Txillardegi, gizon jakintsua bezain hurbila eta apala

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, 1982an ezagutu nuen UEUko Udako Ikastaroetan. Berak ordurako ibilbide luzea egina zuen UEUn, Mikel Aizpuruk Udako Euskal Unibertsitatea euskal kulturgintzan hasierako urteak 1973-1984 liburuan erakusten digun bezala.

1983an legeztatu zen UEU eta bera, beste hainbat lagunekin batera, Batzorde Iraunkorreko kide izan zen. Hizkuntzalaritza saileko sailburu ere izan zen luzaroan, oker ez banago 1978tik 1990ra eta berak arlo horretan egindako egindako lana oso oparoa izan da.

Lagun-giroa ere asko maite zuen Txillardegik eta solasaldi ugari egiteko parada izan genuen UEUko Udako Ikastaroetan parte hartu genuenok, bertako hamabostaldi intentsuak bezain mamitsuak baitziren.

UEUn egindako lan nekaezina aitortu nahian, UEUk ohorezko kide izendatu zuen Txillardegi 1999. urteko uztailaren 20an, Iruñeko Larraona Ikastetxean egindako omenaldi xumean. Bertan UEUko hainbat kidek berak idatzitako liburuetatik pasarte batzuk irakurri zituzten. Omenaldirako, Koldo Izagirrek idatzitako testua “Txillardegi, toponimo hilezkor bat gure geografian”. UEUk argitaratutako Txillardegi lagun-giroan aurki dezakezue.Omenaldiaren ondoren ere bidelagun izan dugu Txillardegi UEUn, bai hizkuntzalaritza sailean eta baita UEUren gainontzeko lan-ildoetan ere.

Ohore bat izan da niretzat Txillardegi ezagutu eta elkarlanean aritzeko aukera izatea, gizon jakintsua, maisua baina aldi berean hurbila eta apala.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude