DSpace: Biltegi digitalak kudeatzeko softwarea

Azken asteotan Euskal Herrian DSpace softwareaz garatu diren hiru egitasmo ezagutu ditugu: Eusko Jaurlaritzaren Liburuklik, Sancho El Sabioren Euskal Memoria Digitala eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Academica-e.


DSpace kode irekiko softwarea da, datuen sarbide irekiko Open Archive Initiative (OAI) kokatzen da eta biltegi digitalen kudeaketarako sortu da.

Softwarea MIT eta HPk garatu zuten eta 2002. urtetik aurrera erabiltzaileen esku dago bakoitzak bere beharretara moldatzeko. Bere ezaugarri nagusiak hauek dira:

  • Eduki digitalak gorde, katalogatu, kudeatu eta sareratzeko aukera anitzak ematen ditu.
  • Hainbat formatutako dokumentuak biltzeko aukera: testuak, irudiak, audioak, bideoak, ikerketa datuak, erreferentziak eta bestelako formatuak onartzen ditu.
  • Datuak item moduan antolatzen dira, itemak bilduma baten zati dira eta bildumak komunitate baten kokatzen dira.
  • Biltegiak euren artean datuak elkartrukatzeko eta erregistroak deskribatzeko dauden nazioarteko protokolo eta estandarrak betetzen ditu.
  • BSD lizentziapean banatzen da.

Gutxi gorabehera, 1200 erakundek DSpace erabiliz landu dituzten euren biltegi digitalak. Horietatik, 820 hezkuntzan dihardute, batez ere unibertsitate mailan. Adibidez, Kataluniako unibertsitate eta erakundeetan oso erabilia da. Besteak beste:  UOC, Universitat de Lleida, Universitat de Girona, Materials Docents en Xarxa edota Tesis Doctorals en Xarxa DSpace-rekin eginak daude. Izan ere, Espainian software honekin garatutako egitasmoen %35a Kataluniakoak dira, Euskal Herrikoak %5,6 bakarrik.

Duda barik, aukera ona baliabide digitalak kudeatzeko. Agian egunen baten, Inguma ere honako softwareaz berritu ahal izango dugu. Nork jakin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude