The “Bilbao Effect”…..is over

Bilbao effect“… horrela ezagutu izan da, hiri post-industrialek berpizkunde ekonomikoa lortzeko lasterketan, arkitektura ikonikoak sustatuz bereganatu nahi zuten eragin suspertzailea, Bilbo eredu hartuta . Distiradun aldizkariek saritu izan dute bere azaleko orrietan eta hiri globalaren diskurtsoetan beti aipatu beharrekoa gertatzen zen Bilbo… harro sentitzeko modukoa. Baina, zer diren gauzak, ekonomia eredu berri eta garaile horrek, ehun urterako oparitasuna ekarri behar zuenak, hamarkada labur bat bete ostean gain-behera erori da, puztutako beste fenomeno finantziario bat baino ez zela erakutsi du. Negozio inmobiliario globalak espekulazioa du erregai modura, eta iraupen laburreko turbo-ekonomia eredu honek, aje galanta utzi digu, zor monumentala, eta promestutako oparotasuna beste itsasbazterren batetan dabil. (Making the end of Bilbao Decade)

Kinka larrian geratu gara, eta hiri globalaren diskurtso triunfalari deseraikitze fasea etortzen ari zaio, mugimendu pendular gisa. (Does Bilbao need another Guggenheim?). Orain, “Bilbao eredua” da, hain zuzen ere, igarotako hamarkadaren gehiegikerien aurreko kritiken jomuga, “vanity projects” direlakoen abiapuntu izan zelako, Ghery-k bere titaniozko artefaktua zutitu zuenean, non eta Bilbon. “Stararchitecs” izenarekin ezagutzen den elite barri baten eragilea izan da eredu hau, eta haien “emaitzei” berrazterketa datorkie gainera, krisi ekonomikoaren fakturen grafiarekin. (eta baita new-age erretorika beretik ere: The Bilbao effect: Architecture of pattern interruption?)

Eredu honek, Amendola-k bere liburu kritikoan azaltzen du, hiria “gertakari” bihurtzea du helburu. Baina gertakaria, momentu jakin baten eta leku bildu baten gertatzen den zerbait da, definizioz. Hortaz, iraungipena du bere izaeraren alde ezinbestekotzat. Eredua, adibidea, errepikatzea bultzatu izan du negozio inmobiliario globalak, eta ondorioz, “gertakari” bati beste barri batek eta munduko beste kokapen baten ematen zion jarraipena. Azkenean, etorkizunaren asmoarekin sortu nahi zen efektua, berehala erortzen zen iraganean. Eta espiral honi, ladrillazo-aren krisi globala erori zaio gainera.

Azken emaitza honi, iruzur usaina ere hartzen hasi zaio, eta city marketing-aren izar modura saltzen zen “Bilbao effect” delakoa, orain eredu globalizatzaile horrek ekarri duen krisiaren erantzulearen marka bezela ikusten eta aztertzen hasi da. (Bilbao effects and narrative defects: a critical reappraisal of an Urban Rethoric)

Pentsa, asuntoa ze neurritaraino heldu den ikusteko, New York-en estreinatu den antzezlan baten izenari ere “Bilbao effect” eman dio egileak. Drama baten historia da, jainkotutako arkitekto bati berak egindako eraikinaren diseinuak jendearengan suizidioa eragiteaz akusatzen dute.

Bilbao eredua, Bilbao efektua,….ez da jada hiri baten etorkizun oparo horretarako zubi promestua, ordea, banidadearen hamarkadaren iragana isladatzen du, ikasgai lazgarriaren ideia bera Bilbao hitzarekin lotzen hasi da, krisi finantziarioaren post-era honetan…… munduari begira gure irudiari brilloa ateratzen hainbeste diru gasta ondoren…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude