Auzo baratzeak hirietako gune publikoaren paisaia berria

Imaginatzen al dituzue gure hiri eta herrietako berdegune urbanoak, sarritan inork probetxu gutxi ateratzen dioten horiek, bere diseinuagatik ikusi baina ez sartu mezua iragartzen duten gune horiek, auzo-ortu edo baratze bihurtuta?

Hirigintza diseinurako liburuetan espazio libre eta hiri-parkeak definitzerakoan, estandar estetiko jakin batzuetara ohitu gaituzte. Agian, baratzearen paisaia landa herrixka “aldeanoak” ekartzen dizkigulako gogora….urbanitan aurreiritziak baino ez ote?

Beste latitude batzuetan dauden hirien esperientziak ezagututa, adibidez, harridura sortzen du Vancouver edo Toronto bezalako hiritzarretan, bertako biztanlegoaren barazki kontsumoaren %40, hiri baratzetatik datorrela jakiteak. Interesagarria Nerea Moran-ek egindako ikerketa lana. Aldiz, EAE-n badakigu, EHNE sindikatuak egindako ikerketen arabera, gure elikadura barne-hornidura ez dela %5-ra ere heltzen. Berriro kanpora begira jarrita, bada antzeko hornidura krisi bati, hiri baratzeen bidez, buelta ematen jakin izan duen adibide bat, Kuba-koa hain zuzen ere. hemen, ikuskatzaile neutral batek ere bere harridura erakusten duena.

Hiri edo auzo baratzeek, orain arte, hemen, ingurumen hezkuntzarekin eta aisialdiarekin lotutako ikuspegia jaso izan du. Aldiz, herrialde anglosaxoietan, horrez gain, elkarte sozialen bitartez landutako komunitatearen susperdura, tokiko garapena eta lanpostuen sorrerarekin ere batu izan da.

Argi dago, nola ere, hiri baratzeak, udal agenda politikoan orain arte ezagutu izan ez duten atentzioa izaten ari direla. Begira, adibidez, London hirigune metropolitarrean, abian jarri duten Capital Growth deritzon egitasmoa: 2012 urterako beste hainbeste ortu barri sortzeko helburu duena (azken kontaketan ematen du lortu dutela gainera), lurzoru publiko zein pribatuetan, permakultura eta hortu ekologikoen bidetik. Horretarako, aholku eta bitartekaritzarako bulego berezi bat ere sortu dute.

Londres hiriko “postal” ezohikoa (Capital Growth webgunetik hartuta)

Gure hirietan zer? Ba bada Gasteizeko kasua, gainera, parkeak eta berdeguneak oraingo kudeaketa ereduan dirutza gastatzen duena urtero. 3,6 milloi euro urtean hain zuzen. Pentsa, eremu guzti horren zati bat auzo-baratze modura kudeatuta, ze nolako aurrezpena lortuko litzatekeen…aurreztea oihiko murrizketetara jo gabe…ez da txarra ez?

Badira ekimenak hiriko auzoetan, historikoa Zadorra Fundazioaren lana da, eta berriak ere ernaltzen ari dira, Zabalgako auzo berriko Zabalortu ekimen, kasu, autogestiorako dinamika argi batekin gainera. Auzoko biztanleen ahalmentzearen bitartez espazio publikoaren eskuratzea lortu duten adibide aipagarri bat, Valentzia hiriko Benimaclet auzoarena da. Badira baita, herrietan udal ekimeneko baratze lagatzeak, Markina-Xemeingo hau adibidez.

Gainera, hirigintza edota udal ondasunen kudeaketaren legediari helduta, aukera argiak daude egitasmo hauek aurrera eramateko. Hirigintza arloan, uda hontan Jaurlaritzak atera duen Lurozoruaren Legearen garapen Dekretuan (Uztailaren 3ko 123/2012 Dekretua), Sistema Orokorren sare barruan, 5 artikuluak onartu egin du baratze kolektiboen erabilera espazio libre deiturikoetan. Bestalde, Udal Erakundeen Ondasunak arautzen dituen Erreglamenduak (1372/1986 Erreg Dekretua), bere 75.1.b) artikuluan aurreikusi egiten du, jabari publikoaren “amankomuneko erabilera berezia”. Figura juridiko horren bitartez, auzo elkarte batengan laga daiteke lursail bat, autogestioaren bitartez kudeatu dezan.

Dana prest eta alde beraz….

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude