Hirigintza Legearen aukera baztertuak I : Hiri Demokratikoa


Aurreko urteko Ekainean onartu
zuen Legebiltzarrak Euskal Erkidego Autonomorako Lurzorua eta Hirigintzari
buruzko Legea (2/2006 Legea), nahiz eta gero, irailaren 20arte vacatio legis aprobetxagarria eskeini
zuten (zenbat egitasmo onartezinek jaso duten hasierako onespena bi hilabeteko
tarte horretan, Lege berriari ihes egiteko…..)

 

1997 urtea geroztik, eta
Auzitegi Konstituzionalak emandako epai zaratatsuaren ondorioz, hirigintza eta
lurralde antolamendurako politikak, Erkidego Autonomoen eskumena direla ezarri
zen. Ordutik, Estatuan dauden 17 Erkidego Autonomoek bere Hirigintza legedia
onartzen hasi ziren, epaiaren aginduz indarra berreskuratu zuen 1976 urteko
Estatuko legedia ordezkatuz. EEA-a izan da bere legea onartu duen azkena, hamar
urte beranduago !!.  Horrenbeste denpora
behar izatea, besteak baino emaitza hobeagoak lortzeko balio izan beharko zuen
( beste erkidegoen akatsak, hutsuneak,… ez errepikatzeko, hamar urte hauetan
sortu edo agertu diren aurrerapausuak gureganatzeko…) eta legearen ardura hartu
zuen Jaurlaritzako Sailburuak (Javier Madrazo -EB-) horrela aurkeztu zuen,
Europako aurrerakoiena ere bazela agindu zuen !!

 
Oraingo honekin hasten dugun
seriean, Ardura Publikotik hirigintza berri bat lantzeko galdu eta baztertu
diren aukerak adierazten saiatuko gara.

 

Partaidetza
eta Hiri Demokratikoa. Aurrekariak

 
Estatuan, Hirigintza
legedia, 1956 urtean hasi zen eta 1976 urtean, bigarren Lurzoru Legea agertu
zen. Datak ikusita, ez dago argitu beharra, frankismo garaikoak direla
ikusteko. Halan da be, bigarren legean, hirigintza egitasmoak informazio
publikora aurkeztu beharra (27 eta 55 art) eta legedia betearazteko auzibidera joteko
akzio publikoa (235 art) bermatzen ziren (erregimenaren “irekitze” saioa,
alegia).

 
1992 urtean argitaratu zen
aro demokratikoaren Lurzoru Legea. Beste aurreko biak zatika aldatzen zituen,
1990 urteko erreformaren bitartez. Ez da ahaztu behar testu bateratu bezela
aurkeztu zela. Lege honetan, berrikuntza bezela, Herri Administrazioei,
hirigintza egitasmoak onartzerakoan interesdunen partaidetza bermatzeko agindua
ematen zaie (4 art). Dena dela, partaidetza hori, legedi predemokratikoen
neurri berean uzten da: informazio publikorako (43 eta 114 art) eta auzibidera
joteko (304 art) eskubideetara mugatzen da.

 

EEA-ko
2006.ko Legea: aurreko lerro beretik

 
2006 urtera helduta, EEA-ko
Lurzoru eta Hirigintza Legea dugu orain indarrean. Interesgarria izaten da beti
zioen adierazpenak irakurtzea, gero lege indarra duen testu artikulatuarekin alderatzeko,
eta horrela legegilearen aurre adierazpenak zintzoak diren hala ez argitzen da.

 
Lege honetan, sei helburu
nagusietatik, seigarrena, hiritarren partaidetza eskubidea bermatzea dela
azaltzen da, eta 8 artikuluak “hiritarren parte-hartzearen printzipioa”
izenburua du. Izenburuaren azpian, printzipio honeri legeak ematen dion
benetako hedadura agertarazten da: izapidetza administratiboetan interesatu
gisa agertzeko, informazioa eskuratzeko eta auzibidera joteko eskubideak.
Alajaina!! 1976 urteko Lege
predemokratikoak onartzen zituen eskubide berberak, ez gehiago…

 
Legean aurrera eginda, eta
Hirigintza Egitasmoen onarpen izapidetzari lotutako ataletan, hiritarren
parte-hartze printzipioen beste agerpen bat aurkitzen dugu. Dena esateko,
gainera, aurkezten den formula ez da berton sortutakoa izan, Kataluniako
legediatik zuzenean kopiatuatakoa baizik. Formula honek, “parte hartze
programa” (108 art) eta “Udal Plangintzarako Aholku Batzordea”(109 eta 110 art)
ditu tresna bezela.

 
Kopiatutako bi tresna hauek,
benetako berrikuntza aurrerakoi gisa diren edo itxura hutsean geratzen diren,
oraindik bakoitzaren fede mailaren araberako epaia da, ez bait dira, legea
indarrean dagonetik hilabete batzuk baino igaro (datu gisa, EUDEL-ek oraindik
ez du argitaratu Udal Ordenantza eredu bat bera ere). Baina Legeak duen
idazkerak, iruzurrari ate asko zabalduta uzten dizkio:

 
– Hasteko, derrigorrezkoa
bihurtu den “parte hartze programa” deitzen dena, azkenean informazio programa
baino ez da: jendaurreko bilkurak eta zabalkunderako materiala ateratzera
mugatzen da, gehienez jota.

 
Aholku Batzordea: ez da
udalerri guztietan derrigorrezkoa (7.000 biztanletik gorakoetan bakarrik),
kideen konposaketa Udal bakoitzak onartuko duen araudiaren esku uzten da eta
azkenik, Batzorde honen proposamenak edo alternatibak ez dira lotesleak izango
Udalbatzarentzako.

 
Benetako parte-hartze
sakona, hau da erabakian parte hartzekoa, 108.b artikuluan aurreikusten da.
Baina begira zer nolako ikuspegi
ideologiko makurretik
dagoen araututa: udal barruko herri kontsulta,
Planean sartutako konturen bati buruz “herritarren artean eztabaida larriak”
daudenean egingo da. Legegileek, Gatazkaren Gizartea eternizatu nahian
dabiltzala ematen du ¡!

 

 
Legeak
baztertutako aukera: Hiri Demokratikoa

 
Udalerri bateko Hirigintza
Planeamenduak duen edukiagatik eta batez ere, bere historian izango duen eragin
determinatzaileagatik, benetako erabaki konstituziogile baten antzeko izaera
hartzen du. Hiriaren iragana nola gaurkotuko den eta proiektatuko den
etorkizunera, lurralde okupazio barriak, mugikortasuna, hiriguneaz haratago
dagoen inguruarekin ze erlazio mota izango den… guzti hau Planeamenduan
ezarriko da, eta horren ondorengo emaitzak edo kalteak ia atzeraezinezko
bihurtuko dira. Beraz galdera zuzena hurrengo hau da: lau urterako agintaldia
jaso duen udalbatzarrak tamaina honetako arabaki bat har lezake, bere kabuz? Ez
al duzue sakoneko defizit demokratikorik
ikusten?

 
Udal gobernuei buruz, azken
urtetotan argitaratutako hainbat lege, arau, hitzarmen etabarreko saiakerak,
oro har, hiritartasun eskubideak deitutakoak eguneroko udal erabakietan nola
barneratzeko saiakerak izan dira.

 
Hasteko, 2003 urtean
Estatuko Legedia den Tokiko Gobernuak
Modernizatzeko Neurriak
deituriko legea aipatu behar, 1985 Tokiko Araudiaren
Oinarriak ezartzen zituen legea aldatzen duena. Bertan, 70 biz artikulu berri bat sortu zen, hain zuzen ere hiritarren
parte-hartzea sakontzen duten neurriak aipatzen dira, batik bat: Udalei eurei,
herriko gai publikoetan hiritarren benetazko parte hartzea gauzatzeko izaera
organikodun arauak eta prozedurak ezartzeko agindua ematen zieten. Jarraian,
lege honek, hiritarrak udal arazoei buruzko herri ekimena abian jartzeko
eskubidea arautzen du, lehenengo aldiz.

 
Baina barneko araudiaz
aparte, Europako herrialdi aurreratuenetan sortutako ekimenak ere honaino heldu
zaizkigu, atzerapenarekin bada ere. Horren adibide da, 1994 urtean Aalborg
hirian (Danimarka) sinatutako Eusgarritasun edo Iraunkortasunerako Europako
Hirien Gutuna. Gurera, hamar urteko atzerapenarekin heldu da, baina egun,
Udalsarea 21 deiturikoan barneratuta, Erkidego Autonomoko 138 udalek sinatu
dute. Aalborg-eko Gutun honetan
ezartzen diren helburuetarako heltzeko, ezinbestekotzat ematen da hiritarren
protagonismoa eta parte-hartzea: erantzunkizunak
elkar hartzea, kooperazioa
, eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte
hartzea bezalako oinarriak baldintza gisa jartzen dira.

 
Zentzu berean, 1998 urtean
eta Danimarkako beste hiri baten (ez da kasualidadea), Aarhus-eko Hitzarmena deiturikoa sinatu zen: ingurumen arloan
informazioa eskuratzeko, erabakietan parte hartzeko eta auzibidera joteko
eskubideei buruzko Hitzarmena. Hitzarmen hau, 2003 urtetik Europar Batasuneko
Arteztarau bihurtu zen (2003/4/CE eta 2003/35/CE), eta 2006 urtean Estatuak
Lege bitartez bertaratu du. Aarhus-eko Hitzarmenaren 7 artikuluan deigarria da,
hiritarren partadidetza sustatu behar dutela sinatzaileak, “gardena eta bidezko esparru baten”. Aldi berean, auzibidera joteko
eskubidea bermatzea du helburu hitzarmenak (9 art.), eta eskubide hau errealago
bihurtzeko, lege bidez, auzibidea “azkarra
eta dohakoa
“, edo behintzat kostu txikikoa izatea bermatzea aurreikusten du.

 
Gure inguru kultural eta
juridikoan, erabaki publikoetan hiritarren parte hartzea eta prozesuaren
gardentasunari buruz eman diren aurrerapausuak errepasatuta, ondoriztatu
daiteke EEA-ko 2006.ko Lurzoru eta Hirigintza Legeak, albo batera begiratu
duela, eta eskura zeuden bestelako aukerak baztertu dituela. Atzerapausua eman
duela ere esan daiteke. Gizarte eredu moderno, garatu eta heldu batek bestelako
bideak zabaltzea eskatzen zuen, eta gainera kontutan izanda izaera juridiko
positiboan gauzatuta dauden ereduak badirela, aipatu diren eran, ez direla
zientzi-fikzio juridikoak.

 
Kontraesana osoa da gainera,
Plangintzaren behin-betiko onarpena Udalen esku geratzea zuzenenan (7.000
biztanletik gorakoetan), Estatuan inork hartu ez duen bideari ekinez, erabaki ausarta
bezela aurkeztuz, Udalei heldutasun osoa aintzat hartu behar zaiela argudiatuz;
baina aldiz, gizarteari, hiritarrei, heldutasun aitorpen berbera ukatzea.

 
Hiri
Demokratikoa eraikitzeko
, Plangintza,
hiritar guztiek, prozesu proposatzaile
baten ondoren zuzenean erabakitako egitasmoa
izan behar da. Egitasmoa,
egite bihurtzen joateko, hirigintza prozesu dialektiko gisa hartuta, interesa
publikotik gidaritza eskatzen du, eta horretarako, kudeaketa gardena bermatu
behar da. Eta jada gizarte honek badaki, gardentasuna, hosgabetutako bulego
isilekin edota jatetxe eta soziedadetako “mahai-zapiko
hirigintzarekin
” bateraezina dela. Horregatik, zinegotziek osatutako ohiko
hirigintza batzordeek ateak zabaldu behar dizkiete hiritarrei, eta batzorde eraberrituok lotesleak
bihurtu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude