Etxebizitza Legea eta Plan Zuzentzailea (I): promesak

Asteotan Eusko Jaurlaritza propaganda ekimen garesti baten bitartez etxebizitzaren inguruko dokumentu eta proposamenekin agertu zaigu: 2010-2013 urte bitarterako Plan Zuzentzailea eta Etxebizitza legearen Aurreproiektua.

Hasteko, Plan Zuzentzaileak dakarrenari helduko diogu. Igaro diren gobernu desberdinek izan duten etxebizitzari buruzko lurralde politikaren ebaluaziorako neurgailu bezala, 2006-09 urte bitarteko Etxebizitzarako Plan Zuzentzaileari buruzko balantzea argitaratu da. Datuak ezin etsigarriagoak dira: BOE-n sustapen helburuak %34-an bete dira bakarrik, etxebizitza sozialetan %65-ra heldu dira, hasitako sustapenen %22 bakarrik izan da babestutako alokairurako bideratutakoa (ekimen pribaturik ez dago eredu honetan), Bizigune-k erabilpenik gabeko etxebizitzen artean 4.557 etxe baino ez ditu mobilizatu.

EEA-ko etxebizitza parke kopuru globala 981.045 etxetakoa da. 2001-06 urte bitarteko hazkunde erritmoa 20.486 etxe/urte izan zen. Udalplan-en (Eusko Jaurlaritza) datuen arabera, EEA-an indarrean dauden hirigintza planetan aurreikusitako eraikin berrien kopurua 165.914 etxebizitzakoa da, eta horien artetik %65-a prezio librekoak izango dira eta babes publikokoak %35 besterik ez. Portzentaia honek, 1997 urteko LAA-n eta 1994 urtetik hasitako euskal hirigintza legediaren akats nabarmena uzten du agerian, araututako BOE-ra zuzendutako lurzoru erreserba (17/1994 Legea: lurzoru urbanoa %20 /
urbanizagarria % 65), 7000 biztanletik gorako udalerrietarako bakarrik ezartzen zen eta gainera, erabakigarria gertatu dena, bere izaera loteslea ez zen berehalakoa, denporan geroratutako baizik, udal planeamendua berrikusten zen unerarte (ohikoena da planeamendua 8-10 urte igaro arte ez berrikustea)

Plan Zuzentzaile berria, 2010-13 urte bitarterakoa, aurreko ildo beretik abiatzen da. Propaganda modura, alokairurako etxebizitzei lehentasuna emango zaiela zabaldu dute, baina ostera, ekintzabide zehatzak aztertu ezkero alderantzizkoa azaleratzen da: salmentarako izango dira babes publikoko etxebizitzen %60, eta alokairurako geratzen den %40 baino ez da izango. Zuritze aldera, sustapenen oreka finantzarioa zaindu behar dela azpimarratzen da, alokairurako etxeen gain-kostua, salmentarako bideratuen artean eusten delako (beste modu batera esanda, Eusko Jaurlaritzak “oreka” mantendu egiten du BOE-n finantziazioaren pisua esleipendunak gertatzen diren hiritarrei
eskualdatzen dielako, sustatzaileen kredituetan subrogatzen diren heinean; eta ostera, alokairuaren kasuan etxe horiek “gutxi-gutxika” ordainduko dira)

Planaren helburua 40.000 babes publikodun etxe berri eraikitzea da, hori da lerro-burua. Dokumentua zehazki irakurri ezkero, hasteko, Eusko Jaurlaritzak berak onartzen du, egun bere jabegoan eskuragarri duen lurzoru azalerak 15.533 etxe eraikitzeko baino ez duela ematen. Gainera, burbuila inmobiliarioaren despuztearen ondorioz, izaera mistodun (publiko-pribatu) sustapenak kinka larrian geratu dira, eta horrenbestez, erdi isilpean, helburu errealista bat jarri ezkero 9.700 etxe berri (salmenta + alokairua) eraikitze mailari eustea izango litzateke. Oso urruti beraz, Etxebide-n izena emanda dauden 98.000 pertsonei etxebizitza duin baterako duten eskubidea bermatzetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude