Euskal Hiria.net edo LAA-en aldaketa ” ez funtsezkoa”-ren onarpen prozedura hasi da

Aurreko ostiralean (abenduaren 3an), Jaurlaritzaren Boletinean Lurralde Antolamendurako Arteztarauen –DOT- Euskal Hiria- izenez ezaguna den aldaketa-berrikuspenaren prozedurari hasiera ematen dion Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia argitaratu zen. Erabakiaren xedea, hain zuzen, Arteztarauen (orain Jarraibide izenera aldatuta) aldaketa hori “ez funtsezkoa” bezala sailkatzea da. Horrela, Lurralde Antolamendurako 4/1990 Legeak ezartzen duen prozedura arrunta jarraitu ordez, beste laburrago baten aldeko aukera hartzen du. Zer nolako interpretazioa ote dago “ez funtsezko” sailkapen horren oinarrian? Ze eragin izango ditu laburtutako prozedura honek?

Erabakiak, bere zioak honela argitzen ditu: hasteko, 1997 urtean onartu ziren LAA-k planteatu zituzten helburuak eta ezarritako tresnen bidez, Erkidegoak “hiri eraldatze handia” bizi izan duela azpimarratzen du; eta jarraian, aldiz, lurraldearen osagaiak eta oinarrizko egitura, funtsean, ez direla aldatu adierazten du…..bateragarriak iruditzen zaizkizue bi baieztapen hauek?

“Ez funtsezko” aldaketa honen helburuak hauexek omen dira: ezarritako lurralde-eredu horretatik abiatuta, nagusitzen joan diren elementuak edo eguneratu behar direnak garatu eta bilakarazi; eta horien artean, hurrengo hauek: mugikortasun jasangarria, paisaia, lurraldea birziklatzea eta ekonomia sortzailerako guneak garatzea, eta kalitatea-oreka-lehiakortasuna indartzea.

Berrikuspen modura bideratu ordez, “ez funtsezko” aldaketa bezala sailkatzeak, hurrengo ondorioak izango ditu:

– bata izapidetza-epeen murrizketari dagokiona: Informazio publikorako eta alegazioak aurkezteko epea hila betekoa izango da, eta aldi bakarrean, besterik ez.

Bestela, ohiko izapidetzatik bideratu ezkero, Aurrerapena aurkezterakoan, eta hasierako onarpenaren ondoren, bietan, parte-hartzeko aukera ireki beharko zen, eta alegazioak aurkezteko epea bi hilabeteraino luzatu.

– bestea, garrantzitsuagoa oraindik, sakoneko eztabaida ekidingo duelako: 183/2003 Dekretuaren arabera, LAA-n lehen formulazioa eta berrazterketa Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazio-prozedurara lotuta daude. Kontutan izan, 1997 urtean, LAA-k onartu zirenean, ebaluazio-prozedura hau ez zegoela indarrean, eta
beraz garai hartan ezin izan zela lurralde-eredu honen ingurumen-iraunkortasun maila aztertu, ezta ebaluatu. Ba oraingoan, ezta ere, Dekretuaren 3.3 artikuluak planen aldaketak (berrazterketa ez direnak) ez dituelako derrigorrezko ebaluazio honetara lotzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude