Nekazaritza politikarako Lege berria: nekazal lurraren balore estrategikoa eta jabegoaren funtzio soziala

Urte bukaeran, Legebiltzarrak Nekazaritza eta Elikagaigintza Polítikarako Legea onartu zuen (Abenduaren 23.ko 17/2008 Legea). Lege berri honetatik, blog honen eremurako (hiria eta lurraldea) adierazgarri gertatzen diren atalak azpimarratuko ditugu. Horrela, eta hasteko, Zioen Azalpenean, Nekazaritza jarduna sektore estrategikoa dela aldarrikatzen da “bertako lurralde eta ingurumen-kudeaketaren erdigune baitira; erantzukizun inplizitua jartzen dute Administrazioaren bizkar, gune eta jarduera horrekiko politika iraunkortasun-irizpideen arabera egin behar da eta”. Azken urteotan, sektoreak izan duen gainbehera, eskualde batzutan ia-ia desagertzera ere heldu da, botere publikoetatik egon den noraeza penagarria izan delako (emaitzek eta egungo egoerak esaten dute dena). Kinka larri honetan eragile negatiboak izan direnak ere aipatzen dira, “nekazaritza-guneak hirigintzaren, azpiegituren eta industriaren eragina eta esku-hartzeak jasaten ditu, eta, horren ondorioz, nekazaritza-jardueraren ekoizpen-baliabide nagusi gisa eta euskal landa-eremuaren elementu egituratzaile gisa duen funtzioa ahultzen ari da pixkanaka”. (pixkanaka ¿?).

Legearen II Titulua, nekazaritza lurraren estrategiari buruzkoa da, eta aurretik ere 1990 urteko Lurralde Antolamenduaren Legeak aurreikusten zuen nekazaritzaren balore estrategikoa berresten du. 4/1990 Legeak, jada orduan ere, Lurralde Antolakuntzarako Artezpideak arautzean, bere gutxieneko edukieraren barruan (6 artikulua) nekazaritza balore altuko lurrak zehaztearena zegoen, hain zuzen ere hiri hedapenaren presiotik babesteko. 1997 urtean onartu ziren Lurralderako Arteztarauak, Ingurune Fisikoaren Matrizea diseinatzerakoan, Nekazal Lurren babes eremua sortu zuten, eta ondorioz, udal hirigintza plangintza guztietan, derrigorrez lur sailkapen hau zehaztu beharra dago. Gauza da, Lege berri honek, agian askorentzat zentzugabea edo hutsala zen lur sailkapen mota honi, lege indarreko berrespen bat eman diola, ze “interes sozialekotzat” izendatzen ditu (16.1 art)

Baina benetan aipatzeko berrikuntza, nekazal lurren jabegoari dagokion funtzio soziala arautzea da. Horrela, 9 artikuluan, ustiategiko titularren betebeharren artean nekazaritza lurrak gutxiegi erabilita ez edukitzea agertzen da, eta ondoren, betebeharren hori urratzen bada (20 art), administrazio publikoak, esku hartzera behartzen ditu. Eta azken urratsean lursailaren erabilera funtsa publiko bateri laga beharko dio:

21. artikulua.– Lurraren erabilera nekazaritza-lurren funtsei lagatzea.(…..)

2.- Landa-lursail edo -finka batek ez du betetzen lurraren erabileraren funtzio soziala, baldin eta lursail edo finka hori bi urtez segidan egon baldin bada gutxiegi erabilitako lurren inbentarioan (20. artikuluan, nekazaritza-lurrari buruzkoan, ezarritakoa).

3.- Deklaratzen bada landa-lursail edo -finka batek ez duela betetzen lurraren erabilearen funtzio soziala, lursail edo finka hori kokatuta dagoen ustiategiko titularrak nahitaez laga beharko dizkio lursailok, hamar urterako gutxienez eta hogeita hamar urterako gehienez, nekazaritza-lurren funtsei, baldin eta lur horien jabea bada.(….)

Azken muturrera eramanda, gutxiegi erabiltzen duen jabeari 104 artikuluan isuna jartzea ere aurreikusita dago.

Dena dela, araudi hau ez da inola ere, gure inguruan indarrean dagoen lehena ezta zorrotzena ere. Andaluzian, 1984 urtean onartu zen bertako nekazaritzaren eraberritzerako legea (Ley 8/1984 de Reforma Agraria), eta hurak ere nekazal lurren gutxiegizko erabilera arautzen zuen, baina lurren desjabetzea planteatzen zuen, ordea. Eskuineko alderdiek, lege hau Auzitegi Konstituzionalera eraman zuten, baina erantzun bezala, lurraren jabegoaren funtzio sozialaren doktrina ezartzeko balio izan zuen epaia atera zen (37/1987 epaia) epaia hemen, eta ondorioz zentzu honetako araudiaren erabateko legezkotasuna ezarri zen , behin betiko (hemen ere, norbaitek, jabego eskubide sakrosantuaren kontrako urratzea dela eta zantzuka hasteko tentazioa izango balu… hor abisua).

Asuntoa izango da legalitate formaletik, guzti hau benetako zuzenbide erreala bihurtzea, eta hor dago nekazari gazteak eta lurrik gabekoak sektorera sartzeko presio legitimoa egiteko aukerazko helduleku paregabea, legeak horrela bermatzen du eta. Galdera da, ea arduradun diren erakunde publikoak (nekazaritza sailak) benetan sinetsita dauden bide honi abiada emateko, eta kultura honetan lurraren jabegoari eman izan zaion eduki extra-legalari buelta emateko; eta bestetik, hirigintza garapenekin bat-batean aberasteko irudikapenak bazterrera zokoratzeko borondaterik ba ote dagoen. Legean zehar “koordinazio” hitza aipatzen da sarri, baina ez al da garaia, erakundeen jardunari “koherentzia” exigitzeko? Ba horixe da galdera, ze sektore estrategiko honen etorkizuna kinka horretan egongo da… gu izango ote gara nekazaritza likidatuko duen lehen herrialdea ?

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude