Literaturan, Politikan, Hizkuntzalaritza erkatuan, Dialektologian,Kazetaritza lanetan, Irakasletzan, Gogamenean eta abar aztertzea eta berak idatzitako testuak zuzenean ezagutzea eta haiei buruzko iruzkinak egitea.

Ikastaroa ekainaren 27tik 29ra da eta matrikulatzeko epea maiatzaren 14tik irekita dago baina gutxi falta da ixteko. Lau egun besterik ez, ekainaren 17 bukatzen baita.

Euskal kulturaz eta, bereziki, Txillardegiren ekarpenaz interesatuta bazaude, ez galdu Udako Euskal Unibertsitateak ikastaro honetan parte hartzeko eskaintzen duen aukera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude