Euskal Hiriaren lurralde kolapsoa

Euskal Hiria egitasmoak, aurreko hamarkadan LAA-k ezarri zuten lurralde ereduaren diagnostiko oso azaleko bat egiten du. Aditzera besterik ez du ematen, lurraldearen okupazio azkarra eta hedatua eman dela, hirigintza erabileren eta azpiegitura berrien bitartez, baina ondorio kolateral bat izango balitz bezala hartzen du, ez da horregatik hautatutako eredua bera zalantzan jartzen.

Datu batzuk: azken hamarkadan lurzoruaren artifizializazio erritmoa 754 Ha/urtean izan da, hau da, ia 800 futbol zelai haina (iturria: IHOBE. Eusko Jaurlaritza). Emaitza da ia 70.000 etxebizitza daudela hutsik (bigarren egoitza, erabilpenik gabe edo salmenta egoeran). Deigarria da aldirietako dentsitate baxuko urbanizazioak –urban sprawl- %30 igo dira (iturria: Corine programa. Europar Batasuna). Mugikortasun behartua (etxetik lanerakoa) 50 km-ko bidai tarteak %100 handitu direla, eta bitartean, 5 km-tik beherakoak %40an desagertu dira. Jarduera ekonomikoetarako lurzoru berezituak poligonoak, merkatal zentruak, … %38 hedatu dira.

Udalplan (Eusko Jaurlaritza) datu-baseari helduz, Bizkaia eta Gizpuzkoako eskualdeetan, jada urbanizatuta eta azpiegiturak okupatutako edo hirigintza planeamenduak sailkatuta duen lurzorua kalkulatuta, eta erabilpen urbanoetarako desegokia den azalera kenduta (uholde arriskua, %15-20 ko malda dutenak, etab…) lurralde kolapsoa noraino heldu den argitzen da: Bilbo metroplitarrean %80tik gora udalerri guztietan, Durangaldea: %73, Zarautz-Azpeitia: %71, Bidasoa: %80.

Ezinbestekoa bihurtzen da desazkundearen paradigman oinarritutako lurralde antolamendu eredu bat sustatzea. Hirigintza arloan hiriguneen zabaltzearen inertziara daramaten diskurtsoek jada ez dute lekurik, ezta fisikoki ere. Eremu urbanoak birgaitzea, eraberritzea, etab…benetan egiten bada, horretarako, udal planeamenduetan hiri-hazkunderako sailkatuta dauden lurzoruak “des-sailkatzea” ezinbestekoa da.

Holako estrategia bat planteatzen denean, badira Udalak ordaindu beharko dituen kalteordainen mamua azaleratzen saiatzen direnak. Aurreko artikulu baten, ikertu genuen ez dela horrela inondik inora ere. Zalanatzarik geratuko balitz, hona hemen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, lurzoru urbanizagarri bat desailkatzeko erabakiaren aurrean jabego pribatuak auzitara eraman zuen ustezko giza eskubidearen aurrean emandako epaia. Laburbilduta: ez dela jabegoaren eskubide “sakrosantuaren” aurkako urraketa lurzoru baten sailkapen urbanistikoa aldatzea eta jabeari ustezko etekinik gabe uztea.
Kasuaren erreferentzia: Gabriele Übleis c . Austriako Errepublika (2011)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude