Euskal Hirian ezbeharra: Bermeoko Alde Zaharreko sutearen aurrekariak

Aurreko astean, goizalde baten, Euskal Hiriko herri periferiko batetan, Bermeo kasu honetan, sute ikaragarria piztu zen bertako Alde Zaharreko auzoan. Gauez gertatu izana eta gaur egun hiritar multimedia espezie soziala erabat hedatua dagoenez, berehala zabaldu ziren irudi ikusgarriak, sugarrak teilatu batetik kalea zeharkatuz beste aldera hegan egiten. Egun argia helduta, auzotarren balantze izutua: guztira 35 familiak galdu dute bere bizigunea, bat-batean.

Ezbeharrak, ezustekoak, patuak…eragindako amesgaiztoaren gaua izan zen, besterik gabe? Edo baliteke hainbat eragile kausalen adierazleak ere aurkitzea?

Joan gaitezen Alde Zahar honetatik paseotxo bate ematera:

Bermeoko Alde Zaharra, Erdi Aroko harresiak inguratzen zuen eremu urbanoa hartzen du, eta Erkidegoan, orotara, dauden 69 Eraberritzerako Gune Historikoetariko bat da. Jaurlaritzak 1998 urtean eman zion Ondare Kulturalaren izendapena (396/1998 Dekretua), Monumentu Multzoa sailkapenarekin eta badu ere Barne-Berrikuntzarako Plan Berezia (BBPB-PERI), lehenengo saiakera 1991 urtekoa eta azken bertsio eguneratua 2001 urtean onartua. Babes eta planen aipamenarekin bukatzeko, Erabarritze Integratuko Eremuaren izendapena ere lortu zuen urte dezente direla.

Beraz, alde formal instituzionaletik indarrean dauden babesa eta eraberritzerako planeamendu eta izapidetza guztiak osatuak ditu. Gainera, guzti hau hobeto kudeatzeko, eraginkortasuna helburu izanik, eta arazo eta beharrei gertutasunetik erantzuteko (sic), Udalak izaera merkantileko sozietate publikoa eratu zuen, BERUALA SA deiturikoa.

Udalak eman zuen bai, beste pauso bat ere, eraiki gabeko orubeen egoera arautzen duen Ordenantza berezia onartu bait zuen. Horren harira, 2001 urtean Eraiki Gabeko Orubeen Errolda bat osatu zuen, baita, eta jabeei legeak ezartzen dizkien betebeharren jakinarazpena eta zigorren iragarkia ere egin zien (BAO 2001/11/07). Guztira 33 orube sartu zituzten zerrenda horretan (Bermeoren tamainako herri batentzat marka deigarria da hori). Haietariko gutxi batzuk (4 besterik ez), prozedura administratiboaren azken maldaraino ere eraman ziren, eta arauz ezarritako epea igaro ostean, Udalak desjabetu eta ondoren enkantera atera zituen, berreraikitzeko konpromisoarekin (BAO 2002/09/17). Baina, bat-batean, eta inolako azalpen publikorik gabe, espediente guztiak kajoi baten gorde ziren antza, ze ordutik, hasitako ekimen horrek ez du udal agindu berririk izan…eta orubeak han bertan jarraitzen dute. Zergatik? Noren mesederako?, eta aldiz, auzoaren eta bertan bizitzen jarraitu nahi duten auzotarren kaltetan….

Gaur egun, Erkidegoko Lurzoru eta Hirigintza 2/2006 Legeak, 199 artikuluan arautzen du eraikinen jabeek kontserbazio eta birgaitzerako duten betebeharra, eta 203 artikuluan Udalek egikaritze aginduak emateko duten ardura. 190 artikuluan, planeamenduak ezarritako epean orubeak berreraiki ezean, desjabetzea agintzeko ahalbidetzen du Udala.

Baina, ordea, bitarteko guzti hauek eskura izanda ere, Bermeoko Alde Zaharretik buelta bat ematera hurbilduta, ibiltariak jasotzen duen mezua, utzikeriak jotako auzo baten eszenatokiarena da. Mezu isila eta itoa. Urteak bertan behera utzitako orubeak, eraisteko arriskuan dauden eraikinak, argindar eta telefoniako kableak airean kaleak eta fatxadak nonahi zeharkatzen,…..

14042013610
Bermeoko Alde Zaharrean bertan behera utzitako honelako 30 orube daude

Orotara begira, dena dela, Erkidegoan hiri birgaitzerako benetan bideratzen den aurrekontu publikoa, aireratzen diren diskurtso loratuen ondoren geratzen den konpromisoa, alegia, benetan eskasa geratzen da. Konparatzeko, 2010-2013 urte bitarterako Etxebizitza Politikarako Plan Zuzentzaileak 86 milioi euroko aurrekontua du, Erkidegoko birgaitze beharrizanak dituzten auzo guztietarako, eta beste aldetik, San Mames Barria (beste birgaitze operazio bat) berak bakarrik 211 milioi euro bereganatu ditu (erakunde publikoek erdia baino gehiago jarrita)

Bertako kasura bueltatuta, gainera, BERUALA SA-k, jaiotzez alde zaharraren birgaitzea helburu zuena, alde batera utzita, herriko zabalgune operazio berrian burubelarri sartu zen, sustatzaile inmobiliario gisa. Udalak, hitzarmen bidez (BAO 2008/05/02), zabalgune horretan zuen lurzoru urbanizagarrian 50 etxebizitza eraiki zezan, kudeaketa hitzarmena sinatu zuen sozietate publikoarekin (Alkatea bertako administrazio kontseiluko lehendakaria da). Hain modu eraginkorrean aritu izan da, ze gaur egun 8 milioi euroko zorra pilatzea lortu du. Milioi erdia baino gehiago alde zaharreko auzotarrei, etxe eta eraikinetan egin dituzten birgaitze jardueretarako ordaindu gabeko dirulaguntzak dira (lau urteko atzerapena darama dirulaguntzen ordainketan). Nora joan ote dira alde zaharrera bideratu behar ziren diru horiek, eta kaltegarriagoa dena, ze eragin etsigarri izan ote duen auzotarrek birgaitze berrietara sartzeko zuten asmoetan.

14042013609
Ibarretas-San Martin auzo berria: 500 etxetik gora eraiki berri dira azken zabalgunean

Aurrekariak aurkeztuta geratzen dira: planeamendu formala osatuta, onartuta, argitaratuta….. baina kudeaketa benetazkoan huts eta utzikeri zuritu ezina, Udalaren aldetik. Utzikeria egoera bati buelta eman nahi bazaio, betiere, jabego pribatuaren erresistentzia (espekulatzailean denean) edo ezinarekin (alde zaharretako auzotarren egoera sozio-ekonomikoa ahulagoa izaten da sarritan) aurkituko da. Bermeoko kasuan, jabe espekulatzaileak beti azaldu izan dira orubeen lotizazio tradizionalaren aurka, hain zuzen ere ondare kultural izendatzeko balore nagusienetarikoa izan dena. Igaro diren Udal gobernuek (…eta kolore abertzale denak izan dute alkate makila eskutan, bakarka edota koalizioan) ez dute jabego pribatuaren funtzio soziala (Lurzoru Legearen 4 artikulua) abiapuntutzat hartu (eta ez muga modura) eta hortik hirigintza udal politika konprometitu eta koherente bat jarraitu. Bake soziala ez asaldatzeagatik, esango dute. Ba, begira orain, hutsik eta urtetan utzita egon den eraikin baten sortutako (ustez, oriandik) txinparta elektriko batek, zelako kalteak eragin dituen auzotarren ondasunetan (35 familia kale gorrian), eta zelako ebakia (gorputz eta bihotz urbanoan) ireki dion herriko alde zaharraren biziberritze ahulari.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude