p { margin-bottom: 0.21cm; }
Astronomiaz aritu behar
naiz gaur, izan ere, hau delako zientzia guztien arten zaharrena. Eta
honetarako, Danel Madariaga Zubimendiren “Orienta ezazu zeure burua
zeruko esferan” liburua aukeratu dut. UEUk argitaratutako liburu
honek Astronomiaren inguruko esparru zaharrena lantzen du, izan ere,
antzina, astroen posizioa eta higiduraren bidez, informazio ugari
jasotzen baikenuen zerutik, besteak beste, ordua.
Danel
Madariaga Zubimendi Bilbon jaio zen 1973. urtean. Txikitatik
astronomiazale amorratua izan da, eta hiru teleskopio desberdinekin
ehunka behaketa burutu ditu. Industria Ingeniaritza Elektrikoa ikasi
zuen Bilbon, eta motor elektrikoen kontrola programatzen lan egiten
du. Hala ere, aurretik, Mungiako Larramendi ikastolan 5 urtez
Astronomia irakaslea izan zen; Udako Euskal Unibertsitateko Fisika
sailburua eta Astronomia Taldeko koordinatzailea. Duela urte batzuk,
Fisikako lizentziatura ikasteari ekin zion. Bere hainbat lan Ingumako
datu-basean topatu daitezke, 20 hain zuzen ere. Hauek ez daude
ikusgai, baina Buruxkaken, “Orienta ezazu zeure burua zeruko
esferan” liburua deskargatzeko aukera daukagu. Liburu hau, era
berean, UEUko webguneko dendan eskuratzeko aukera dago.
Esku
artean dugun liburu hau, posizio-astronomiaren oinarriak ikasteko
aproposa da, maila apaletik hasita zeruko esferaren misterioak
argituko dizkiguna, irudi, mapa eta taula ugari erabilita. Oinarri
teoriko batzuk jorratu ondoren, zeruko esferaren itxurazko mugimendua
zehazki azaltzen da, Lurreko latitude desberdinetatik ikusita. Gero,
eguzki-sistemako astroen ibilbideak aztertzen dira, bakoitzaren
berezitasunak deskribatuz. Zodiakoa, urtaroak, eklipseak,
perihelioaren paradoxa eta beste zalantza asko argituko dizkigu. Bi
kapitulu guztiz praktiko eta original ere badauzka: zeure
eguzki-erlojua diseinatu nahi baduzu edota zeruko astroez baliatuta
orientatu.
Aste
honetako aipua erabakitzeko, liburuaren azken kapituluan zentratu
naiz, orientazioan: “Gaur egungo tresnez baliatuta, oso erraza
daukagu orientazioari buruzko hainbat gauza jakitea, lehen Astronomia
erabiltzea derrigorrezkoa zen hainbat arlotan”. Aipu hau aukeratu
dut, garaiak nola aldatu diren azpimarratzeko, baina liburua
irakurrita, aldaketa hauen dimentsioarekin harrituta geratuko gara.