Informazio iturriak antolatzeko lanabesak, ikertzaileentzat aliatu paregabea

Are
gehiago esango nuke: ez bakarrik ikerketan murgilduta daudenentzat,
egunero informazioa sarean atzitu eta sailkatu behar duen ororentzat
ezinbesteko bihurtu zaizkigu erreferentzien kudeatzaileak; besteak beste, dokumentazio
zereginetan
edo liburutegietan gabiltzanontzat.

Ikerlari edo zientzialari batentzat lan nekeza da datu-baseak
arakatu eta erreferentzi bibliografikoak, txostenak, blogak edo
web-orriak egoki atzituta, sistematizatuta eta antolatuta izatea.
Informazio kantitate izugarria eta informazio iturri anitzak erabiltzera
derrigortuta daude, bai ikerketa garatzeko unean bai gerora
berrerabiltzeko ere. Tamalez baina, informazio kantitate horrek gainezka eginez
gero erabilgaitz bilakatu daiteke, edo astunegi bere erabilera. Horretarako asmatu dira ZOTERO, REFWORKS eta MENDELEY
bezalako programak.

Erreferentzi kudeatzaile hauek, oinarrian, funtzio berdinak dituzte:
erreferentzi bibliografikoak biltegiratu, erreferentziak deskribatu,
antolatu, berreskuratu, bibliografiak sortu eta aipamenak egiteko
erremintak eskaini.

Berezitasunen artean nabarmenduko genituzke, berbarako, Mendeleyk besteak ez bezala, metadatoak dokumentuetatik
atzitzen eta automatikoki indizatzen dituela. Beraz erreferentziak
kudeatu baino dokumentuak kudeatzen ditu zuzeneko kontsulta ahalbidetuz. Refwork-ek, bere aldetik, RSS jarioak irakurtzeko aukera eskaintzen du. Zoterok, ordea, testuinguru teknologiko berriko informazio iturriekin hobeto lan egiteko gaitasuna erakusten du.

Amaitzeko, aipatzekoa da halaber, aplikazio hauek
bildutako uzta beste zientzialariekin partekatzeko modu txukun eta eraginkorrean paratzen dutela: 2.0 Zientzia.

Menu oparoa begi bistan, hortaz… hautatu, dastatu eta hobeto moldatzen garenarekin lan egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude