Calatrava vs Isozaki… Bilbon. Bi divo Hiri Posmodernoan

    A ze espektakulua….zioen The
Jam punk taldeak , 80. hamarkadan atera zuen kantu ezagun batek, gurean, Gari
rockeroak euskeratu zuena.

    Bilbo, Espektakulu Hiria
bihurtzen ari direla bistan dugu denok. Baina, azken aste hauetan gertatzen ari
den polemika zurrunbiloak, ahalegin konziente horreri beste koska bat eransten
dio. Arkitektura Globalaren bi divo, Calatrava
vs Isozaki, elkarri mokoka… edo egia esanda, bakoitzak bere ordezkaria
bidalita, lan neketsu horretarako (Pertsonaia lokatzetik babestu behar da). Eta
Udalak, gu, hiritarrok, orain, arazo artifizial honetan, eritzi bat, posizio
bat izateko premiatzen gaitu.. ze, aizu, Bilbo Barriaren egitasmoa da eztabaidan
dagona. Gure egitasmoa da,
arkitekto batek, bere ego-keri
horregatik kolokan jartzen duena, epaitegietara ta guzti jo du eta.

    Gogoratu beharra dago,
Zubi-Zuri izena duen horren egitasmoak ez zuela bere garaian, lehiaketa publiko
baten bermea izan. Orduan, hiritarrok, ez genuen aukerarik izan egitasmoa
ezagutu eta baloratzeko. Berdin gertatu da, Isozaki Atea deitzen den horrekin.
Eta , adi, Pelli – Iberdrola Dorrea, orain eraikitzen hasiko diren horren
berri, hedabideek eman digute. Orduan, ez genuen informazioa eskuratu,
entzule-ikusle pasiboaren papera betetzera mugatu gaituzte, besterik ez.


Modernitatea eta Posmodernitatea

    Hiri-Posmodernoaren espektakulua dugu
aurrez-aurre. Modernitateak, arkitekturan eta hirigintzan., balore unibertsalen
bilaketan jardun zuen, eta horren egileek, iraunkortasuna eta beharrezkotasunaren
oinarrizko bokazioa zuten. Arkitektura Modernoa, mugimendu ideologiko bat zen,
Sozialismoaren iturritik edaten zuena, eta Bauhaus bezelako abangoardietan
islatu zena. Adibidez, Modernitate aurreko garaiko hiriek zuten osasun publiko
arazoei erantzuna ematen saiatu ziren, eta gehiago, hiritarren askatasuna ta
ongizatea zuten aspirazio gisa. Hiria, klaseen arteko tentsio eremua zen.
Utopia zen nagusi.

    Posmoderniateak, aldiz, Modernitateari, arlo
guztietako gehiegikeriak leporatuz, norbanakoa jartzen omen du zentroan. Hiri Posmodernoak,
gizarte taldeen arteko tentsioak bukatutzat ematen ditu (Historiaren bukaera).
Modako arkitekturei zabaltzen dizkio besoak. Hiritarrari, ebokazio bidez aurrez
proiektatutako irudia bilatzeko exigitzen zaio, eraikina, kalea, plaza… bertatik
urrutirago doan esanahia. Ez da izana balioduna, izate baten itxura ematen
diona baizik (hortik eraikinon izen ebokadoreak: Zubiari-Zuri eta eraikin bikoteari Atea).
Eraikinak
duen irudikapen mezua, baliotsuagoa da egunerako duen erabilgarritasuna baino.
Eraikinei, plazei, kaleei… beti izan duten zerbitzurako izaera, sumeegia
delakoan, traszendentzia antzeko bat erantsita aurkezten dira.

    Guzti honen emaitza, asken
muturrean, beste gehiegikeri baten bihurtzen da. Modernitateak liberazio bat bazuen
asmotzat: erdi aroko hiriaren osasun eta askatasun eza; eta hiri indutrialaren
kutsadura eta brutalismotik askatu. Posmodernitateak, aldiz, hirigintzak -zeregin
publiko den heinean- egitura homogeneizatzailegia duela eta, horren ordez,
ikusgarritasuna eskeintzen du: askapen virtuala. Horretarako, hiria, eszenatoki
bilakatzen da. Baina, badakigu, ikusgarritasuna, moda den heinean etengabeko
itxuraldaketak jaso behar dituela, hain zuzen ere, modakoa izaten jarraitu nahi
badu. Beraz, Hirigintza Modernoak iraunkortasuna bilatzen zuen, eta aldiz,
Posmodernoak momentukeria baino ez du uzten, hasierako ikusgarritasuna esanahi
bakar bezela.

    Eta guzti honek, hiritarrok
gure hiriarekin batera eraikitzen dugun identitatean ere bere eragin zuzena du.
Hiri Posmodernoak, eskeintzen duen espektakuluan ikusle pasiboaren papera barneratzea
baino ez digu uzten. Betiko Hiriak, bertan bizitzearen intimitatearen
oinarrian altzatzen zuen identitatea. Hiriko alde berri hauetan beste
sentimentu bat dugu, ajenoa zaigu, besterena, Calatrava, Isozaki edo Ghery-ren
obrak dira. Ez dira Hiriaren biografiaren parte, akaso, alter-biografia bat
hasi berri dute: hiriaren biografia virtuala.

 

Ez dago Hiri Egitasmorik, Modaren legea baizik

    Eta orain, zubiaren kontua
hau dela eta, divo bi hauen
polemikaren erdian, gure ustezko identitate intimo horretatik ari zaizkigu
oratzen: aizu… hiriaren zubia da, eta hiriak erabakitzen du zer egin !!!. Baina
ez dakit ze erantzun ari diren jasotzen, agian ikusle soil batena, ez hots ez
bero. Hiritarra, Betiko Hirian bizi da (fisikoki eta irudikapen aldetik) eta
harekin identifikatzen da. Hiri Berriaren gune honetara esperientzia bat
sentitzera hurbiltzen da (horrela irudikatu-saldu diote), ez daki nola azaldu,
baina oso modakoa ikusten du orduan bere burua… eta badaki, moda etengabeko
aldaketa dela, ezer ez da irauteko bere hortan, beraz, eta dena dagola modaren
menpe. Atzo bertakoak gaurkoari oztopo egiten badio, ba oraingoaren menpe jarri
behar da, ezta?

 
    Ikusle arruntarena egitera gutxiesten
banauzue, zergatik eskatu orain niri konpromisoa Hiri Egitasmoaren alde. Edo ez
da konpromisoa bilatzen ari direna, ze ez dago Egitasmorik, eta modaren lege
bortitza da gauzatu dena: orain datorrenak ez du aurrekoa aintzat hartu
beharrik. Eta berdin da aurrekoa Posmodernoa bada ere.

 

Bilbao Hiri Posmodernoari buruz,
irakurri Garikoitz Gamarrak, Bifurcaciones aldizkari elektronikoan
argitaratutako “Bilbao: pasion y muerte de lo urbano” lana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude