Bukatu ote da Arkitektura Eszenatokien espektakulua? Hiriaren Iraunkortasunari buruzko Leipzig –eko Gutuna

Azken urteotako posmodernismo urbanistikoak,
pentsamendu korronte horri dagokion bezala, kontzeptu eta kategorien nahasmena
ekarri digu gurera ere. Horren adierazle izan da, Hiriaren Birgaitze bezala
aurkeztu izan zaiguna (Bilboko “urrezko etorbidea” adibide) eszenatoki ertzi
batetan eginiko arkitektura espektakulua baino ez da izan (Situazionistak
sortutako “espektakuluaren gizartea” esanahian); ez baitu Hirian benetako
krisian dauden eremuetan eraginik izan.

Arkitektura eszenatoki hauen ondorena dator orain,
antzemanda marketin instituzionalaren horrenbesteko aipamena jaso izan duten
esku-hartze arkitektonikoak, agerian utzi dituztela hiriguneek gaur egun
dituzten sakoneko arazoak: gizarte bereizketa eta bazterketa, etxebizitzaren
garestitzea, ingurumen eta osasun publiko arazoak,… Estalki ederrenak ere ezin
ditu oinarrizkoak diren arazoak sekula ezkutatu
. Izan dira urte hauetan
“markadun” arkitekturaren zarataren pean entzunarazi nahi izan diren ahots
kritikoak, baina gor-itsuarena egin beharra zegoen, bizi genuen erakustaldi hauen
aurrean “aldeanoa” zelako traban ibiltzea.

Azkenean, krisi egoerak gainezka egin du,
ezinbestean. Hori da hain zuzen ere, modu kritikoan Leipzig-eko Gutun honek
nabarmendu nahi duena. Gutuna (Charter ingelesez originalean), Alemaniak
Europar Batasunaren lehendakaritza bere esku zuen sei hilabetekoan landu zen,
eta Leipzig Hirian sinatu zuten Estatuetako ordezkariek (2007/05/24).

Gure Hiriak babestu, sendotu eta garatzen
jarraitzeko garapen iraunkorraren hiru dimentsioak izan behar dira kontuan: aurrerabide
ekonomikoa, gizarte oreka eta ingurumen osasungarria
. Bestela, epe luzera, “Hiriek ezin dute gizarte garapen eta hazkunde
ekonomikoaren bultzatzaile izan, ez badira gai hiri barruko eta inguruko
gizarte oreka mantendu, kultura aniztasuna babestu eta ingurumen eta hirigintza
kalitate maila altu bat ezartzeko
”.

Gure artean gauzatzeko alderik zailena, Gutunak
ezartzen dituen Erakundeen arteko, eta bertako kide direnen erantzukizun maila
exijitzea izango da. Gutunak, Gobernu maila desberdinen arteko elkarkidetza
jartzen du kezka nagusi bezala, eta adi, zeren, pertsona arduradunen beharrezko
prestakuntza profesionalari ere eragitera heltzen delako !!!

Gutunak, bi ardatz nagusitan sakontzen du, eta ikusiko
dugunez hemen nagusitu den ereduak (arkitektura esku-hartze soilarena), beste
norabide kontrajarri batetik garamatza. Gauza izango al gara azken urteotako
inertziak berbideratzeko ?:

Gutunak bi ardatz nagusi eta zazpi ekintzarako
estrategia ezartzen ditu:

1.- Hiri garapenaren politika integratuaren
ikuspegiak gehiago erabili.

Zer esan nahi du honek?, ba kontutan izan behar
direla, une berean eta ekitate zentzu batean, koordinatu beharreko espazio,
sektore eta epeei dagozkien arloak. Ezin da bakarrik hiri barnea aintzat hartu,
edo hobeto esanda hirigune handiak bakarrik. Hiria, bere inguruko landa
eremuarekin, eta hiri txikiekin, berdintasun maila baten oinarritutako lankidetza
batera lotu behar da.

Hiri politika integratu hau, hurrengo estrategia
hauetan gauzatu behar da:

a) Kalitate bikaineko espazio publikoak sortu eta
sendotu.

b) Azpiegitura sareak modernizatu, energia
eraginkortasuna hobetzearekin batera.

Arlo honetan, oinarrizkoa da, hiriaren espazioaren
plangintza egoki batetik hastea, hiriguneen hedapen erotua ekidatuz, eta
horretarako lurzoru horniketaren eta espekulazioaren hazkundearen kontrol estua
ezarri behar da. Zentzu honetan, eredugarri gertatzen da, hiri eremuan erabilpen
anitzak elkarrekin ezartzea (etxebizitza, lantokiak, merkataritza, zerbitzuak).

c) Berrikuntza ekintzaileak eta hezkuntza politika.

2.- Hiriaren osotasuna hartuz, gabezian dauden
auzoei arreta berezia eskaini behar zaie.

Hiriek bizi duten arazo nagusia, bertan gertatzen
diren desoreka sozio-ekonomikoak dira. Gainera ez badira sasoiz bideratzen,
desoreka hauek, bazterketa soziala eragiten dute. Gizarte kohesioa eta
integrazio soziala
lortzeko helburuan, etxebizitza politika sozialak ezinbestekoak
dira.

Helburu hau lortzeko, hurrengo ekintzarako
estrategiak ezartzen dira:

a) Ingurumen fisikoa, hau da, eraikinen egoera,
osasuna, eraginkortasun energetikoa… hobetzeko estrategiak bilatu.

b) Hiri mailako ekonomia eta lan politikak sendotu.
Zentzu honetan, suspertu egin behar dira gizarte ekonomia eta hiritarrari
zuzendutako zerbitzu publikoak.

c) Hezkuntza eragilea eta gazteei zuzendutako
heziketa politikak.

d) Hiri garraio publiko eraginkor eta eskuragarria
sustatu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude