Gandhi eta euskaldunak (II): hizkuntza

Aurreko atalean
ikusi dugu Gandhiren gaztaroa identitate dema baten barruan garatzen
dela: gizartearen eskaileran gora egin nahirik nortasun britainiar
bat bereganatzen saiatzen da
, bere indiar nortasun tradizionala
neurri batean ukatuz. Ikusi dugu ere bere hainbat herrikidek ez
bezala inoiz ez ziola erabateko ukorik egin bere jatorrizko
identitateari, baina pozik jaso zituela Europako eraginak. Gero,
lan-aukera baten kariaz Hego Afrikara jotzen du eta borroka
politikoari ekiten dio, handik hamarkada pare batera Indian segituko
duena independentzia eskuratu arte. Bide berri horretan bere nortasun
tradizionala berreskuratzeari ekingo dio, urratsez urrats, hamarkada
batzuren buruan Ingalaterrarekin guztiz apurtu arte maila guztietan.
Aski da haren azken aldiko janzkera gogoratzea ezagunak egiten
zaizkigun argazki guztietan.

Hego Afrika da
Gandhiren pentsaera helduaren zinezko sorlekua
. Han gizarte guztiz
berri baten aurrean suertatzen da: indiarrak gutxiengo zapaldu bat
dira sakonki arrazista den gizarte batean eta, aldi berean, beraien
artean guztiz zatituta daude; halaber, gehienak pobreak eta ezjakinak
dira, zikinak, axolagabeak. Testuinguru horretan esan daiteke Gandhi
zerotik abiatzen dela. Horrela, zapalkuntza gorriari aurre egiteko
asmoz
, handik oso gutxira partidu politiko bat sortzea erabakitzen
du
: Natalgo Indiar Kongresua (Natal Hego Afrikako eskualde bat da).
Kuriosoa da, 1894an sortu zuen, hots, ia-ia Sabino Aranak EAJ sortu
zuen urte berean (1895). Interesgarria litzateke Gandhi eta Aranaren
arteko ezaugarri batzuk erkatzea, baina urrunegi joango ginateke.
Gera gaitezen gertuago, hots, abertzaletasunak eta identitateak bat
egiten duten esparru horretan, hizkuntzan
.

Gandhi
abertzale bat zen, goitik beherakoa, tipikoa eta topikoa
. Esango nuke
haurtzarotik bertatik zela abertzale, baina Hego Afrikan hartu zuen
horren kontzientzia, alegia, hantxe ikusi zuen bere begiekin India
osotik etorritako indiarrak, beraien artean zatituak baina era berean
zapalduak. Erremedioa, Gandhiren begietan, bikoitza zen:

  • Batetik,
    beren arteko batasuna bultzatea, hots, haiei ulertaraztea denak
    direla aberri bakar bateko umeak

    eta bat eginda egon behar dutela.

  • Bestetik, beren identitate
    nazionalari uko ez egiten erakustea
    , bereziki, beren hizkuntzei eta
    erlijioei eustea
    .

Azken oharrak azalpen osagarri bat behar du: Indian hainbat erlijio
desberdin dago eta askotariko hizkuntzak hitz egiten dira. Hori oso
garrantzitsua zen Gandhirentzat: behin eta berriro azpimarratzen du
zein garrantzitsua den bakoitzak bere hizkuntzari eta erlijioari
eustea, hots, zein bere hizkuntzan alfabetatzea eta bere erlijioa
praktikatzea. Baina, aldi berean, indiar guztiak saiatu behar dira
beste erlijioak ezagutzen eta beste hizkuntzak ikasten, neurri batean
behintzat. Finean, denak dira indiarrak, hots, aberkideak, hori da
sakoneko mezua. Baina bada abertzale tipiko batengan aurkitu ohi den
beste ezaugarri bat ere
: bere aberkideekiko oso kritikoa da, min
handia ematen dio haien arteko liskarrak
, utzikeriak, ezjakintasunak,
zikinkeriak
(bai, behin eta berriro bereziki aipatzen du zikinkeria).
Ondorioz, zapalkuntzaren aurkako borrokari ekitea herriaren kultura
eta gizalegea igotzeko aukera gisa ikusten du, alegia, mugimenduaren
helburua ez da soilik politikoa, baita kulturala ere, hitzaren
zentzurik zabalean. Nahi bada, zentzu moralean ere.

Hizkuntzari
dagokionez Gandhi erradikala da
: behin eta berriro ikusiko diogu bere
ama hizkuntza, gujaratera, hizpidera ekartzen haren erabilera
defenditzeko. Era berean, Indiako beste hizkuntza nagusiak, hindia,
urdua, tamilera, teluguera… ikasten saiatuko da eta, dakien
neurrian, praktikatzen eta beste batzuei erakusten. Gujaratera bere
etxeko hizkuntza da eta uko egingo dio bere umeak eskolara
bidaltzeari besteak beste onartezina zaiolako ama hizkuntzan ez
irakastea. Noski, ez dago ingelesaren aurka eta bere umeak ingelesez
ere ikasiko dute (besteak beste beti izan zituen lagun ingeles
ugariekiko kontaktuaren bidez), baina argi du gujaratera dela bere
lehen hizkuntza eta guztiz erradikala da horretan
. Eta hori gertatzen
da testuinguru batean non denek
aholkatzen
zioten umeei
goi
heziketa
bat
ematea, alegia, ingelesez. Hori zen hain juxtu ere Indiako elite
intelektual eta ekonomikoen jokaera, beren umeak ingelesez hezitzea.
Gandhi horren antipodetan egongo da.

Egia esan, garbi dago Gandhi ez dagoela ingelesaren aurka, baina oso
mingarria zaio bere herrikideei ingelesez mintzatzen entzutea.
Umiliaziotzat hartzen du, Indiaren menpekotasun gorriaren
erakusgarritzat. Zehaz dezagun: Gandhirentzat arazoa ez da
ingelesekin ingelesez hitz egitea, baizik eta indiarrei beraien
artean ingelesez entzutea
, hots, beraien indiartasunez lotsatzen
direla frogatzea
.

Adibidez, 1901ean, artean batere ezaguna ez denean,
Indiara itzultzen da aldi baterako eta Indiako Kongresuaren
batzarrean parte hartzen du; bere inpresioa guztiz negatiboa da,
penagarria, bi ohar nabarmentzen dituelarik bereziki: bazter
guztietan ikusten den zikinkeria neurrigabea (detaile nazkagarriak
ematen ditu) eta ingelesa izatea kongresukideek, hots, Indiako elite
politiko abertzaleek, darabilten hizkuntza bakarra, sistematikoki. Bi
ezaugarriok, zikinkeria eta ingelesaren erabilera, bat egiten dute
bere espirituan aberriaren egoera penagarriaren erakusgarritzat.

Dena den, Gandhiren baitan badago erabaki erradikalentzako unerik eta
baita ere pragmatismorako unerik ere. Aipa ditzagun adibide pare bat.
Horrela, 1915ean Indiara itzultzen denean, ordurako lider politiko
ezaguna delarik, protesta publikoa egiten du bere omenez antolatu den
ekitaldian hitzaldi denak ingelesez izan direlako: berau da eskerrak
emateko orduan gujaratera erabiltzen duen lehena, ez beldurrik gabe
hala ere (294. or.). Kuriosoa da, ekitaldi politiko abertzale batean
berau, Hego Afrikatik datorrelarik, da bertako hizkuntza erabiltzen
duen bakarra, baina adi, ez dago ingelesik aurrean, denak indiar
abertzaleak dira… eta beldurrez dago txartzat hartuko ote duten
gujarateraz hitz egitea! Handik hiru urtera Indiako erregeordeak
gonbidatzen du ekitaldi publiko solemne batean parte hartzera,
gobernua sustatzen ari den errekrutamendu-kanpainaren alde ager
dadin; Gandhik hindiz hitz egiteko baimena eskatzen du; erantzuten
zaio bietan hitz egin dezakeela, hindiz eta ingelesez; finean,
Gandhik esaldi bakarra esaten du, hindieraz; lehen aldia omen da inor
ausartu zela erregeordearen aurrean hindiz, eta hindiz bakarrik, hitz
egitera, ekitaldi publiko batean gainera (344. or.). Ekintza sonatua
izan zen. Gogora dezagun urte horietan gutxi gorabehera beste
horrenbeste gertatu zela gure artean: Eusko Ikaskuntzaren III.
Kongresuan, Gernikan, 1922an, Julian Elortza Gipuzkoako Aldun
Nagusiaren ahotik lehen aldiz entzun zuen euskara Alfontso XIII.
erregeak. Orduan ere zeresan ugari sortu zuen ekimenak.

Izan
ere, galde daiteke ea zein zen herriaren hizkuntza (gujaratera,
hindia, urdua, tamila…) erabiltzeko benetako oztopoa: ingelesen
menperakuntza ala elite abertzalearen utzikeria? Musika hori ezaguna
zaigu euskaldunoi, baina orain ez gara luzatuko azalpenetan. Garbi
gera bedi, hori bai, zein zen Gandhiren jarrera, adibidez aipu
honetan ikusten dena: “Me convertí en presidente de Shaba
Satyagraha [elkarte abertzale bat] y comprendí muy pronto que eran
muy remotas las posibilidades de llegar a un acuerdo con la
intelekctualidad que componía nuestra organización. Mi
insistencia en el uso del gujaratí,
como
también algunos de mis otros métodos de trabajo, que les resultaban
demasiado peculiares, provocaron no poca preocupación entre ellos”
(354. or.). Baina argi dago Gandhik herriaren hizkuntza erabiltzen
zuen bakoitzean, oso ondo hitz egiten ez bazuen ere, harrera ezin
hobea lortzen zuela oinarriko militanteen eta herritarren artean
: “No
estaba allí para pronunciar un discurso en el perfecto y pulido
urdu
de los musulmanes de Delhi, sino para expresar mis puntos de vista en
el basto
hindí al
que yo podía recurrir. Y en eso me acompañó el éxito Esta
conferencia me suministró la clara evidencia de que únicamente el
hindí-urdu
puede llegar a convertirse en la lingua franca de la India. Si
hubiera hablado en inglés, no hubiera impresionado en la forma en
que lo hice…” (371-372. or.).

Ez
da nire asmoa izan Gandhi esplikatzea.
Bi artikulu hauetan printza txiki batzuk baino ez ditut aipatu nahi
izan, gure artean gutxitan aipatzen direnak baina, nire ustez,
euskaldunontzat garrantzia berezia dutenak. Nagusia hauxe da:
Gandhiren kezken artean identitatea zegoen eta horren barruan
garrantzi handia ematen zion herri-hizkuntzen erabilerari
. Beste hau
ere, apika: ez letorke txarto Indiako historiari eta esperientziari
begiratu bat eskaintzea. Ea nor animatzen den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude