Heriotza, tabu zen hitza, orain normaltasunez aipatzen dugu

Aurreko mendeekin konparatuz gaur egun praktikatzen den medikuntza ez du zer ikusirik lehen praktikatzen zenarekin. Teknika berriak eta teknologia berrien agerpenak goitik bera eraldatu dute osasun arloa. Bizi itxaropena 80 urteetan dago gizonezkoen kasuan eta 85 urte inguru emakumeenean. Bizitzen garen urte kopurua igo da eta bizi-kalitatea ere, baina gaixotasunak ekidin ezinak dira eta guztiok mugara heltzen gara, heriotzara. Honetaz gutxitan mintzatzen dugu edo genuen. Gero eta normalagoa da gure artean hitz hau entzutea, zergatik ez? Guztiok pairatuko dugun zerbait baita. Baina zer pasa da eutanasia hitzarekin?

Eutanasia hitza ezezaguna zitzaigun orain dela urte gutxi arte. Javier Bardem aktoreak agertutako “Mar adentro” eta Clint Eastwood zuzendutako “Million dollar baby” pelikuletan gaia ukitu zuten eta polemika berragertu zen.

Gai honetaz aritu da Iñaki Olaizola doktoreak EHUn defendatu duen tesian. Transformaciones en el proceso de morir: la eutanasia, una cuestión de debate en la sociedad vasca (Hiltzeko prozesuaren eraldaketak: eutanasia eztabaidagai euskal gizartean) da Olaizolaren lana. Bertan, eutanasiaren eta hiltzeko prozesuaren inguruan euskal gizarteak zer sentipen dituen aztertu du eta 70eko hamarkadatik hona nola aldatu diren. Horretarako, besteak beste, askotariko jendea elkarrizketatu du, eta gaizki hiltzeko beldur hori orokorra dela ikusi du. “Heriotza-prozesua guztioi dagokigu; ez da espezialisten kontua, eta, batez ere, ez da medikuen kontua. Medikua beharrezkoa da behin erabaki batzuk hartu direnean, baina hausnarketa, eztabaida, bizitzak zer balio daukan, haren zentzua… hori ez da medikuen eginbeharra, guztiona baizik”, azaldu du EHUko unibertsitateari eskainitako elkarrizketa batean.

Olaizolak adierazi du kultura-aldaketek baldintzatu dutela gehiago heriotzaren pertzepzioan izan den bilakaera. “Gogoetazko indibidualizazioa” aipatu du aldaketa horren erakusle. Hau da, gure osasuna gure ardura da. Eta era berean, gure osasunak ez du zertan besteen ardura izan: “Ez zaintzeko eskubidea sortu da. Esaten da pertsonek, eta batez ere emakumeek, ez dutela gaixoaren zainketa muturreraino eraman behar, pertsonak direla eta bizi egin behar dutela”. Legeek ere jasotzen dute kultura-aldaketa hori. Esaterako, Norberaren Autonomia Sustatzeko Espainiako Legeak (2002): “Norbera da bere prozesuaren jabe, medikuntza-sistema ez dago zu zaintzera baimenduta, zuk nahi ez baduzu. Kultura-aldaketa ikaragarria da: orain pertsona bakoitzaren autonomia da printzipio nagusia. Eta aurretiazko borondateak zehazteko aukera izatea ere bada beste lege-aldaketa garrantzitsu bat. Zuk hor azaldu dezakezu, adibidez, une batetik aurrera ez duzula bizi nahi”.

Pixkanaka pixkanaka berezkoa zaigun erabakia hartzeko aukera lortzen ari gara. Tabu ziren hitzak edo pentsamenduak orain normaltzat hartzen dira. Publikoa ireki da eta Iñaki Olaizolak animatu da honen inguruan tesi bat egitera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude