Brownfields (I): hirietako iragan industrialaren “eremu marroiak”

Euskal Herriko hainbat tokitako iragan industrialari lotutako eremuak atentzio berezia jasotzen ari dira azken aldi honetan, esan dezakegu, hiri estrategien agendan garrantzi zentrala ere hartu dutela. Literatura urbanoan, industria jarduerek utzitako eremu hauek “brownfields” deitura hartzen dute, eta bi ikuspegitik heltzen zaie: lursail kutsatuen arazoa alde batetik, eta hiri-birgaitzerako aukera modura bestetik, eta agian, tartean agertzen den hirugarren bat ere aipatu beharra dago, abagunearena (higiezinen negozioarentzako).

Brownfilelds hauen definizio bat bilatzeko unean, Europako Batasunak eratu duen CABERNET izeneko ikerketa taldeak atera duen txostenean aurkitu dezakegu. Txosten honen arabera, “gune marroi” batek hurrengo osagaiak ditu:

– aurretik beste erabilpen bat izan duen lursaila izanik orain bertan behera edo ahulduta geratu dena

– kutsadura arazoak izan ditzake


gehienetan lehendik garatutako gune urbanoetan kokatzen dira

– eskuhartze moduren bat behar dute etekinezko erabilpen batera itzultzeko

Erkidego Autonomoan, IHOBE-ren datuen arabera, 4.247 hektarea lur urbanizatu daude kutsatuta eta 482 hektareatakoa da hondatutako industri jardueren azalera. Nafarroako Gobernuak ez du daturik argitaratu (nahiz eta jakina izan kasu ugari badirela: Inabonos Iruñean, Katazpegi Lesakan, Funvera Beran,…). Bada Erkidegoan, lurra ez kutsatzeko eta
kutsatua garbitzeari buruzko 1/2005 Legea, eta horren ondoren Jaurlaritzak onartu zuen Lur Poluituen Plana (2007-2012) daude. Baina ingurumen legediaren oinarri nagusi bat bihurtu dena ez da azpimarratzen honetan: “kutsatzen duenak ordaindu beharra du”, alegia. Planean bertan, aurreikuspen finantziarioa egiten denean (8 kapitulua), 25,5 milloi euroko gastua aurreikusten da. Aldiz, lur-jabeek edota edukitzaileek lege-aginduz izan beharko luketen garbitzeko betebeharraren ondorioz lortuko diren diru funtsak zenbatekoak izango diren ez da argitzen, eta 7 kapituluan ez dago helburu hori duen ekintza-planik. Modakoa gertatzen ari den soft-law-en bidea hartu du, antza.

Esanguratsuena da, ez dagoela brownfields honei zuzendutako hirigintza plan estrategikorik. Horretan CABERNET txostenak ere ez du konpromisorik hartzen. Argigarria da, eremu hauek sailkatzeko dauden eredu kontzeptualen artean, nagusi gertatzen den A-B-C ereduaren ardatza: bideragarritasun ekonomikoarena., hain zuzen. A taldean, abagune ekonomiko argia diren eremuak daude (higiezinen negozioari lotuta beti), B taldean aurrera egiteko publiko-pribatu elkarlana ezinbestekotzat hartzen direnak, eta C taldean negozio pribatuak sekulan bere gain hartuko ez dituen lurzoruak. Galdera da, Erkidegoak funtsa publikoen bitartez inbertituko dituen 25,5 milloi euroak zein taldetara zuzenduko ote dira? eta elkarlan pribatuak ze ekarpen egin beharko du, esaldi topiko baten modura ez geratzeko?

Argi dagoena da, euskal urbeak duen garatzeko eremu falta nabarmena dela, eta ondorioz eremu marroi hauek balio estrategikoa hartzen dutela, birgaitzerako hiri egitasmoentzako baina baita higiezinen negozioen begitan ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude