Aldaketa klimatikoaren arazoari lurralde antolamendurako politikak egin beharreko ekarpenak (I): ekonomi guneen lurralde sakabaneta arduragabea

Amaitu berria
da Balin egin den Aldaketa Klimatikoaren aurkako Gailurra… beste porrot barri
batekin. Han izan da Jaurlaritzaren ordezkaritza ere, Ingurumen eta Lurralde
Antolamendu Sailburua, Esther Larrañaga, (AHT-ren aldekoa) buru zela. Ez dakigu
ze neurri edo estrategiaren berri ematera joan den, baina, horren aurretik
bertan bildutako herrien aurrean barka eske baten premia nagusitu beharko zen…
ze Erkidegoak azken hamar urtetan Europar Batasunetik, Kiotoko Hitzarmena
betetze aldera, negutegi efektua sortarazten duten gasen isurketa, % 15 igotzea
bakarrik baimentzen zigun
… baina igoera erreala % 28,2 koa izan da, eta martxa
honetan 2012 urterako %36-ko igoera eragingo dugula estimatzen da
(Jaurlaritzaren webgune ofizialetik ateratako datuak).

Hau ez da
inolaz ere propaganda ofizialetik iragartzen den garapen eusgarria, ezta
iraunkorra. Larriena, eta erremina sortarazten duena, aginte publikotik egiten
den “erantzunkizunaren transferentzia” delakoa da: hiritarrok garela gure
eguneroko jardun biziatuengatik egoera hau sortu dugunak, alegia; eta ez dugula
behar beste erabiltzen garraio publikoa, adibidez.

Artikulu
honetan, hain zuzen ere, garraioak edo hobeto esanda mugikortasunaren ondorioz
eragiten den negutegi efektuaren larritzea ikertuko dugu. Noraino, zentzuzko
lurralde antolamendu politika baten gabeziak, azken emaitza bezela,
derrigorrezko mugikortasuna” deritzona biderkatu duen.

Ingurumen
Ministerioak argitaratutako txosten batetan “El
cambio climático en España. Estado de situación. Noviembre 2007”
, hurrengo
datu hauek nabarmentzen dira: 1) Estatu Espainarrak bigarren postua bereganatu du
Europar Batasunean autobide eta autopisten sarearen dentsitatea neurtu ezkero
2) 1990-2005 urte bitartean mugikortasun indizeak bikoiztu (x 2) egin dira. 3)
1975-2005 bitartean ibilgailu pribatuak x 4 biderkatu dira. Txostenaren egileek
lurraldearen okupazioaren eta hirigintzaren ereduak seinalatzen ditu egoera
honen sustatzaile eta eragile zuzenak bezela.

Jaurlaritzak
berak (Garraio eta Herri Lanetarako Sailak) lehen aldiz, hain gogaikarriak, eta
bestalde, ohikoak bihurtu diren eguneroko auto pilaketak sortzen dituzten lan-ordu
galtzeak, istripuak eta kutsadura neurtu ditu, behingoz. Emaitza: hiritar bakoitzari
urtero 930 €-ko faktura irtetzen zaigu… ez da makala !!.

Lurralde eta
hiri planeamenduak erantzunkizun handia dute hiritarren mugikortasunaren
eskabidean, eta gainez egiten duen mugikortasun horreri buruzko erantzunak
baldintzatzen ditu. Zentzu gabe geratzen da, garraio publikoen arduradunek hiri
desplazamenduen kudeaketan norabide aldaketa planteatzea, ibilgailu pribatuaren
erabilera mugatu nahian (horrelakorik balego gurean), lurraldearen erabileraren
plangintza politikak ez baditu zentzu bereko helburuak
barneratzen (hiri bildua
vs hiri sakabanatua).

Arlo honetan,
eta analisia zerbait mugatzeko asmoz, ekonomi jardueretarako kokapenen arloan azken
urteotan eman den lekualdatzeak aztertuko ditugu, eta ze erantzunkizun duten
botere publikoek eta heurek finantzatutako garapen agentziek, eremu
monofuntzionalak sortzeko erabakietan (inbertsioetan). Horrela, nabarmenak dira,
landa eremu erdian sustatu diren parke teknologikoak eta industriguneak. 60-80
hamarkadetan genuen ekoizpen ekonomia ereduaren eraldaketaren ondorioz, gero
eta industri kutsakor gutxiago ditugun garai hauetan, ordea, ekoizpen zentru
berriak hirigunetatik gero eta urrunago kokatu dira
. Ekonomi jardueren
(lantokien, azken finean) sakabanaketa honen arrazoi edo justifikazio bezela,
hiru faktore azpimarratzen dituzte sustatzaileek: 1) periferiako lurren prezioa
merkeagoa dela eta hiriguneetan dauden lur-boltsak kudeatzeko “arazoak” daudela
(espekulazioa), 2) enpresen irudiari ingurumen “natural” horrek ematen dien kalitate
itxura, eta 3) sustatzaile inmobiliarioen euren negozio estrategiak.

Honela,
Jerarquia urbana y areas de movilidad laboral” (Joseba Juaristi. EHU) txostena
jarraituz, 1990 hamarkadan, lantoki gune berrien (edo lekualdatuen)
sakabanaketa prozesuaren datuak biltzen dira: 1) Bizkaian Asuako harana
(Zamudioko Teknologi Parkea) edo Eroski-k Durangaldean ezarri dituen logistika
guneak (Elorrio) 2) Araban: Miñanoko Teknologi Parkea, eta Iruña de Oka eta
Legution zabaldutako industrialdeak 3) Gipuzkoan: Deba-Goienean MCC-ren lurralde
okupazio sakabanatu berrirako estrategia, eta Donnostialdeatik Oiartzun eta
Astigarraga aldera zabaldutako merkatal guneak eta nazioarteko mugarekin
loturiko jarduerak.

Lurraldean
jarduera ekonomikoek izan duten okupazio estrategia berri guzti hauek,
lantegiak biziguneetatik gero eta gehiago aldentzean, bere eragin zuzena izan
dute eguneroko pertsonen derrigorrezko mugikortasunean, lanera joateko
mugimenduetan hain zuzen. Juaristiren datuen arabera 1991 urtean biztanlegoaren
% 54,7-
a bizi eta lan hiri berdinean egiten bazuen, 1999 urtean indize hori %
49,9 ra jeitsi zen
. 2007 urtean, beste indizi bateri erreparatuz, Jaurlaritzak
Mugikortasunari buruzko Ikerketan agertutakoak, lurraldearen lotura gaitasun
hau (bizi eta lan udalerri berdinean lotzeko ahalmena) % 45,6 –ra baino ez da
heltzen.

Jaurlaritzaren
Mugikortasun
Ikerketa honekin jarraituz, datu biren indizeak lotzen badira:
lanera joateko biztanlegoaren % 54,4 –a bere hiritik mugitu behar dela alde
batetik, eta lanerako mugimendu hoien % 60 –a ibilgailu pribatuan egiten direla
bestetik. Eta indize horiei, High-Tech lantegiak eta bestelakoak hiriguneetatik
zein urruti kokatzen ari diren eta batez ere, haietara heltzeko ez dela garraio
publikorik aurreikusi gaineratzen badizkiogu, horra hor negutegi efektua
areagotzeko koktel perfektua. Eta lurraldean jardueren sakabanaketa hau eta
kutsaduraren erlazio zuzenari buruz, inolako dudarik geratzen bazen, beste datu
ofizial bat: garraioak eragindako kutsadura 1990-2005 urte bitartean % 100 igo
da, eta egun, negutegi efektua eragiten duten gasen % 23 aren sortzaile izatera
heldu da, eta jada, industriak sortutakoari aurre hartu dio (% 22,7).

Benetako
paradoxa da, lurraldearen okupazio estrategia berri honen eragile nagusia,
agentzia publiko bat izan dela: SPRILUR deritzona. Bere jarduera 1982 urtean
hasi zuen, eta 25 urte hauetan 80 Industrialdea eta Parke Teknologiko sustatu
ditu, eta orotara 7,5 milloi m2 urbanizatu ditu.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailburuak,
aldaketa klimatikoaren errua guri hiritarroi leporatzen digu, kotxea larregi
erabiltzen omen dugulako. Galdera zuzena da: Ingurumen Sailburuak SPRILUR-eko
Administrazio Kontseiluko kide ere den heinean, jakitun ote da landa erdian,
hirigunetatik urrun eta inolako garraio publikorako azpiegiturarik gabe,
industrigune berri bat eratzeko inbertsioari aldeko botua ematen dionean,
aldaketa klimatikoaren eragile biderkatzaile gisa zer nolako erantzunkizun
zuzena bereganatu beharko luken?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude