Brownfields II: birgaitzerako hiri estrategia eta plusbalioen abaguneak aurrez-aurre

Azken aldi honetan, ba dira gertuan dauden brownfields hauek eraberritzeko abian jarri diren ekimenak. Oso ezagunak dira Bilbo metropolitarrean gauzatu diren bi: Abandoibarra eta Galindo-Barakaldokoa. Bi egitasmo hauek ezaugarri parekoak izan dituzte: “lurzoru marroia” jabetza publikokoa zen osorik, inbertsio publikoa izan da eremua garbitu duena, horretarako sortutako bitarteko elkarte merkantil bati eman zaio kudeaketaren gidaritza (Bilbao Ria 2000), eta higiezinen negoziora zuzendutako estrategia izan da nagusi atera dena (garbiketaren ondoren sortu diren lursail urbanizagarriak sustatzaile pribatuei saldu zaizkie).

Iritzi orokorrak oso egitasmo arrakastatsuak izan direla esango du, baina badira bestelako azterketa zorrotzagoak, adibidez, Arantxa Rodriguez EHU-UPV-ko ekonomia irakasleak landutakoa (hemen artikulua). Balorizazioan oinarritutako birgaitze estrategiak zalantzan jartzen ditu, eta esaldi topikoa bihurtu den ekimen publiko-pribatuaren arteko elkarkidetza hori ere fikzioa dela salatzen du. Horrela, Abandoibarrako birgaitzea funtsa publikoen bitartez bakarrik garatu da, eta Bilbao Ria 2000 elkarte publikoak era pribatuko kudeaketa izaera hartzerakoan, erakunde barneko oreka finantziarioa eta epe laburreko errentagarritasuna hartu ditu zutabe ezinbestekotzat, eta guzti honek hasierako egitasmoa erabat baldintzatu du, emaitza erabat aldatu arteraino.

Hasiera baten, 90 hamarkadaren hastapenetan, Abandoibarrako eremu hori “arku atlantiarra” deritzon eskualdearen jarduera ekonomikoetarako erreferentziazko negozio-gune izateko asmatu zen (etxebizitzak espresuki baztertuta zeuden Plan Berezian). Hau da, hiriaren indarberritze ekonomikorako plan estrategikoa zen helburua. Baina epe ertain-luzerako egitasmoek arriskuak hartzea eskatzen dute berez, eta emaitza espektakularrak ez daude bermatuta. Ordez, garai hartan merkatu inmobiliarioak eskaintzen zituen plusbalio izugarriak erakarrita, etxebizitza elitista eta jarduera tertziarioen bitartez plusbalio horiek eskuratzeko abaguneak pisua irabazten joan ziren, hasierako egitasmo estrategikoa guztiz itxuraldatu arte (Plan Berezia hiru aldiz jarraian aldatu zuten). Bestalde autofinatziazioaren fikzioa ere agerian uzten du Rodriguezek, kontutan hartuta, lehengo portu erabilerak Santurtziko super-portura lekuz aldatzeak eta Feve-ko trenbidea desagertaraztean “hegoaldeko trenbide saihesbidea” eraiki beharrak eragin zituen inbertsio erraldoiak ere operazioaren balantze ekonomikoan agertu beharko zirela, balantze zintzo bat egin nahi bada. Baina, aldiz, azpiegitura berriok,
sortutako elkartearen jardun eremutik kanpo geratzen zirenez, ez dira barne kontabilitatean agertu behar, antza.

Beraz irakaspena alde batetik hiri planeamendu estrategikoak, errazegi aldatzen direla une bakoitzeko abaguneen eta epe laburrerako interesen eraginez; eta bestetik, zeregin berezi horretarako eratzen den kudeaketarako elkarte batek, bere arrakasta auto-zuritzeko beharrak hiri egitasmoaren norabidea eta zentzua gatibatzen amaitu dezakela.

(argazkia: nolako badia halako haizea. Pasaiarako proiektu irabazlea)

Orain, hartu ditzagun, gertuko “eremu marroien” egitasmo estrategiko gisa lantzen ari diren bi adibide: Pasaiako badia eta Gernikako ibarreko industrialdea. Pasaiakoak, (Aldiri blogean honi buruz) antza handia du Abandoibarran gauzatutakoarekin: portu erabilpenak lekuz aldatu nahi dira (hemen Jaizkibeleko kanpo portua eraikitzea da aurrebaldintza) eta bere lekuan etxebizitza eta jarduera tertziarioak ezarri nahi dira. “Nolako badia, halako haizea” izeneko proiektu irabazleak, eraikigarritasunak banatzerakoan kopuru bera gorde ditu etxegintza (341.000 m2) eta jarduera ekonomikoak orokorrean deitzen dituenentzako (343.000 m2), merkatal-guneak eta ekoizpenerako guneak izenburu berean sartuta. Argitaratutako dokumentazioan, arlo sozioekonomikoa lantzen duen atal bakarra eremua banatzen duten zazpi guneei buruzko errentagarritasunen kalkulua da, sortuko lirateken ustezko plusbalio inmobiliarioetan oinarritatuta. Eta egun, nork ziurtatu dezake kalkulatu diren plusbalioak benetan lortuko direla? Eta zergatik ez dira kostuen lerroetan Jaizkibeleko super-portuarenak ere agertzen?

Beste alde batetik Gernikako Beko Ibarreko industrigune zaharkitua dago. Eremu marroia bezala geratu da, bertan zegoen industri jarduera bertan behera geratu zelako hainbat urte direla, aipatzekoa Astra deituriko arma fabrikarena. Orain, hiria eta eskualdearen suspertze sozio-ekonomikoa bilatze aldera, lursail horietan hiru jarduera mota aurreikusten dira: eko-diseinurako euskal institutua, energia berriztagarrien ikasketa eta ikerketa zentrua eta sormen kulturalerako gunea (Astra eraikinean). Hau da, nahiz eta hirigunean bertan kokatuta egon (trenbideak banatzen du hiri zentrotik) ez da etxe-auzo berri izango ezta merkatalgune erraldoi baten egoitza (alderatu Barakaldoko Lutxana-Sefanitro egoitzalde egitasmoarekin, adibidez). Badu zeozer desberdin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude