Inkisizioaz

Hego Euskal Herriko euskaldun orok ia obligazioa du bizitzan zehar
noizbait, gutxienez behin, Inkisizioari buruz hausnarketa txiki bat
egitea
. Bi arrazoi daude horretarako: batetik, gure Historia moderno
guztia Espainiako erresumaren barruan garatu da eta Espainia, denok
dakigunez, Inkisizioaren herria da klasikoki
; bestetik, salbuespenak
salbuespen (XVI-XVII. mendeko Nafarroa, adibidez) historikoki oso
pozik sentitu gara Inkisizioarekin edo, beste modu batean esanda,
eroso, pozik eta gustura sentitu izan gara Espainian Inkisizioa
erakunde berezi gisa existitu zen bitartean
. Areago, nekez aurki
daiteke Inkisizioaren kontrako euskaldunik ia XIX. mendera arte, eta
gero ere mende batez gutxienez euskaldun segitu nahi zuten
euskaldunek (hots, progresista ez
zirenak, oro har) begi onez ikusten zuten, Inkisizioarekin edo gabe,
Eliza Katolikoari botere handi bat aitortzea, ez soilik espirituala,
baita politikoa ere. Orokorkeria bat esan dut, nahi baduzue, baina
oro har egiazkoa den orokorkeria.

Baina zer da benetan Inkisizioa?


Egunotan XVI. mendeko kontuez diharduen liburu bat irakurtzen nabil:
Clive Griffin,
Oficiales de imprenta, herejía e
Inquisición en la España del siglo XVI,
Ollero
y Ramos, 2009. Zehatz-mehatz kontatzen du orduko inprimategietako
ofizial batzuek 1560ko hamarkadan (gutxi gora-behera) Inkisizioarekin
izan zuten harremana, epaiketa eta, hainbat kasutan, exekuzio
publikoa sutean erreta. Detaile batzuk izugarriak dira, bihotza
ikaraka jartzeko modukoak. Ez nabil torturaren erabilera
sistematikoaz, hori ere badago, baina aipagarriagoa egiten zait
auziperatuen erabateko indefentsioa, beldur etengabe mugagabea,
hilabeteak eta hilabeteak kartzelan isolaturik, galdeketak pairatzen,
guztiz ezjakinean akusazioez eta salatzaileez
.

Zeren, zertaz akusatzen zituzten? Horra terribleena: akusazioa
bakarra zen funtsean: katoliko ona ez izatea. Prozesua, berez,
akusazio hori frogatuko zuten zantzuak (frogak esatea gehiegi
litzateke) jasotzera mugatzen zen: zer pentsatzen duzu honetaz? Inoiz
aipatu izan duzu Aita Santua, Ama Birjina, santuak, sakramentuak…
beharrezko errespetua erakutsi gabe? Berdin da duela zortzi urte izan
bada ere, eta behin bakarrik. Inoiz egon ote zara protestanteen
bilkura batean? Berdin dio duela hamar urte izan bada ere, eta beste
erresuma batean, non eliza bera erabiltzen zuten txandaka katoliko
eta protestanteek, beraien arteko mugak oso lausoak zirelarik
askotan. Geuk badakigu ez zarela katoliko ona, heretikoa zarela
funtsean, finean ez zara espainola, frantsesa zara, protestantea.
Horra salaketa eta epaiketa gehienen muina, xenofobia hutsa. Ez zara
espainola.

Zeren, aurrez esan ez badut ere,
liburu horretan aipatzen diren kasu guztiak frantses (inoiz
flandriar) inprimatzaile
heretikoen kasuak
dira. Askok nekez egiten zuten gaztelaniaz edo katalanez, batzuk ia
batere ez.

Ez zara gure artaldekoa, horra Inkisizioaren funtzio sozialaren
indargune bat.
Elementu iraunkorra bihurtu da Espainiako kultura eta
mentalitatean eta, ondorioz, baita Hegoaldeko euskaldunen artean ere.
Nekez onartzen dugu pluralismoa. Eta pluralismoa ona da (diote Wilhem
von Humboldtek edo John Stuart Millek).

Post scriptum:

“Orrialde hauetan azalduriko argudio bakoitzak zuzenean erakusten
digun printzipio nagusia, printzipio gailena, giza garapenak bere
dibertsitate aberatsenean daukan garrantzi erabateko eta funtsezkoa
da”

Wilhem von Humboldt

Gobernuaren eremua eta eginbeharrak

John Stuar Millek On
Liberty
(1859) liburuaren
hasieran aipatua

[Askatasunaz, Bilbo:
Klasikoak, 2004, 28. or.; itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude