Itsasertzaren Arloko Plana: euskal kostaldea babesa eske


Igaro den Apirilean, eta azken bolada
honetako eskandalu urbanistikoen aurrean irmotasuna adierazteko eta politika
publiko aurrerakoi eta babeslearen ikurra bezela, Jaurlaritzako Ingurumen eta
Lurralde Antolamendu Sailburuak (Esther Larrañaga –EA-), Itsasertza Babestu eta
Antolatzeko Lurralde Arloko Plana
aurkeztu zuen. Prentsaurrekoaren
titularretan, euskal kostaldean urbanizaezina bihurtzen zen 500 metroko eremu
babestu bat ezartzen zela azpimarratzen zen modu ikusgarrian. Estatuko legediak
ezarritako 100 metroko babesgunea, bost aldiz zabaltzen zen, eta horrela gure
kostaldearen “blindaje ekologikoa” hobeto bermatuko zela aldarrikatzen zen.

 
Sendotasun erakustaldi honen ondoren, Plan
hau benetan ezagutzeko (eta ospatzeko) irrikak bultzatuta, eta dokumentu mota
hauek eragiten duten asperkeria albo batera utzita, sakonean aztertu dugu.
Emaitza, aldiz, bestelakoa dela esan behar da, atsekabea, eta haserre puntu bat ere sortzeraino; berriz, marketing
politikoa, ezereza puztu nahian dabilelako, ….itsurakerietan.

 
Aztergai bezela, hurrengo atalak nabarmendu
daitezke:

 
A.- Plan honen izaera:
Lurralde Antolamendurako Planen arteko eskala ierarkikoan duen pisua eta
gaitasun loteslea.

 
Hasteko, Lurraldearen Zatikako Planak, Plan
honi nagusituko zaizkio, hain zuzen ere, kostealdeak jasaten dituen horzkada nagusietan: azpiegiturak eta
hirigintza garapenerako eremuak definitzearkoan, alegia. Nabermena da adibidez,
kostaldearen gain sortzen duten presio urbanistikoa Bilbao Metropolitanoa, Deba
Barrena edota Urola-Kostari dagozkien Planak.

 
Egia da, Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren
Legearen arabera (4/1990 Legea), arau orokorra dela (17 artikulua), Zatikako
Planak Arloko Planen gainetik daudela. Baina, arau honek, salbuespen bat badu,
hain zuzen ere, Jaurlaritzak bestelakoa agintzen badu, Arloko Planaren edukiak
“berebiziko herri interesa” duela ebatzi ezkero. Esango didazue ea euskal
kostaldea ez ote dagoen horrelako salbuespen egoeran, erabaki hau ez hartzeko
!!

 
Baina sakonerago joanda, gauza bera gertatzen
da, formalki ierarkia maila berdinean egon beharko lirateken beste Arlokako
Planekin. Plan honek, ordea, bere burua azpitik jartzen du. Bereziki, Portuen
eta Landa-Baso Arlokako Planei buruz ari gara, nahiz eta, oraindik onartu gabe
dauden. Hortaz atera kontu, ze babes mailari eutsiko dion Plan honek kirol
portuen hedatzea edo ekologikoki eusgarriezina den baso ustiakuntza sustatuko
duten Planak indarrean jarriko direnean.

 
B.- 500 metro
zabalerako babes gunea iragartzen da, baina eremu horrek ez du babes maila berdina
bere osotasunean.

 
Eremuaren barnean, zazpi antolamendu
kategoria bereizten dira (ez da sailkatze makala !!). Kategoria hauetako bakoitzak
babes araudi mailakatu desberdin bat du, eta sakonki aztertuta, benetako babesa
eskeintzen dutenak, lehenengo biak baino ez dira: Babes Zorrotz Berezia eta
Babes Bateragarri Berezia azpikategoriak, hain zuzen. Gainera, kategoria
bitarteko babesaren murrizketa metodologia hau, larritu egiten da,
argitaratutako planoetan bi kategoria hauek ze lurralde eremu urria duten
ikusita. Esan daiteke, Estatuko Itsasbazterraren Legeak (22/1988 Legea)
ezartzen duen Jabari Publikoaren marraren bitartekoa baino ez dutela hartzen.
Lurralde eremu zabalena babes maila baxuagoa duten kategoriak osatzen dute,
Basoa eta Landazabala kategoria izena dutenak.

 
Esandako honen islada da, 10 artikuluan aurreikusten
diren Artezpide Orokorrak deiturikoak, non ez dan ezartzen ezta galarazpen
minimo bat ere, ezta Babes Bereziko eremuentzat. Azpiegiturak edo ekipamenduak,
zentzu zabalean “ahal baldin bada” Babes
Berezikotzat ketegorizatu direnetan kokatzea
saihestuko da”
.

 
Bi atal hauek ardatz bezela hartuta, eta 29
artikuluan laburbiltzen den arautze xehatua jarraituz, etorkizun iluna
aurreikusi daiteke, kontutan izanda ze erabilera mota diren “onargarriak”:

 
1.- “Aisialdirako” erabilpenen
artean:  Motordunen ibilgailuentzako zirkuitoak eraikitzea, Golf zelaiak
(edo golf
resort
esan beharko) eta ehiza.
(No coment)

 
2- Baso ustiakuntza intensiboak onartzen dira, eta horrez gain “denbora mugagabean erabilpen mota hau
bermatzen da, masen produkzio iraunkorra ziurtatuz
” (21 artikulua). Arau
honek, ezinezko bihurtzen du, etorkizunerako oinarri ekologikoa edukiko luken
beste baso politika bat abian jartzea, jabeen interes patrimonialak Plan honen
bitartez “bermatuta” geratzen bait dira. Ondorioa: eukaliptusa euskal
kostaldean betirako.

 
3- Harrobiak ere onartuta daude, Berreskuratzeko Eremu Narrituak (MA2)
deritzonetan barne (¿?)

 
4- Aparteko komentarioa merezi
du, D.7.3 eta D.7.4 kodea duten erabilpenak, Babes Bereziko kategorietan
onartzea. Erabilpen hauek, “ontzien
amarradura
” eta “ur gaineko
ontziralekuak
” dira. Orduan, atera kontu: kirol portu “antolatuez” gain (ia
muga gabe sortu daitezkenak, horreri buruzko Arlokako Planak aurreikusi ezkero),
bestelako ainguraleku “informalak
ere onartzen ditu kostaldearen babeserako
Plan honek.

 
5- Eta zer esan hirigintza hazkundeei buruz. Ezin aurre
egin “adreiluaren sukarrari”. Arlo honetan, Planak finkeria tekniko batekin libratzen du itsura egitea, ze “lehendik dauden guneetan oinarritzen diren
hazkundeak
” bakarrik onartzen ditu. Muga bakarra, babes berezia den EPE
kategoria da,…. ze hori bakarrik behar genuen, jabari publikoko lurraldean ere
urbanizatzea ¡!!. Aldiz, ez dago, antza, inolako mugarik gune hoien zabalkunde
etengabeari, beste gainontzeko kategorien kontura egiten bada.

 
Ez dago itxaropenerako betarik Plan hau
eskutan hartuta. Orain arte euskal kostaldea kinka larrira eraman duten
interesa pribatuak agindu dute datozen urtetarko ibilbidea, garapenkeri itsuaren idi gorriak…

 
Amaitzeko, deigarria eta aldi berean
adierazgarria geratzen da, Plan hau onartzeko landutako Diagnostikoa: bigarren
etxebizitzaren sustapenak non garatuko diren edo hainbat azpiegitura eremu
honetatik igaroko direla egiaztatuta ere, garapen eredu hau kostaldearen
babesarekin koherentea dela
antzematen da. (20-31 orr.)

 
Bide batez, argitu, Plan honen egilea enpresa
pribatu bat izan dela, Tecna SL aholkularitza pribatua… aiaiai….

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude