Joxerra Aihartza: “Ornodunen unibertsoari buruzko errepasoa egitea ezinbestekoa da gure eboluzio-historia ulertzeko”

Aste honetan biologiari
ateak irekiko dizkiogu Joxerra Aihartzaren eskutik. Joxerra Donostian
jaio zen 1962.urtean. Alde Zaharreko Faustina Carril andereñoarekin
hasi zituen ikasketak eta ondoren, Santo Tomas lizeoan bukatu.1978
eta 1979an Aranzadi Zientzia Elkarteko Espeleologia sailean jardun
zuen. 1986Tik aurrera Udako Euskal Unibertsitateko Natur Zientziak
saileko kide da, eta Talde eragileko partaide izan da 1996-2000 eta
2004-2009 tarteetan. 1989an Biologian lizentziatu zen Euskal Herriko
Unibertsitatean eta ondoren, Euskal Herriko faunari buruzko
dibulgazio-lanetan jardun zuen eskola eta institutuetan hitzaldiak
ematen, artikuluak idazten, eta irrati eta telebistarako saioak
egiten. 1993Tik irakaslea da EHUko Zientzia eta Teknologia
Fakultatean, Zoologia eta Animali Zelulen Biologia sailean, eta azken
hamarkadan Ornodunen Zoologia irakatsi du bertan. Biologia doktorea
da 2001etik eta ugaztunen jokabidea eta ekologia ikertzen ditu,
bereziki saguzarren ekologia espazial eta trofikoa. Guzti honetaz
gain, Joxerra argazkilari bikaina da.

Aste honetan esku artean
bere liburu bat dudala jakingo duzue, Ornodunak liburua hain zuzen
ere. Hau UEUrekin argitaratu zuen 2010ean. Anatomia, eboluzioa eta
aniztasuna Biologia lizentziaturarako sortu zen testuliburu hau, eta
bere baitan testuaz gain, 780 irudi ere baditu. Liburuaren lehen
atalean ornodunen definizioa, ezaugarri orokorrak eta garapen-eredua
jorratzen dira; bigarren atalean, berriz, anatomia konparatua egiten
da, ornodunen aparatu bakoitzaren deskribapena, funtzionamendua eta
eboluzioaren oinarriak azalduz; eta hirugarren atal zabalean,
azkenik, animalia hauen eboluzioa eta aniztasun morfologiko eta
etoekologikoak lantzen dira.

Ornodunen unibertsoari buruzko errepasoa egiteaz
batera, animalia hauei buruzko ezagumenduak gure eboluzio-historia
azalduko digu ezinbestean, eta gure izatea eta bilakaera bera hobeki
ulertzen lagunduko.

Joxerra Aihartzaren
espezializazio esparrua saguzarrak izatean, Ornodunak liburutik hauen
inguruko pasarte bat aukeratu dut asteko aipu bezala: “Ornodunen
artean ugaltze -estrategiek aniztasun handia ageri dute. Esaterako
saguzarretan poliginia da nagusi: saguzar arrak babesleku egokia
defendatzen du, eta bertatik deika emeak erakartzen saiatzen da
harena osatzeko”.

Liburu honetaz gain,
Joxerra Aihartzak beste 36lan ditu Ingumako datu-basean eta
horietatik hiru ikusgai dituzue. Gainera, berarekin harremanetan
jartzeko aukera ere badago. Baina buelta gaitezen liburura. Esan
beharra dago, lan teknikoa dela, baina eskoletarako lan bikaina.
Gainera, batzen dituen irudi ikusgarriek oso erakargarri bihurtzen
dute. Gauzak honela, Biologiako aditu guztiei gomendioa zabaltzen
dizuet!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude