Aniztasuna

p { margin-bottom: 0.21cm; }

Aurreko larunbatean UEUk Iruñean
antolatutako ikastaro batean parte hartu nuen, gaia, Nafarroaren
Konkista
. Alderdi guztietatik begiratuta itzel ondo atera zela uste
dut: jende ugari (70 bat lagun), hitzaldi interesgarriak eta
eztabaida-giro beroa, baina errespetuzkoa eta jatorra. Hortaz gain,
parte hartzaileen arteko aniztasuna izan zen azpimarratzeko moduko
beste kontu bat, alegia, gazte unibertsitari itxurako lagun ugari
ikusi nuen
, baita jubilatuen adineko hainbat ere, eta orobat bi
muturren arteko jendea, hots, denetarik, bai emakumezko, bai
gizonezko
, talde berezirik nabarmendu gabe.

Aniztasuna! Gauza ederra da, zinez,
UEUk partaide anitz eta askotarikoak erakartzeko gai dela ikustea!
Baina mundua ez da beti jai eta euskaldunon aniztasunak, tamalez,
bere mugak izaten ditu sarri.

Lehenengo eta behin, ideologiari
dagokionez nabarmena da euskarazko ikastaro batera euskaldunak
besterik ez direla agertzen
eta, noski (edo ez-noski), guztiz
gehienak ideologia aldetik abertzaleak izaten dira (gehiago edo
gutxiago, ezkerreko edo ez hain ezkerreko). Honaino, konstatazio
hutsen eremuan mugitzen gara, baina galde daiteke hori ona ala txarra
ote den. Galdetu, besterik ez. Neuk ez dakit erantzuna, baina topikoa
izan da esatea euskara ideologia politiko zehatz batekin lotzea
kaltegarria dela berez. Neure iritzia gehituta, ez dakit “berez”
kaltegarria ote den, baina gaur eta hemen, hala da, argi eta garbi.
Beraz, nire ustez poztu egin beharko ginateke ikastaro horietara
inoiz lagun espainolistak (adibidez) agertuko balira, eta deitoratu
orain arte agertu ez izana.

Baina, bigarrenik, ba ote dago batere
aukera errealik etorkizun hurbil batean halakorik gertatzeko? Esango
nuke oro har ezetz, bereziki Iruñerria bezalako eskualdetan (ez hor
bakarrik, baina hortxe izan zen ikastaroa eta hortik aipamena).
Tamalez, esango nuke hor ia ez dagoela euskaldun “naturalik”,
alegia, euskaraz naturaltasunez bizi den lagunik. Aitzitik,
euskarazko ikastaro unibertsitari batera apuntatzen dena “euskaraz
bizi nahi duena” izaten da eta hori, gehienetan, abertzalea izaten
da (gehiago edo gutxiago). Euskaraz jakin arren euskaraz bizitzeko
interesik ez duena ez da horrelako ikastaroetara etortzen. Nire uste
apalean hau faktu hutsa da une honetan.

Hala ere, bada salbuespenik, adibidez
(eta agian nabarmenena) gazte unibertsitarien artean. Horietako askok
euskara eskolan ikasi dute baina ez dute ahalegin berezirik erakusten
euskaraz bizitzeko
. Orobat, esango nuke abertzaletasunak ere ez duela
eragin handirik haiengan. Eta, ondorioz, horrelako lagunak agertzen
direnean beraien artean erdaraz mintzatzen dira enbarazurik gabe.
Alegia, motibazio utilitarista baten eraginez etortzen dira, eta
kitto.

Eta orain pausa dezagun galdera
berriro: mota horretako aniztasuna desiragarria da gure ikastaroetan?
Zeren eta hori da, egiazki, etorkizun hurbilean izan dezakegun
aniztasunik errealena. Eta erantzuna, nire kasuan, argi eta garbi da
baietz.

Bi arrazoi dauzkat horrela pentsatzeko.
Batetik, horrelako jendea etortzeak argi eta garbi erakustean duelako
euskara zabaltzen ari dela gizartean
, aurrera egiten ari dela sektore
desberdinetan. Eta bestetik, askoz ere okerragoa litzatekeelako UEU
jende multzo txikia eta trinkoa izatea, zabala eta ez hain koherentea
izatea baino
.

Baina hala ere, buruak goiko bi
arrazoiak diktatzen badizkit ere, nire bihotzak ezetz dio, nire
bihotz ttikia eta tristea ttikitu eta tristetu egiten da gure
ikastaroetan erdara aditzean
, eta aldarrika esaten dit benetan
tristea dela euskaraz inon bizi ezin izatea, ezta UEUko ikastaroetan
ere.

Horregatik diogu, hain juxtu ere,
euskara hizkuntza minorizatua dela eta, beraz, zapaldua. Zeren eta
denok naturaltasun osoz euskaraz mintzatzen garen egunean ez da
inongo arrazoirik egongo euskara zapalduta dagoela esateko
.

Urrun dago egun hori, tamalez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude