komunikazioetan sakontzen III

Arrazoiak arrazoi, atzoko partez gaur dator, komunikazioak sakontzen post zerrendaren 3. atala, oraingoan, 12:25etatik 12:45 bitartean izango diren komunikazioen laburpentxoekin. 


S1 saioko Sare sozialetan duzun eragina neurtzen komunikazioarekin hasiko gara, Eli Garciak dakarkigun komunikazioarekin hain zuzen ere.

Komunikazio hau, interneten dugun presentzia neurtzeaz arituko da. Modu desberdinak daude gure Interneteko presentzia munduari ezagutarazteko eta horiek erabili eta gero, askotan jakin nahi izaten dugu eta erabili ditugun horietatik zein izan den eraginkorrena. Horrelako kasuak gertatzen bazaizkizue, adi egon 20 minutu hauetan, Eli Garciak kontatuko baitigu zein tresna dagoen eta tresna horiek nola erabili gure webgunean jasotzen ditugun bisitak nondik bideratuak izan diren jakiteko.


S2 saioan, BabeliumProject.com: euskara eta ingelesa mintzapraktikatu! komunikazioa datorkigu, Juanan Pereira, Silvia Sanz, Julián Gutierrez eta Inko Perurenaren eskutik.

Ez da hau lehenengo komunikazioa ikerkuntza proiektu baten emaitza aurkezten diguna. Euskara eta Ingelesa mintzapraktikatzeko gizarte sarea aurkezten digute. Bideoak oinarri, erabiltzaileek elkarrizketa zatiak bere gain hartu, era kolaboratiboan elkarri zuzendu, azpitituluak gehitu eta beste hainbat gauza egin ahal dira bertan. Komunikazioan zehar gizarte sare honi buruzko zehaztasun gehiago emango dizkigute.


S3 saioan, Omega Peripherals enpresatik datorkigun Mikel Olasagasti Urangak ekarri digu Mugikorrentzat garapen neutral azkarra Titanium-ekin komunikazioa.

Smartphoneak merkatuan bere lekua hartu dute eta aukera desberdinak agertzen diren ahala, hauentzako aplikazioak garatzeko modu desberdinak ere agertzen dira. Komunikazio honetan Titanium Framework-a aurkeztuko digute; garatzaileen bizitza errazteko asmoz, JavaScript erabiliaz mugikorrentzat aplikazio natiboak egitea ahalbidetzen duen programazio ingurunea.


Asteburuan deskantsu txiki bat egin eta gero, hurrengo asteko astelehena eta asteazkena bitartean falta diren komunikazioen laburpentxoak egingo ditugu, hartara, ostegunean denok egon gaitezen aukeraketa zuzena egiteko prest.

Asteburu on pasa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude