Dokumentalista ala detektibe? Euskarazko tesien bilduma osatzeko zereginak

Egunotan ezagutu dugu iaz EHUn 316 tesi defendatu zirela. Horietatik 23 euskaraz landu  ziren. Datuak oso baliagarriak dira gure lanerako, Inguman euskarazko doktorego-tesien erreferentziak biltzen baitigu.

Goi-mailako produkzioaren datuak katalogatzeak hainbat burukomin eman dizkigu azken urteotan, batez ere tesien kasuan. Gaur egun, defendatzen diren lanen berri zabal ematen dute  unibertsitateek baina orain arte ez da horrela izan. Urte batzuk arte, zaila izan da jakitea tesiak zein hizkuntzatan egindakoak ziren. Euskaraz egin arren, dokumentuari lotutako datuak gaztelaniaz azaltzen zirelako artxibo eta datu-baseetan. Hizkuntzari lotutako erreferentziarik ez zen gordetzen.

2005ean gure datu-basean genituen datuak osatzeko lana abiatu genuen. Horretarako iturri hauek erabili genituen:

  • Unibertsitateek emandako datuak (hitzarmen bidez lortuta.)
  • Espainiako Hezkuntza Ministerioaren Teseo datu-basea.
  • Egileei zuzenean galdetuz eta kontrastatuz informazioa.
  • Biblioteka desberdinetako datuak kontsultatuz. Batez ere, Azkue Biblioteka eta HABE Liburutegia.

2005eko urtarrilean 197 tesi genituen datu-basean, irailean 233. Zortzi hilabetetan 36 euskarazko tesi zaharren datuak errekuperatu genituen. Horrez gain, gauza bat deskubritu genuen,  euskaraz defenditu zen lehen tesia ez zela izan 1983an (uste zen moduan), baizik eta 1976an eta medikuntzari buruzkoa zela. 

Iturriek emandako datuak kontrastatzen hainbat denbora eman genuen. Neketsua zen euskarazko tesiak zirela baieztatzea gaztelaniazko produktu bezala katalogatuta zeudelako unibertsitateetan eta baita Teseon. Azkenean, Azkue eta HABEk zituzten dokumentuak aztertuz eta egileei zuzenean galdetuz lortu genituen emaitza nagusiak.

Ezkutuan zegoenaren atzean ibiltzeak, Sherlock Holmes eta Watson-en antz gehiago genuela pentsatzera eraman gintuen sarritan. 

Iruzkinak (2)

  • uxune

    Bai, horrela da Iñaki. Baieztatu genuen arte, ezinezkotzat jotzen genuen horrelakorik. Honako gaietan zebiltzanak 1983an kokatzen zuten lehen euskarazko tesia. Hara non, Habeko liburutegian aurkitu genuen 1976an irakurritako tesiaren argitalpen bat (1979an editatua).  Egilearekin harremanetan jarri eta honi buruz galdetu genion. Datua baieztatu genuen.1960-1966 tartean Madrilen irakurri omen zen euskarazko tesi baten aztarnen bila ibili ginen. Azkenean ez genuen ezer baieztatzerik lortu, tesina omen zen. Baina dokumentua zuzenean ikusi arte ez dugu ezer baztertzen. Dena da posible.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude