Gerardo Luzuriagarekin izandako elkarrizketaren bigarren zatia dakargu. Oraingoan, Joana Albret Mintegia eta Euskadiko Liburutegi Nazionalaren inguruan arituko gara solasean.
Joana Albret Mintegiaren proiektuan murgildua zaude, kontatuko zeniguke zertan datzan proiektuak? Eta zein da gaur egun Mintegiaren zeregin edota erronka nagusia?
Egia esateko oso txarra naiz datak gogoratzeko. Taldearen sortzailetariko bat izan arren, konkretuki ez dakit noiz izan zen. Baliteke 1997. urtean izatea. Gogoan daukat nola eduki genituen lehendabiziko bilerak, 20 bat liburuzainen artean (Jose Luis, Xhan, Agurtzane, Pruden, Imanol…) Donostiako Koldo Mitxelena liburutegiko gela batean biltzen ginen Euskal Herri osoko liburuzainak (Iparraldekoak, Nafarroakoak, Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoak).
Kezka eta helburu nagusia liburutegietan euskararen erabilera bultzatzea izan zen. Liburuzainak euskaldunak izan arren ohitura dela eta, euskarak oso presentzia eskasa baitzuen.
Hori liburuzainen esku izanda erraz lortu dugu. Eusko Jaurlaritzaren eskuan zeudenetan, berriz, oso aurrerapen eskasak eduki ditugulakoan nago.
Urte luze hauetan taldeak gorabehera handiak eduki ditu, sasoi batzuetan biziki salatu dugu Administrazioaren jarrera, bilerak oso bero eta biziak tokatu zitzaizkigun bizitzea. Beste une batzuetan, ordea, lasaiago bizi izan gara, oraingoak lekuko.
Joana Albreten helburua eta obsesioa euskara liburutegietan bultzatzea izan da. Hori lortuta edo behintzat ondo bideratuta utzita, dokumentazioari buruzko lan batzuk jorratu ditugu, besteak beste, katalogatzeko oinarrizko terminologia, Euskadiko liburu eta liburutegi zerbitzuaren web gunearen azterketa eta aldarrikapen batzuei aurre egin diegu.
Hasieratik, Euskal Herriko sistema bibliotekarioaren aldaketa proposatu dugu behin eta berriro. Hori izan da eta jarraitzen du izaten gure erronka. Egun, aitzitik, taldea desmotibatu samar badabil ere, taldearen filosofiak indarrean jarraitzen du. Korreozko zerrenda pribatuaren bitartez eguneroko gorabeherak jarraitzen baitugu; eta Joana Albreten bloga egunean mantentzen baitugu, Euskal Herriko dokumentazioari buruzko erreferentzia izan dadin.
Baina Gerardo, euskal gizartean bada galdera garrantzitsu bat, noizko Euskadiko liburutegia? Izan ere, 2010eko maiatzetik erakundeak abian egon behar baitzuen eta oso garrantzitsua baita, Euskal Herrian sistema bibliotekario bat antolatzea?
Euskadiko Liburutegia sortzear dago. Ziur nago edozein egunetan Euskadi irratiko goizeko irratsaioak horren gaineko berriarekin irekiko duela: Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Liburutegia sortu du. Sortzeak ez nau kezkatzen, agintariek ez daukate beste erremediorik, duela 4 urte indarrean jarri genuen Euskadiko Liburutegiari buruzko 11/2007 Legeak agintzen duelako. Lege hori egiten parte hartu genuen batzuek, ahaleginak egin genituen idatzitakoa errealitate bihur zedin, eta lege berri honekin Euskal Kulturaren Ondarearen 7/1990 Legearekin gertatu zena ez gertatzea. Horregatik, artikulu batean, Euskadiko Liburutegiaren erakundearen sormenari epe jakin bat jartzea lortu genuen. Epea, dena den, 2010eko maiatzean bete da.
Kezkatzen nauena da, ea zein motatako liburutegia sortuko duten. Euskadiko Liburutegiari dagokionez, ez dago inongo mugimendurik, hortaz, ezin dugu ezer onik espero. Jaurlaritza honek badaramatza bi urte fundamentuzko ezer atera gabe. Legealdiaren azken uneetan presaka eta korrika lege hau eta beste batzuk ateratzen saiatuko dira. Euskaldunek behar dugun erakundea sortu beharrean, errazena eta merkeena egingo dute, liburutegi birtuala sortu. Izena bai, baina izana ez, orain bezala jarraitzeko. Euskadiko sistema bibliotekarioa bateratu eta antolatua behar da, eta horretarako ezinbestekoa da sistemaren burua izango dena, eduki behar dituen baliabide guztiekin sortzea.
Dena den, beharrezkoa da azpimarratzea Euskadiko Liburutegia inoiz ez dela izango nik espero nuen erakundea. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoak soilik osatzen dituztelako aipatutako sistema bibliotekarioa. EAJk PSErekin batera euskal eta nazional hitzak baztertu zituelako. Euskal Liburutegia jarraituko dut aldarrikatzen.
Etorkizunean, beste derrigorrezko proiekturen bat abian jartzeko beharra ikusten duzu?
Dokumentalista asko eta asko lanean gabiltza eremu propioa bat sortzen. Oso beharrezkoa da orain arte egindako kontzientziazio lana, eta oraindik asko daukagu egiteko. Azken urte hauetan lorpen handiak gureganatu ditugu. Dena den, Espainiako eta Frantziako ereduetatik at funtzionatzeko ezinbestekotzat jotzen dut politikaren bitartez lortzea. Hori lortu arte zaila egingo baitzaigu dokumentazio eremuan eredu propioa sortzea.