Euskaraz idaztea

Duela
egun batzuk gertatu zitzaidan, lagun batekin hizketan: aldizkari
akademiko batean atera berri zuen artikulu bat, bere ustez txit
garrantzitsua, inork aipatzen ez ziona ezertarako ere ez… eta
gaineratu zuen: “Pruden, hemen inork ez du ezer irakurtzen”. Baietz
esan nion.

Eta,
izatez, hala da ziur aski. Handik gutxira euskal liburudenda ezagun
batean ordu bete pasatu nuen, liburuei begira. A ze betekada!
Liburuak eta liburuak eta liburuak… inoiz baino gehiago
argitaratzen da eta, orain, gaztelaniaz edo euskaraz argitaratzen
denari, frantsesezkoa eta ingelesezkoa gehitu behar diogu
. Egunak ez
du ordurik horrelako lanari ekiteko, ezta urteak egunik ere. Ezer
erosi gabe atera nintzen, aseta, etxean irakurri gabe ditudan
liburuetan pentsatuz.

Eta
zer esan internet bidez zabaldu zaigun munduari buruz? Lehen blogak
ziren, gero twitter eta enparauak, baina horietatik ere blogetara
igortzen zaituzte, eta mila eta bat ez, miloi eta bat leku
interesgarrietara… Gero eta sarriago ordenagailua itzali eta
hausnarrean hasten naiz (adi, hausnarrean esan dut, ez
hausnarketan!). Mundu internetikoaren gehiegia.

Eta
ikerketa unibertsitarioaz, zer esan? Argitaletxe akademikoen katalogoak
ikusmiratzen ditut, liburudenda espezializatuen mezuak, zerrendak,
laburpenak… biblioteketako alarmak
zoramena izaten da, zinez deprimentea. Zergatik idatzi behar dute horrenbeste adituek?
Ez ote dira konturatzen kasurik gehienetan errepikatzen ari direla,
behin eta berriro, duela hogeita hamar urte gaztaroko lehen ikerketa
gordin hartan esandakoak? Agian hobeto gatzozpinduak
baina onenean bakarrik, sarritan hori ere ez.

Baina,
eta horretara noa, euskaltzalea bazara, euskal mundu intelektual bat
eraiki nahi baduzu
zuretzat eta zure modukoentzat, ezinbestekoa da
euskal
produkzioa bultzatzea.

Idatz dadila euskaraz, denetarik. Edo, hobe, idatz dezatela, zenbat
eta gehiagok hobe, zenbat eta gehiago, hobe. Hori da bidea, ezta?

Ni, jakina, iritzi horretakoa izaten naiz egunik
gehienetan eta egunaren ordurik gehienetan. Bakarrik batzuetan,
tenore hits batzuetan, bukatzen zait kemena, eta artikulu hasieran
aipatu dudan galdera horietako bat aditurik, ezerezaren itsasoan
galtzen naiz, urpean ondoratuta bezala. Eta jada ez dakit zer esan.

Arazoa, jakina, ez da euskaraz gehiago edo gutxiago
argitaratzea
. Beste hizkuntza guztietan, noski, berdin da. Arazoa da
euskaraz askoz ere txikiagoa dela disimulatzeko aukera, alegia, inork
ez duela irakurtzen zeuk idatzitakoa
… gaztelaniaz edo, oraindik
hobe, ingelesez ari bazara, errazagoa da zure burua engainatzea
pentsatuz norbaitek nonbaiten, noizbait, irakurriko duela. Jakina,
normalean, gehienetan, gezur hutsa da.

Horregatik, hain zuzen ere, gero eta gehiago gustatzen
zait euskaraz idaztea
, normalean gutxi idazten badut ere. Badakit
norentzat ari naizen
eta ez dut nire burua engainatzen. Pozgarria
izaten da niretzat gutxi batzuentzat aritzea, geure mundu txikia
elikatzea.

Gordin esanda, neu ez naiz espainola, ezta ere munduko
hiritarra. Zer egingo diot.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude