Lurzoru urbanizaezinetik Landa-Lur kontzeptu urbanistikora

Hirigintza Plangintzak,
lurraldearen antolamendu integrala osatu behar duela sarritan adierazi dugu
blog honetan. Aldiz, plangintza egileek arkitektura morfologiaren marapiloetan
zentratu dira nagusiki, Urbanistika bera, jakituria esparru baten mugatu
nahian, arkitekturarena alegia. Baina aspaldi honetan, kontzeptuen dialektikan
baino ez bada ere oraindik, Hiria, Sistema modura analizatzeko ikuspegia
nagusitzen ari da. Horrela, adibidez, hiriaren mugei buruzko eztabaida sortu
da, eta hiriguneak bere inguruarekin “eraikitzen” dituen menpekotasun,
zerbitzu, elkarkidetza,… modu desberdinetako erlazio motak aztertzen hasi da.

Ohizko Hirigintza eskola
tradizionalarentzako, Hiriaren mugetatik at dagoena, “hiri erreserbarako
eremuak” baino ez dira, hau da, bihar edo etzi, hiriak bere zabalguneak
ezartzeko aurreikusita zituen eremuak. Honen ondorioz, lur eremu honek bere
izendegian ere, hirigunearekiko menpekotasuna adierazten du: Lurzoru Urbanizaezina.
Urbanizaezintasun hau, dena dela ere, denporan zehar eta hirigunearen interesen
arabera, aldagarria zen sailkapena izatera mugatu zen: gaur sailkapen hori
jasotzen zuen eremua, bihar bertan, urbanizatze prozesura erakarri litzeteke,
besterik gabe, bere funtzio bakarra hori baino ez delakoan.

Lurralde estrategia mota
honek, eta zehazki gurea bezalako hiritartze dentsitate altuko herrialde
batetan, euskal-urbearen gailentzea ekarri dezake epe laburrean.

Aldiz, beste Hirigintza
eskola bat ere hasi da bere diskurtsoa sendotzen. Urbanistika, ikuspegi
holistiko batetik lantzen duena, alegia, eta Hiria eta Lurraldea Sistema osatu
bat bezala analizatzen dituena (oroitzapena hemen, Javier Garcia Bellido
handiari eta bere “Coranomia” tesia). Ikuspegi integral honen ardatzen arabera,
eremu bakoitzak bere zeregin berezkoak lituzke Lurralde Sisteman, eta zentzu
honetan, Landa-Lurrak ingurumen zerbitzu ezinbestekoak ekoizten ditu (ura,
elikagaiak, bestelako lehengaiak,…) eta hiriaren insumo kutsakorrak birziklatu
(airea, bionaiztasuna, paisaia, aisialdia,…) Beraz, Urbanistikaren dialektikan,
Lur Urbanizaezina sailkapenaren esanahi mugatutik, Landa-Lurra kontzepturanzko
ibilbidea sustatzea proposatzen du.

Urbanistikaren arlo
juridikoak
ere bere ekarpenak egin ditu norabide berdinean, eta, Auzitegi
Gorenak
oraintsu (2008 urtean) eman duen epai bat nabarmenduko dugu, honako honetan. Epai
honen txostengileak jarri duen arreta kontutan hartuta, batez ere zentzu bereko
Auzitegi Nagusi beraren aurreko epaien aipamen zehatza egiterakoan, esan
daiteke, Landa-Lurra kontzeptu juridiko-urbanistikoaren aldeko doktrina
finkatzen duen mugarri baten aurrean
gaudela.

Epaia, Balear Irletako
helegite bat hartzen du aintzat (edo aitzakiatzat), eta Auzitegi Gorena azken
hamarkada honetan finkatzen joan den jurisprudentzia zerrendatua eguneratzen
du. Laburbilduta, Landa-Lurraren doktrina honen adierazleak honako hauek
lirateke:

1.- Urbanizaezina
sailkatua dagoen eremu baten sailkapen aldaketak (urbanizagarri bihurtzeko) berebiziko
arrazoitzea
eskatzen du. Eremu horrek dituen ingurumen, nekazal, paisaia…
izaerako balioak babesteko irizpidea aldatzeko, zein garrantzidun interesa
publiko gailendu behar den justifikatu beharra dago. Gainera, kontutan izanda, Legearen
aginduz, hirigintza funtzio publiko bat dela, Herri Administrazioari dagokio
erizpide aldaketa horretarako frogak aurkeztea.

2.- Babes Bereziko
eremuetan (ekologia, ondare kulturala,… babesteko) plangintzaren arduradunek ez
dute erabakimen askerik; aldiz, eremu horren ingurumen egitateak lotzen ditu
sailkapen urbanistikoa ezartzerakoan.

3.- Plangintzagilearen
“ius variandi” deritzonak, muga zehatzak ditu, hain zuzen ere, eremu horrek
dituen ingurumen, nekazal edo baso balioak ezartzen dutena. Balio horiek
badirela egiaztagarri den neurrian, lurzoru hori, derrigorrez Babes Bereziko
Lurzoru Urbanizaezina bezala sailkatu
beharko da. Esan daiteke,
hiri-lurzoruarekin gertatzen den bezala, legez agindutako sailkapen bat dela,
hau da, ez dagoela aukerarako tarterik.

4.- Babeseko Sailkapen
hori aldatu nahi baldin bada, urbanizagarri bihurtzeko, modu arrazoitu eta
egokian justifikatu
beharko da, babes hori jaso zuenean ez zirela benetako
balioak existitzen edo gerora desagertu egin direla, eta guzti hau, onargarri
diren xede juridikoen ondorioz bakarrik gertatu bada (por causas jurídicamente
atendibles
).

 
Egitan, Epai hau gogoan
edukitzeko horietakoa bada (hemen epaia osorik)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude