Jose Antonio Arana Martixa (1931-2011)

p { margin-bottom: 0.21cm; }

Duela hilabete
pasatxo hil zen Jose Antonio Arana Martixa euskaltzaina. Haren
bizitza eta lanei begirada azkar bat emateak agian hausnarketa txiki
bat eragin lezake euskal komunitate zientifikoari buruz: zer den, zer
izan den, zer nahi dugun izatea.

Jose Antonio
belaunaldi zehatz bateko kidea da, Gerra Zibileko umea, bete-betean,
eta honek garrantzi erabakigarria du bere ibilbidea azaltzeko orduan.
Gernikan jaio zen eta sei urte zeuzkan bonbardaketa pairatu zuenean;
ondoren, erbestea ezagutu zuen; gerora, herrira itzulti zen eta
frankismopean bizi eta intelektualki formatzera derrigortua egon zen.
Leku faltagatik utzi dezagun orain bizitza eta hel diezaiogun alderdi
intelektualari.

Ai ene! Zer
zen, bada, frankismopeko Euskal Herrian intelektualki formatzea?
Desastre bat, goitik beherako desastre bat. Ganorazko Hezkunza
sistema baten ezean seminariora jo behar zen, hantxe gosea eta hotza
pasatzera (hitzez hitz entzuna Jose Antoniori) eta aurreiritziz,
hutsunez eta patriotismo espainol lerdoz, zein integrismo katoliko
motz-motzez mukuru betetako nolabaiteko “formazioa” jasotzera.
Eta hala ere, txerrikortan ere ernetzen da lorerik eta beti da
posible etekinen bat ateratzea, adibidez, irakasle on batzuk edo
beste: Jose Antoniok errespetu handiz aipatzen zuen beti Andres
Mañarikua, Deustura bideratu zuena Zuzenbidea ikastera.

Hortik
aurrerako formazio osoa praktikoki autodidakta izan zen, neurri handi
batean adisketasun-harremanei esker. Hala izan behar, besterik ez
zegoen eta! Adibide bat ipintzearren, Joxe Migel Barandiaran horrela
ezagutu zuen, ez unibertsitateko geletan edo arrandia akademikoetan,
berari goizean goiz meza ematera laguntzera joanik baizik, gero
Atxetako indusketan ere laguntzeko. Altube, Lekuona, Mitxelena,
Villasanterekin… antzera. Ez dago unibertsitate publikorik Euskal
Herrian, eta bizitza kulturala motza da, beti susmopean eta
poliziaren zaintzapean, bereziki jite euskaltzale bat hartzen
duenean. Eta, bitartean, lana gogor egin behar bizimodua aurrera
ateratzeko. Kultura? Zer izan daiteke kultura herri batean non
abesbatza bat zuzentzea edo otxote bat antolatzea bezalako ekintzak
poliziaren susmopean jartzen zintuzten automatikoki?

Hori izan da
frankismoa Euskal Herrian, besteak beste. Eta giro horretan, egoera
horretan, euskal kulturaren ernamuinak sortarazteko gai izatea,
antolakuntza hori aurrera eramateko baldintzak jartzea, hara, mirari
hutsa deritzon sarri. Benetan, askotan pentsatzen dut ez garela
konturatzen euskal kulturaren berpiztea aipatzean zer nolako
mirariaz ari garen.

Gaur Inguma
datu basean
Jose Antonio Arana Martixak 127 sarrera ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude