Alde Zaharren biziberritzea: etxebizitza politikaren alde baztertua

Elkarte Autonomoko hiri eta herrietan, Lurralde Antolamendurako Arteztarauen arabera 69 Alde Zahar daude zenbatuta. Haietatik, 53-k baino ez dute babes eta birgaitzerako aldarrikapen eta plangintzarik. Horretaz gainera, hiri historikoaren eremutik aruntzago ere, gure etxebizitza parkea zahartzen ari da. Batez beste, etxe eraikinen % 40-ak edo, 50 urtetik gora dituzte. Errealitate hau, eta etorkizunera begira behar den hirigintza estrategia, gure hirietako biziberritzea alegia, Legeetan argi eta nabarmen ageri zaigu; baina, ardatz politikoak, adierazpenetan baino, benetako konpromisoetan aztertu behar dira. Honek, azken finean erakundeen aurrekontuetara garamatza.


Beraz aztertu dezagun Jaurlaritzak, noraino betetzen dituen 2/2006 Lurzoru Legean zehar hirien biziberritzearen alde egiten dituen zentzuzko adierazpenak. Horretarako, etxebizitza politika ikertuko dugu, eta zehazki diru aldetik zein pisu duen biziberritzeak, etxe berrien eraikitzearekin alderatuta. Hola, 2008 urterako Etxebizitza Sailak onartu zituen Aurrekontuetara joko dugu.


Hasteko, 2002-2006 urte bitarterako diseinatutako Etxebizitza Plan Orokorra laburbiltzerakoan ematen dituen datuak nabarmenduko ditugu.













Sustapena 191.000 milioi €
Biziberritzea   32,4 milioi €
Lurzoru erosketa   21,9 milioi €



Beraz, lehen datuek ematen diguten argazkiak erakusten du, Jaurlaritzaren etxebizitza politikaren pisu nagusia etxe berrien sustapenera zuzentzen dela.

Sakonerago joanda, argitu behar da Biziberritze politikarako bideratutako diru honen barruan, diru laguntzei dagokien zatia, 11,4 milioitan geratzen dela. Orduan, diru kopuru hau ikusita (txikia edozelan ere), zergatik ote da? Ez dagolako birgaitzeko eskabiderik? Ez horixe…. 2008rako Aurrekontuetan bertan egiten den analisiak bestelakoa erakusten du, eta testua literalki ekarrita:


Etxebizitza birgaitzeko beharra duten familien portzentajea % 17koa da. Emaitza hori ikusita, euskal familiek azken urteetan adierazitako mota horretako beharra areagotu egin dela esan daiteke, eta aztertutako aldi osoko (1996-2006) portzentajerik altuena erregistratu da oraingoan.


 (…) Etxebizitzaren birgaitze beharra eta eskaria kopuru absolutuetan adieraziz, 134.780 familietan antzeman da beharra.


 Orduan, beharrizana badagoela badaki Jaurlaritzak, eta gainera zenbat eta zaharkituagoa etxe-parkea, orduan eta beharrizan zabalagoa ageriko da etorkizunean ere. Baina diru kopuru gehiena etxe berrien sustapenera bideratzen da, nahiz eta jakina izan sustapena oso erritmo motelean egiten dela eta lortutako emaitzak inoiz ez direla publizitatutako asmoetara heltzen.


 Beraz, nola mozten du Jaurlaritzak beharrizan objektiboa (134.780 familia) eta babesgarriaren arteko lerroa? Ba, diru sarrera indizea oso baxua ezarrita (21.000 €):


(…) Amaitzeko, ezin dugu ahaztu birgaitzeko beharra duten familien % 38k aitortu dutela urtean 21.000 eurotik beherako sarrera gordinak dituztela, hortaz, segmentu babesgarria 51.200 kasutara murrizten da.”


Beste modu batera esanda, beharrizanen % 62a diru laguntza publikoa lortzeko eskubidetik kanpo uzten du.


 Hurrengo taulan ikusi daiteke, noraino baztertzen den birgaitzea eskatzen duen hautagia, eta aldiz, ze aldea dagoen babes ofizialeko etxe baterako hautagaiekin, eta baita, prezio libreko etxe baten eroslearekin:



















eskaria mota

Familiaren urteko gehienezko diru sarrera

Babes ofizialeko etxea erosi                     35.000 €
Prezio tasatuko etxea erosi                     45.000 €
Prezio libreko etxea erosi                     33.000 €
Etxea/eraikina eraberritu                     21.000 €



Taula honetako datuei, beste bat ere gaineratu behar zaie, hain zuzen ere, eskaera mota bakoitzak zein diru laguntza jasotzen duen. Horrela ikusiko dugu benetan, zein politikak duen lehentasuna Jaurlaritzarentzat, eraikitze prozesu berriak edo hiri historikoaren birgaitzeak.

Horrela, Babes Publikoko Etxebizitzen politika, azken finean diru laguntza publikoaren politika da: etxe barri bat, merkatuko prezioan erosi beharrean, diru publikoz lagundutako eta araututako prezio baten erosteko “zortea” da. Jaurlaritzak 2008.ko Ekainean argitaratutako txosten batetan, prezio libreko etxe baten prezioa/m2, etxe tipo batetan, 3.315,70 €/m2 neurtzen zuen. Aldiz, Babes Ofizialeko Etxe baten prezioa 1.334,70€ (-1.981 €/m2), eta modalitate berriko Prezio Tasatuko Etxeen kasuan (legez BOE x 1,7 gehienez), 2.269 €/m2 (- 1.046,7 €/m2).


Laburbilduz, 80 m2-ko etxe tipo baten kasuan, BOE bat “zortean” tokatzen zaionari, 158.480 €-ko “dirulaguntza” ematen zaio (prezio librea eta BOE-ren arteko prezioaren diferentzia), eta Prezio Tasatuko batetan 83.736 €.


Aldiz, prezio libreko etxe bat erosteko laguntzak arautzen dituen Dekretuaren arabera, dirulaguntza, eta Alde Historiko batetan badago kokatuta etxe hori, prezioaren % 6-ra heldu daiteke, eta gehienez 9.015 € (zure diru sarrera 21.000 €-tik beherakoa bada) edo 3.606 € (33.000 €-tara heltzen direnentzako).


Baina, eraberritze obrak egiteko, ikusi dugunez 21.000 €-ko diru sarrera da langa, eta maila horretara heltzen ez direnek bakarrik jaso dezakete diru laguntza, eta kopurua gainera, eta obra nagusiak deitzen diren horietarako bada (eraikineko fatxada, eskailerak, zerbitzu orokorren berriztatzea…) gehienez 5.500 €-koa izango da.


Beraz, datu hauek erakutsita, argi geratu da, etxebizitza politikaren lehentasuna BOE berrien estatistikak loditzea dela, horrek izaten duen zarata mediatikoaren puzte efektua bilatu nahiaz, gainera. Itzalean geratzen dira, aurrekontuak diseinatzeko unean, hiri eta herrietako Alde Zaharrak biziberritzearen aldeko hitz multzo guztiak.


Gure hirietako Alde Zaharren ikuspegi soziourbanistiko azkar bat eginda, berehala nabarmentzen da, bertan zelako giza multzoak bizi diren: bertako betiko pentsiodun agure zaharrak, azken BOE zozketan zorterik izan ez duten gazteak, eta etorkinak. Iruzkin soziologiko hau kontutan hartuta, argi dago, laguntza publiko zuzena eta zabala behar duten jendea dela, baina etxebizitza politikak ez diela laguntza askorik emango, eta ondorioz, beraien esku geratu dela biziberritzearen ekimen ekonomikoaren zati nagusia. Errealitate hau da, benetan Alde Zaharretan gertatzen ari den degradazio prozesuaren ardatza eta zergatia… publizitate gutxirako eman dezake (BOE bloke berrien zozketa, giltza emate, …eta bestelakoekin alderatuta) eta hori da hain zuzen ere, gure Alde Zaharren kondena: ez baldin badago “tajada” mediatikoa ateratzeko aukerarik, ez dago dirua bideratzeko agindurik.


 


 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude