Joan
Mari Torrealdai da Euskaltzaindiko bibliotekari akademiko eta
Azkue Biblioteka
batzordeko buru berria maiatzaren amaieratik.
Torrealdaik,
Jose
Antonio Arana Martixa euskaltzainak bibliotekan utzitako
hutsartea beteko du. Aurreko post batean Arana Martixari buruz
mintzatu zitzaigun Pruden
Gartzia. Izan ere, Gartziak Azkue Bibliotekako zuzendaria izanik,
Arana Martixa biblioteka batzordeko buru izan du urteetan eta
elkarrekin lan oparoa egiteko aukera izan dute.
Notizia
hainbat lekutan argitaratu izan da: Euskaltzaindiaren albistegietan,
blogetan, baita eguneroko prentsan ere, hala nola, Berrian,
Deian, Garan, Diario Vascon,…. Ez-ohikoa da bibliotekekin lotutako
berriak egunkarietan agertzea. Gakoa, agian, Torrealdaik du. Egunkari
auzia baino lehen euskal kulturaren baitan ezaguna bazen ere, auziak
pertsonaia mediatikoa bihurtu baitu.
Hori esatean ez dugu
ahaztu nahi, Torrealdairen liburugintza arloko lan oparoa. Euskarazko
kultur aldizkari erreferentziala zuzentzen du 1977tik eta bere
ibilbidea euskal liburugintzarekin lotuta dago. Izan ere, 1977an
Torrealdaik hasiera eman zion Jakin aldizkarian sail finko bati:
euskal liburugintzari buruzko urteko produkzioaren azterketari, hain
zuzen ere. Geroztik urtero argitaratu ditu urteko liburugintzaren
gaineko artikuluak, eta 2007an, liburugintzari buruzko 30.
urteurrenaren kariaz, monografia bat prestatu zuen. Tartean, XX.
Mendeko Euskal Liburuen Katalogoa plazaratu du. Eta abar.
Baina, agian, Torrealdai albiste izatearen motiboak ez dira soilik bilatu behar pertsona mediatikoa izatea, edota euskal liburugintzaren inguruan urteetan egindako lan mardulean. Bestelako faktore batzuk tartean egon litezke. Izan ere, inguruko estatuetan biblioteka nazionaletako zuzendari izendapenak egunkarietan agertu ohi dira. Euskal Herrian liburutegi nazionalik ez dugunez, agian Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekaren gorabeherek hutsarte hori betetzen ote dute?”