Etxebizitza politikaren murrizketak hiri-estrategia berrien zutabe bihurtzeko saiakerak

Azken aldi honetan, bizi dugun aurrekontu publikoen murrizketen marejada honen barruan, etxebizitza politikei buruzkoak ere, nola ez, mozketaren bere atala jasotzen ari dira. Deigarrienetakoa, edo agian oihartzun nabarmena jaso izan duenetarikoa, Erresuma Batuan David Cameron Lehen Ministro kontserbadoreak ozenki ezagutarazi duena da. Han, “housing benefits” deituriko alokairu sozialerako dirulaguntzei, koalizio gobernu berriak eman dien artazikadak (“knife cut”), eztabaida sakona sorrarazi du. London hirian 9.000 familia inguruk bere burua etxearen alokairua ordaindu ezinik ikusiko dituzte hemendik aurrera.

Baina interesgarria gertatzen da, politika sozialean ezezik, hiri antolamenduan eta lurralde kohesioan izango dituen eraginak ere nola sartu diren eztabaidaren agendan ikustea. Gehien bat, gure artean hiriari buruzko gaiek (artefaktu arkitektonikoak aparte) ze interes gutxi pizten duten ikusita (inbidia apur bat ere tartean). Horrela, London hirian, diru publikoz lagundutako alokairuan bizi diren familia guzti horiek, epe laburrean bere betiko auzuneak uztera behartuta ikusiko direnean, “garbiketa sozial” baten estrategiaren itxura osoa hartuko duela salatu dituzte hainbat aditu, gizarte ekintzaile eta abarrek, tartean London-eko Alkatea bera, alderdi kontserbadorekoa izanda ere, (“social cleansing” hitza erabiltzen dute). Populazio andana, eskualdeko iparraldera (ekonomikoki atzeratuagoa, beraz etxebizitza kostuetan merkeagoa) bideratuko dela aurreikusten dute.

Badago iragarpen honetan, sakonetik, erabaki politiko honek izan ditzaken “ezkutuko agenda” ustezkoari salaketa. Hain zuzen ere, familia behartu (bortxatu?) guzti horiek, hiri zentroan utziko duten hutsuneak sortuko dituen abaguneak eta hiriaren itxuraldaketak, “paisanajearen” aldetik, eragingo duen estandarizazioa-segregazioa dela eta.

Hemengo erresuman ere etxebizitza politikan aldaketak eta murrizketak ematen ari dira: Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) esleipedunek, orain arte, azalera eskubidean zuten lurzorua, jabegoan eskuratzeko izango duten “aukera”, edo lurzoru legeak udalerrietarako ezarritako gutxieneko estandarrak zein erraz lekuz-aldatzen dituzten sektoreen artean segregazio arriskurik ez delakoan (80 artikuluaren salbuespeneko bidetik), edota iragarrita dagoen eraberritzetarako diru-laguntzen sistema aldaketa. Hemen ere, bestelako asmoak badirela sumatu beharko ote dugu?

Guzti hau egoki interpretatzeko, azken urteotan gertatzen ari den “hiriranzko itzulera” deituriko fenomenoa hartu behar dugu aintzat eta abiapuntutzat. Aurreko hamarkadetako eliteak hiritik alde egin, eta aldirietako urbanizazioetan ezartzen baldin baziren; hiriak, orain, berriz erakargarri bihurtu omen dira. Horren isla lirateke, zer nolako kostu handiko obrak eta “artefaktuak” gauzatzen ari diren, erdi baztertuta utzita zeuden hiri-zentro zaharkitu eta grisetan. City-marketing-a edo hirien arteko lehiaketa tematikoak (hiri berdeena, hiri bizigarriena, hiri sortzaileena,…) etab…hiria bera produktu erakargarrian eraldatzeko kostu handiko saiakerak dira. Merkatuek gidatzen duten “hiriaren berpizkunde” honek baditu, nola ez, bere ideologoak, hor dago adibidez Richard Florida bat, bere “creative cities” diskurtsoarekin, hiriaren eraberritzea “creative class” osatzen duten “hiritar-espezie” berriak erakartzeko nola burutu irakasten. Mugimendu ekonomiko hauek, hirigune historikoak izaten dituzte jomuga atseginenen artean, eta berriztatze-plan askok diskurtso eta ekintza-bide horrekin bat egiten dute: monumentalizazioa, arkitektura ausardiak, derrigorrezko arau berriak,…eta beharrezkoa dena,… eremu horietan lekutu diren “oztopoak” mugiaraztea. Etxebizitza politiketan erabakitako murrizketek hiri-eremu hauen oztopoak eta zalantzak “argitzera lagundu” dezakete, planekin aurrera egiteko.

Politika bide hauek sortzen dituzten emaitzak, ordea, jaso dituzte modu kritikoan bere deitura ere, hor daude “gentrifikazioa” (yupifikazioa) bezalako definizioak, kasu. Gertuko adibide bat, Gasteizko alde zaharrarentzako Udalak onartu zuen Plan Berezia (PERI) izan liteke agian, kontutan izanda bertako biztanleek ematen dioten erantzun kritiko eta sortzailea. Azaldutako kritiken artean, aurreikusitako inbertsioen zati nagusia eraikin deigarrietan  (argazkiko artefaktuen polemika) eta monumentuen eraberritzean agortuko dela salatzen da. Laguntza publikoak merkatal enpresa aberatsekin eskuzabalak izango direla, eta aldiz, beharrizanean dauden bertako biztanle eta merkatari txikiekin ez dela apustu zabal ezta ausartik aurreikusten.

Etxebizitza politika, (politikaren gabeziak, kasu honetan) hiri-estrategia zehatz baten zutabe bihurtzen ari dela salatzen da, Erresuma Batuan eta hemen….globalizazioaren kontuak omen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude