Euskal Hiria.Net: lurraldeari ezikusia….non dago nekazal lurra?

Euskal Hiriaren inguruko diagnostikoarekin jarraituz, deigarria gertatzen da, lurraldea antolatzeko estrategia izan beharko lukeenak, zein gutxi aztertzen eta balioztatzen duen lurraldea bera. Diskurtso gehiena meta-lurralde antzeko batetan edo kokatzen da: lurraldearen berrasmatzea, berrikuntzaren ekosistema, lurralde irekia,…Euskal Hiriaren diskurtsoak “lurreratzea” egiten duenean, hala ere, azaleko diagnostikoak baino ez ditu islatzen eta proposamenak ez dira iradokizun erretorikotik haratago joaten.

Datuen arabera, EAE-ak 723 km2 –ko azalera du, eta bataz-beste 300 biztanle/km2-ko dentsitatea (Estatua: 79 bizt/km2, EB: 115 bitz/km2). Beraz, populazio dentsitate altuenetako herrialde bat gara. Europan Holandak eta Belgikak baino ez dute indize maila hau gainditzen. Gainera, azken urteetan lurraldearen okupazio urbanoa izugarri azkartu da, 1994-2005 tartean, %21 handitu zen eta 2010 urterako aurreikuspena %26 koa da (datua: Ihobe.2006), beraz lurraldearen erabilpen intentsiboak bere horretan jarraitzen du, etenik gabe. Arloka aztertuta, artifizialdutako lurraldea honela banatzen da: Etxebizitzak 20.027 Ha, Jarduera Ekonomikoak 13.644 Ha, Sistema Orokorrak (azpiegiturak, ekipamenduak,..) 24.252 Ha (datua:Eustat-Udalplan).

Urbanizatu diren lurrak gainera, gure orografia kontutan izanda, bailaren sakonetan eta lautada guneetan gauzatu dira. Horrenbestez, gehien bat, Nekazal Lurralde Erabilgarria (NLE) deitzen den horren kaltetan gertatu da. Jaurlaritzak berak argitaratu duen Landa Garapenerako Planak –LGP-(2007-2013) azaltzen duenez, 10 urtetako tartean (1996-2005) , ia 7.000 Ha nekazal-lur “jan” dira prozesu honetan (…lurraldearen berrasmatzearen iragarpena ote da hau?). Aldiz, Euskal Hiria.Net-ek ez omen ditu nekazal lurrak garrantzitsutzat hartzen, ez die analisi sakonik eskaintzen eta gainera, landa eremuen etorkizun bakarra arlo tertziariorako bidean dagoela iragartzen du (golf-zelaiak, energia berriztagarriak ekoizteko lurrak, aisialdi guneak, kalitatezko espazioak, aire zabaleko jarduerak, egoitza-formula berriak, aukera turistikoak… Diagnostikoa 82. orria / Berrikuntza ekosistema 88. orria). Itxura baten, ez du aintzat hartzen nekazaritzaren balore estrategikoa, ezta arlo sozio-ekonomikoan ere. Kontraesanean dago aipatutako Jaurlaritzaren LGP-ak egiten duen analisiarekin: nekazaritza jarduera desagertuko balitz, EAE-ren ekonomiaren gaineko eragina 1.000 miloi €-ko galera eta 14.000 lanpostuen desagerpena ekarriko luke.

Eta gainera, Europan ez du inork, hain modu agerikoan, nekazal arloa bazterrean utzi. Horrela, egin dezagun konparazio bat, lurraldearen izaera aldetik (eremu zailak, edo menditsuak,..) eta nekazal egitura aldetik (familiarteko ustiaketak, arlo txikiak -20 Ha, ..) antzera egon daitezken herrialdeekin, adibidez: Suitza eta Austria.

Barne produktu Gordinari, nekazal produkzioak egiten dion ekarpena: Suitza %1,2, Austria %1,6, EAE %0,7

Aktiboan dagoen langile kopuruari dagokionez. Suitza %4,1, Austria %5,9, EAE %1,9

Baina ez da hau dena, horrela, esanguratsua da, Suitzan, konturatuta lehen sektoreak azken urteetan bizi izan duen beherakada, eta horrek zelako eragin kaltegarriak dituen lurraldearen hainbat funtzionaltasunetan, 1996 urtean, erreferendum bitartez Konfederazioko Konstituzioan emendakin bat onartu zuten. Horrenbestez, gaurko 104. artikuluan, nekazaritzaren balore konstituzionalak azpimarratu, eta erakundeek osatu behar dituzten sustapen neurriak zehazten dira. Nekazaritzak hiru balore nagusi betetzen ditu Suitza-ko gizartearentzat: jendartearentzako elikagaien hornidura segurtatu, natur baliabideen babesa eta landa-paisaiaren iraunkortasuna bermatu eta lurraldearen leku-hartze deszentralizatua bideratu. Konstituzioaren aginduz, erakundeek nekazal ustiakuntzak babestu eta sustatu behar dituzte, “ekonomia askatasunaren oinarrietatik aldendu behar baldin badira ere” (104.2 artikulua)

Balore hauek bultzatuta edo, bada, konparaketarako beste datu esanguratsu bat: modu ekologikoan ustiatzen diren lurren kopuruarena. Baina hemen ere, Erkidegoko datuak eskas geratzen dira, % 0,4 ra baino ez delako heltzen. Aldiz, Suitzan nekazal lurren %11 lantzen da modu ekologikoan, eta Austriako landa eremuaren kasuan aurten %19,5ra heldu da ekintza plan publiko zabal baten ondorioz (diru laguntzak, merkaturatze planak,… )

Bide berean, gaurkotasun osoa hartzen ari da “elikadura subiranotasuna eta segurtasuna”-ren inguruko eztabaida, are gehiago krisi energetikoak (eta itsatsita dakarren prezioen espekulazioa) merkantzien garraioen ereduan sortuko duen haustura ikusita. Adibideekin jarraituz, Suitzan elikagaien horniduraren %60 bertako ekoizpenak betetzea lortu dute (2008.ko datuak), eta Austrian ere datu esanguratsuak lortzen dituzte (haragia %135, esnea %107, frutak %62, barazkiak %65). Aldiz, EAE-an bertoko ekoizpenak ez du ia %20 ere hornitzen barne eskaria. EHNE sindikatuaren azterketen arabera, Erkidegoaren beharrizan nutrizionalak asetzeko 660.828 hektareako nekazal-lurrak babestu beharko lirateke, hau da, Erkidegoan lurzoru urbanizaezin modura sailkatua geratzen den azalera osoa.(interesgarria Euskal Gazteriaren Kontseiluak baserriaren egoerari buruz argitaratu duen txosten hau)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude