Etxebizitza eskubidearen bermerako Lege aurreproiektua

Noizbehinka, Jaurlaritzako Etxebizitza sailak, nolabaiteko “globo zunda”
deitzen diren horietakoen artean jakinarazi ditu, bazuela etxebizitza duin bat
izateko hiritarrok Konstituzio bidez dugun eskubidea bermatuko luken Lege
egitasmo bat. Aspaldi honetan baina, zokoratuta edo duela ematen du (agian
denek agintaldia bukatutzat ematen ari direlako, edo). Bada Lege aurre-egitasmo
horren testu artikulatu bat bueltaka gune batzuetan, Etxebizitza
Sailburuordeak bere blogean du argitaratua, besteak beste, eta hona ere esteka
bidez ekarri nahi izan dugu. Aurreproiektuaren testua

 Aurre egitasmoan nabaritu daitezken arautze saioak honako hauek lirateke:

 – Etxebizitza premia duen hiritar orok, eskubidea izango luke
etxebizitza duin bat izateko eskubidea bere Udalaren bitartez gauzatzeko
exijitzeko (6 artk).

 Beraz, honek esan nahi du, Udalak etxebizitza politika sozialen lehen
arduradunak bihurtzen direla ( 5 eta 12 artk). Beraz, hirigintza plangintzarako
beti eskatu duten autonomia horri, eta orain EEA-ko 2/2006 Hirigintza Legeak onartu
diena (7.000 biztanletik gorako Udalek eurek ematen diete plangintzari behin
betiko onarpena), hiritarren aurreko erantzukizunaren zama dakar bueltan.

 – Eskubide hau bermatzeko epemuga bat jartzen da: 2012 urtea. Epemuga hori
gaindituta, eskubidea gauzatu ezean, hiritarrak epaitegietara jo dezake.

– Eskubide unibertsal hau benetan bideratzeko, Herri Administrazioek
Etxezibitza Zerbitzu  Publiko berri bat
sortzen dute (14 artk) eta Udalek behartuta daude alokairura bideratutako etxe
parke publiko bat sortzera ( 23 artk), nahiz eta Kohesio Sozialaren ardura osoa
Erakunde Publiko guztien artean banatzen den.

 – Etxebizitzen erabilera antisoziala arautzen da, eta modu berezian hutsik
dauden etxeak (89 artk eta hurrengoak).

 
Lege egitasmo honen testua irakurrita, Europa mailan jada indarrean diren
norabide antzeko beste Lege batzuk ekarri digu gogora. Honekin esan nahi dugu,
noizbait aurkezpen ofiziala izaten baldin badu, “erradikalegitzat” hartuko
luketen horiek euren legegintza kultura eza, edo bestela, fede txarra utziko
luketela agerian.

Horrela, politika sozial honetan, aitzindaritzat hartu daiteke Eskoziako
legebiltzarrak 2003 urtean onartu zuen “Homelessness Act” (etxegabeziaren legea).
Lege honek, berrikuntza bezala, Herri Administrazioari “emaitza lortzeko
betebeharra” ezartzen zion. Beraz ez zen adierazpen huts bat, eta horrela,
derrigortasun honen ondorio bezala, epaile baten aurrean eskubidea exijitzeko
prozedura bermatu zen, lehen aldiz.

Baina deigarriena, Eskoziako Gobernuaren konpromisoa aurrekontuetan nola
nabarmendu zen jakitean agertzen da. Legea indarrean sartu zenetik, hurrengo
hiru urtetan zehar, bertako Barne Produktu Gordinaren % 1,5 inbertitu du
etxebizitza politika sozialetan.

Eskozian, Alderdi ezkertiarrek bultzatuta onartu bazen Lege hau,
paradoxikoki, lerro nagusietan antzeko den beste lege bat onartu zen 2007
urtean Frantziako Estatuan
, eskuina gobernuan zela. Villepin gobernu-buruak,
eta hiri nagusien suburbia txiroetan
eman ziren istiluen ondoren, etxebizitza eskubidea bermatzen zuen legea bultzatu
zuen, baita. Frantziako Legean, Gobernuari 2008 urtea jartzen zaio epe muga
bezala, premia larrian daudenei eskubidea benetan gauzatzeko, eta bestelakoei
2012 urterako burutu beharko die. Horrela, mugaren bestaldean, etxebizitza
eskubidea, osasuna eta hezkuntza eskubideen parean jarri da. Are gehiago,
berriki, epaile batek, jada, gobernua errudun epaitu du, langabezian zegoen ama
baten kasuan, eta behartu egin du legean bermatutakoa betetzera.

Europatik zeharkako errepaso honekin amaitzeko, Espainiar Estatuan bertan
ere, Katalunyan zehazki, igaro zen Abenduan bertako Parlament-ak, hemen azaldu
ditugun antzerako Legea onartu zuen (Abenduak 28.ko 18/2007 Legea).

Beraz, propaganda ofizialak Konbergentziaz hitz egiten digunean, eskubide
hau ere lerroburuetan agertarazi beharko luke.

Aipatu dugun Euskal Autonomi Erkidegoko Lege aurre-egitasmo hau, hori
berori baino  ez da oraindik ere:
aurre-egitasmo izateak, esan nahi du, oraindik ez dela Etxebizitza Sailetik
atera, alegia, ez duela Gobernu Kontseiluaren oniritzia (eta susmo osoa dago ez
dela sekula aterako). Dena dela, egi gordina modu autokritikoan onartuta,
gizarte zibila deitzen dena modu oso ahulean agertzen zaigu; eta edozein
politika sozialetan gertatzen den modura, premian dauden guztiek ezinbestekoa
den bultza egin ezean…. kontrako interes taldeak nagusi …. beti.

Informazio-formazio gehiago adibidez  hemen “kepasakonlakasa”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude