Txema Ramirez dela Piscina: “Inoiz ez da berandu irudimenaren matxinada abiatzeko”

Esan bezala, Inguma
datu-basean
dauden hainbat egileren berri ematera noakizue eta Txema
Ramirez
de la Piscinarekin hastea erabaki dut. Txema 1958an jaio zen
Gipuzkoan, baina gasteiztarra eta arabarra sentitzen da, lau
urtetatik bertan bizi delako. Kazetaritzan Doktorea, 1990az geroztik
Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea da Gizarte eta Komunikazio
Zientzien Fakultatean. Kazetari lanak egin baditu ere, irakasle eta
idazlea ere bada. Bere ikerketa lerro nagusien artean,
ikus-entzunezkoen alfabetizazioa, euskarazko komunikazioa ,
Komunikazio Kabineteak eta euskal gatazkaren trataera informatiboa
daude.

Oso gustuko dudan
komunikatzailea da eta bera ezagutzeko aukera izan dut nire irakasle
izan den bitartean. Baina gaurkoan zuek ezagutu behar duzue, eta
horretarako bere idatzien berri jakitea baino hobeagorik ez dago.
Ingumako datu-basean bere 39 lanen berri ematen da, bai liburu zein
artikuluak eta hauetariko 13 bertan eskuragarri dituzue. Normalean,
Euskal Herriko kazetaritza, politika eta komunikazio era
berritzaileez aritzen da bere liburu zein artikuluetan. Gainera, berarekin
harremanetan jartzeko aukera ematen du.

Bere lan bati
erreferentzia egitekotan, “Ikus Gaitzazuen” liburua gomendatuko
nuke. Honek bestelako komunikazioaz hitz egiten du eta interesgarria
izateaz gai, irakurterraza da. Liburuan, hainbat autore eta
filisoforen aipuak agertzen dira eta nola ez, komunikazio estrategia
berriak eraginkorrak izateko beharrezkoak diren osagarri eta
faktoreei erreferentzia egiten die. Txemak liburu honekin,
komunikazio era berrien beharra zabaltzen du, izan ere, gaur egun
informazioa hartzaileei heltzea gero eta zailagoa baita.

Hona hemen liburua
erakargarria egiten duen pasarte interesgarri bat: “ Gaur egun,
inoiz baino gehiago, Bestelako Komunikazioa matxinada ekintza bat da:
asperdura, hipokrisia, manipulazioa, merkatuaren diktadura,
infantilismo eta gorrotoaren aurka altxatzen den errebolta
horizontala eta demokratikoa. Han eta hemen, egunez egun, hedatuz
doan sarea da; teknologia berrien abantailez baliatzen den mugimendu
maitagarria. Aberririk ez duen matxinada da… Ez dezagun ahantz
masa- hedabideak ez direla guztiahaldunak. Ez, menderagarriak dira.
Eta garaitzeko bidean, Bestelako Komunikazioa tresna erabilgarria da.
Merkea eta alternatiboa. Inoiz ez da berandu irudimenaren matxinada
abiatzeko”.

Esan bezala, sartu
Ingumako datu-basera eta jaso Txemaren inguruko informazioa gehiago!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude