Aste
honetan, bi idazle aurkeztuko dizkizuet nire post honen bidez, Izarne
Lizaso Elgarresta eta Alaitz Aizpurua Sanz. Bi hauek UEUrekin liburu
bat argitaratu zuten 2010.urtean, “Alzheimer motako dementzia zer
da eta zer egin”. Eta honengatik hurbildu ditut gaurkoan zuengana.
Izarne Lizaso,
Errenterian jaio zen 1973an eta psikologian doktorea da. Giza
Garapenaren ereduak, Helduaroaren eta Zahartzaroaren Psikologia, eta
Zahartzaroaren Psikologia ikasgaiak irakasten dituEHUko Psikologia
fakultatean. Bereziki, zahartzaroaren alorrera bideratu bere
formazioa, irakaskuntza eta ikerketa. Hala, gerontologia-zentroetan
eta erretiratuen etxeetan lan egiten du. Horrez gain,
zahartzaroarekin zerikusia duten hainbat gairi buruzko ikastaroetan
eta hitzaldietan parte hartu ohi du. Gaur egun, erretiroak osasunaren
arloan izan ditzakeen ondorioak ikertzen dihardu generoaren
ikuspegitik.
Alaitz
Aizpurua, 1977an Donostian jaio zen, eta bera ere, psikologian
doktorea da, baita gizarte-hezitzailea eta EHUko irakaslea ere.
Azken hamar urteetan hezitzaile eta psikologo jardun du
gerontologia-zentroetan. Bereziki, zahartzaroaren eta oinarrizko
prozesu kognitiboen alorretara bideratu du bere ikerketa. Hala,
hainbat artikulu argitaratu ditu gazteen eta pertsona zaharren artean
oroimenarekin eta adimenarekin erlazionaturiko eginbeharretan
aurkitzen diren ezberdintasunen inguruan. Egun, beste ikerketa- lerro
batzuk ere jorratzen ditu, hala nola erretiroaren ondorio
psikologikoak eta sozialak, eta entrenamendu kognitiboaren onurak
aztertzea.
Aukeratutako
eskuliburu teoriko-praktiko honen helburua da, Alzheimer dementzia
motari buruz lehen hurbilketa orokorra egitea. Zazpi atal nagusi ditu
eta bakoitzak hainbat azpiatal. Guztien amaieran, egitura bera
baliatu da: batetik, gaiarekin erlazioa duten ariketa praktikoak
prestatu dira irakurleak aztergai duen gaiaren aplikagarritasuna
landu dezan; bestetik, atalaren laburpena aurkezten da irakurleak
gaiaren ideia garrantzitsuenak ondo uler ditzan; eta azkenik,
gaiarekin erlazioa duten erreferentzia gomendagarriak azaltzen dira
irakurleak gaian sakondu dezan. Material teoriko-praktiko hau
Psikologia, Psikopedagogia, Pedagogia, Gizarte Hezkuntza eta antzeko
jakintza-arloetako ikasle zein profesionalentzat, adineko pertsonekin
lan egiten duten gizarte-laguntzaileentzat, erizainentzat, eta
abarrentzat prestatu bada ere, alzheimer motako dementzia duten
pertsonen senideentzat eta gaiaren inguruan interesa duen
edonorentzat erabilgarria izan daiteke.
Ingumako
datu-basean begiratzen, Izarneren 35 lan aurkitu daitezke, horietatik
7 ikusgai daudelarik. Aldiz, Alaitzek deskargatu ezin diren 6 lan
biltzen ditu. Bien kasuan jar gaitezke harremanetan haiekin Ingumako
datu-basearen bidez, eta hau gutxi balitz, UEUko dendan, liburuaren
kapitulu bat deskargatzeko aukera dugu.
Alzheimerra
edonork bere inguruan izan dezakeen gaixotasuna da, eta beraz,
informazioa edukitzea beti datorkigu ondo. Gauzak honela, liburua
ikuskatzeko gomendioa egiten dizuet! Hemen asteko aipua: “Alzheimerra
diagnostikatzeko ikuspegi anizkoitza beharrezkoa da, hau da,
narriadura kognitiboa ziurtatu ostean, ebaluazio biologikoa,
psikologikoa eta soziala egin behar dira. Alzheimer gaixotasunaren
behin betiko diagnostikoak baieztapen anatomopatologikoa behar du.
Hala ere, post mortem egiten den autopsiaren ostean soilik zehaztu
daiteke”.