Euskal Hiria: hiriburu garaileak vs lurraldearen gobernantza?

Lurralde
Antolamendurako Artezpideen berrikuspena hiriburuen nagusitasuna
aldarrikatzetik abiatzen da. Nagusitasun hau, Estatu eta bestelako
gobernu eraketa moduek bizi duten gainbeheragatik gertatzen ei da:
Estatuak
zilegitasuna galtzen ari dira ordezkaritza- eta antolamendu-organo
eraginkor gisa”
…”Nazio
mailako gobernuek gero eta gaitasun eskasagoa erakusten dute
berrikuntza sustatzeko

(Diagnostikoa
10 orria). Baieztapen hauek, azken aldian hemendik ezagun bihurtu
zaigun hiri eredu bat ezartzen saiatzen den Fundación
Metropoli
deitzen den think-tank horietako batetik jaurtitzen da (Fundazioa eta
Euskal Hiria landu duen aholkularitza enpresa, pertsona berak
zuzentzen ditu: A. Vegara)

Hirien
Sistema deritzon ideologia da LAA-ren norabidea egituratzen eta
gidatzen duen diskurtso instituzionala. “Hirien itzulera” ere
izendatu izan zaio diskurtso honi, lurralde mailako gobernuen aldean
(Estatu, Erkidego,…) deszentralizazioaren beharra erreklamatzen
dute, lehiakortasun eta eraginkortasunaren paradigmaren izenean.
Azken hamarkadetan azkartu den metropolizazioaren hurrengo urratsa
bezala hartu daiteke, eta hiri espazioaren globalizazioarekin batera
dator “botere geografiaren” aldaketa hau: Estatutik-Erkidegotik,
Hiriburuetara. Dinamika honen erakusle dira “city marketing”
kanpainak, eta adibide nabarmena, Bilbo, orain bertan, Shangaiko
Expoan egiten ari dena. Identifikazio sinboliko bat sortarazi nahi da
hiriburua eta lurralde osoaren artean, hiriburua eta lurraldea bat
lirateke. Lehiakortasunaren gakoa hiriburuan dago, eta bertan egon
behar da erabakitze gunea.

Pentsamendu
bakarra bihurtu den ideologi urbano honen aurrean badira, hala ere,
irizpide kritikoak. David Harvey-k (hemen) esaten du, hiri-lurralde
globalizatu honen eragin kaltegarri nagusia “garapen geografiko
desberdindua”
deitutakoa dela, eta “hiri garaileak” azaleratuko
direla, lurralde baztertuaren gainetik. Zentzu honetan, konbinazio
perbertso bat sortu daitekeela ere ohartzen du Jordi Borjak (hemen), alde
batetik, eszelentziazko barruti globalizatuak eraikiz, eta beste
aldean, hiritasun perfil baxuko atal urbanoak utziz. Boterearen
geografiaren lekualdatze hau, “errenta monopolistek”
bultzatutakoa da: leku nodaletan kokatzeko nahiko kapital duten
eragileak dira, eta nodo horiek lehiakor bihurtzeko kapital finkoan
egin behar diren inbertsioak, sektore publikotik burutu daitezen
presionatzen dute (D. Harvey).

Horrela,
galdera da, Euskal Hiriak nominalki adierazten duen hiriburuen
bitartezko “polizentrismo” onuragarri balizko horrek, ez ote duen benetan
lurraldearen “tripolaridadea” ekarriko (hiru hiriburuak), eta tartean dagoen
lurraldea, eskualdeak alegia, ustezkoak eta menpeko baino ez ote
diren geratuko.


Lurraldearen
gobernantza

Gobernantza
hitza, azken urteotan sortu den kontzepturatze anitzeko hitz potolo
horietako bat da (Europar Batasunak badu Gobernantzari buruzko Liburu
Zuria ere: gardentasuna, partaidetza, ardura, eraginkortasuna,
koherentzia, elkarlana, koordinazioa,..). Farinos-ek (hemen) azaltzen duen
modura, eskuin politiko berriak zein komunitatearen erantzukizuna eta
partaidetza bultzatu nahi duten demokrazia unibertsalistak bereganatu
nahi dute gai publikoak kudeatzeko eredu alternatibo hau. Beraz,
tentuz hartu beharreko kontzeptu polisemikoa izan da ere, baditu
dagoeneko, eta lurraldearen antolaketari dagokionez batez ere,
kodifikatze prozesuan dauden oinarri interesgarriak. Horrela, Europar
Batasunetik bertatik landu diren dokumentu eta erabakietan, baita,
Erkidegoko lurraldearen antolamendua beste eredu alternatibo batetik
enfokatzeko balio dezakete.

Lurralde
Antolamenduaren ardura duten Ministroek, 2006 urtean Lisboan egin
zuten Bilkuran (CEMAT)
bi ebazpen adostu zituzten. “Garapen
polizentrikoari buruz:lehiakortasuna bultzatuz, kohesioa hobetuz

lehena, eta “Lurraldearen Gobernantza: eskuartzeko ahalmenak
sendotu, hobetutako koordinazioaren bitartez”
bigarrena. Oinarri
nagusi bat, kontsensua bilatzearena da, antolamenduaren eszenatoki
bakoitzak sortuko dituen eraginak (onurak-kalteak-arriskuak)
gardentasunez azaldu behar dira eta partaidetza zabalaren bitartez
eztabaidatu behar dira. Gainera, politika sektorialen arteko
koordinazioa ezinbestekoa da, eta horretarako egitura administratibo
eta politiko egokiak sortu behar dira, edota daudenak zeregin
horretarako egokitu. Erabakitze guneak sare modukoak izan behar dira
helburu hauek lortu nahi badira, eta partaideak subsidiariotasun eta
erreziprozidadearekin
aritu behar dira.

Ezin
da esan Euskal Hiria delakoaren proiektuaren mamitze prozesuak,
oinarri aurreratu hauek bilatu dituenik. Argi dago, kontzeptuz,
“berrikuntzaren lurraldea” izan behar baldin gara, ditugun eredu
instituzionalak ere berrikuntza asko bereganatu behar dituztela,
koordinazioa, kontsensua, erreziprozidadea eta beste jardute-erak
nagusitu behar badira. Adibide bat, Euskal Erkidegoko Lurralde
Antolamenduari buruzko 4/1990 Legeak sortu zuen Lurralde
Antolamendurako Batzordea, kontsulta hutsa eta eragin lotesle gabeko
duen izaera hori, eta partaideen jatorri instituzional hutsa, hain
nabarmena eta hain esanguratsua, goitik behera eraldatu beharko zen,
nonbaitetik hastearren.

Euskal
Hiria egitasmoa osatzen duten dokumentuetan ez da inguru honetako
inolako hausnarketarik azaltzen. Berrikuntzaren lurralde horretarantz
abiatzeko, betiko erakundeak eta jardute moduak, goitik-beherako
agintea, deskoordinazioa, triplizidadea,…nahiko eta egokiak omen.

Iruzkinak (2)

  • aldiri

    Kaixo! Bi kontutxo:Nire ustez, Shangain saltzen saiatu direna ez da soilik lurralde-hiriburu produktua, baizik eta lurralde-hiriburu-eraikinespektakularra. Hango merkatura eraman duten salgaiaren izena ez zen Bilbo-Bizkaia edo Bilbo-EAE, baizik eta Bilbao Guggenheim ++. Bide batez, nor dago erakusketaren antolatzaileen artean? Bai, zuk aipatutako Metropoli fundazioa… Zer izango da hurrengoa, Euskadi Guggenheim ++++?Zurekin ados banago ere, zalantza bat dut: LAA berrien (eta zaharren) herritarren parte-hartzerik gabeko gobernantzak lurraldean desoreka nahikoa sortzen baldin badu hiru hiriburuen alde, zer gertatuko litzateke benetako gobernantza parte-hartzaile batekin, zeinetan biztanle gehienak hiri(buru)tarrak baitiren? Ez al litzateke are handiagoa izango hiritarren aldeko desoreka?

  • hiripublika
    hiripublika says:

    Ados, partehartzeak, berez,
    zentzu neutroan hartuta, ez du emaitza desberdin eta hobeago bat
    bermatzen (leku arrunten multzoan sartu da “partaidetza”-rena).
    Egungo erabakitze sisteman, hala ere, eskuhartzen duten agenteak
    instituzionalak, boto-emaileen gehiengoa hiriburuetan biltzen dela
    jakinean direla hartzen dituzte erabakiok; beraz,okerrera ez luke
    egingo, behintzat. Aldiz Lurraldearen Gobernantzaren proposamen
    dialektiko honek (dialektikoa izanda, ez du emaitza errepikagarriak
    sortarazteko gaitasuna, ez da zientzia), lurraldearen antolamenduaren
    inguruko erabakitze prozesuei lortu beharreko jomugak jartzen dizkie,
    aipatutako lurraldearen kohesioa eta eusgarritasuna-iraunkortasuna,
    alegia. Prozesu horretan, elkarrekikotasuna, koordinazioa eta
    adostasuna bilatzea dira zutabeak. Eskema honetan, eskualdeek
    subjektu izan beharko lirateke. Bide eta modu berritzaileak eskatzen
    du guzti honek, jakina…baina…ez diote ba ”berrikuntzaren gizartera”
    goazela?

Utzi erantzuna Unai Fdz. de Betoño(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude