Txina: Komunismoa? Sozialismoa? Kapitalismoa ala zer?

Mundu osoan, egungo erreforma ‘neoliberala’  sektore pribatuari begira dago, komunismoa edo dena delako hura estatu-burokraziari begira egon zen moduan.

Zenbait herrialdetan (Kanadako Albertan, Indian, AEBetako Ipar Dakotan, …)sektore publikoko bankuek sektore pribatukoekin lan egiten dute batera, ongi gainera[1].

Eta Txinan? Zer-nolako eredu makroekonomikoa dago han? Komunismoa? Sozialismoa? Estatu-kapitalismoa? Kapitalismo ‘gorria’’ Zer?

Txina modan dago. Ekonomia arloan, Txina munduko potentziarik boteretsuena izan daiteke. Zer gertatzen da Txinan? Zertan datza haren egoera? (Hemen makroekonomia eta finantza mundua aipatuko ditugu, ez barneko egoera politika edo/eta soziala, non aldaketak nahitaezkoak izango diren.)

Ezaguna dugu jadanik bankuek kreditu sortzeko daukaten ahalmena. Kontua da banku publikoaren atzean, berme gisa, Altxor Publikoa dagoela. Aldiz, banku pribatuaren atzean, ongi aritzen direnean, akziodunak daude, mozkinak eskuratzeko. Eta gaizki aritzen badira, azken krisian argi, garbi eta garden ikusi den moduan, estatuari eskatzen diote diru laguntza, beren zuloak estaltzearren. Solbentzia Altxor Publikoari dagokio[2] ez banku pribatuei.

Zor pertsonalak eta nazionalak hain handiak dira ezen, matematikoki, ezin direla gehiago zuritu. (Zenbait kasutan, hirugarren munduan kasu, herrialde horiek ezin dira zorren interesak ere ordaindu.) Alde horretatik, esan daiteke bankugintza publikoa matematikoki sendoagoa eta iraunkorragoa dela pribatua baino.

Teorikoki horrela da, baina,  jakina denez, “the proof is in the pudding”, alegia, praktikoki frogatu behar da. Eta horretarako, Txina da eredua. Txinan estatuko bankuak dira nagusi.

Oro har, krisiak  kapital-fluxuetan oinarritutako herrialdeetan outputaren jaitsiera handiak ekarri ditu; askotan kapital-fluxu horiek dibisa-kontuko defizitak finantzatzeko erabili ziren (Letonia da etsenplurik garbiena). Krisiak kapital-fluxuetan erabateko jaitsiera ekarri zuen, zeinak kapital-fluxuak behar zituzten herrialde guztiak kaltetu baitzituen.

Txina berezia da. Esportatzaile handia da, baina ez du jaso beste esportatzaileek jaso duten jaitsiera gogorra. Izan ere, herrialde gehienak esportazioei begira egon dira hazkunderako. Esportazioak nonahi murriztu zirenean, Txinak bere kredituak barneko merkaturantz zuzendu zituen, barruko garapenari eragiteko. Hau da, Txina ez da soilik esportazioetan oinarritu, barneko hazkunde-eskaintzari ere lotu zaio: bankuak aske izan ziren maileguak luzatzeko, gobernu lokalek ere lagundu zuten eta estatu-enpresek dirua maileguz hartu zuten  kreditu handitan[3]. Ondorioz, pizgarri fiskala sortu zen, zeinak langileak lanean jarri baitzizuen eta ekonomian, berriz ere, dirua zirkulatzen.

Beren banku-sistemari laguntzeko, AEB-ek bilioi dolar batzuk gastatzen dituzte, eta Txinak ‘mirakulu-ekonomia’ du martxan, gainontzeko mundutik bereiziz. Izan ere, gainontzeko munduak 1930ko Depresio Handitik izandako atzerapen ekonomikorik okerrena pairatzen du, baina Txinak urteko %8ko hazkunde-tasa izan du.

Zer dela eta ‘mirakulu’ hori? Erantzuna soila eta garbia da: Txinak ez du utzi bere banku-sistema ekonomia produktiboaren gainetik jartzea. Txinatar bankuek jendearentzat lan egiten dute, ez alderantziz[4]. Ez dago inolako dibortziorik finantza sektorearen eta sektore produktiboaren artean. Kontua gobernuak bankuekiko daukan politikan datza. Gobernuak jendea interes ezkutuen gainetik jarri du. Kreditua industriari eta gobernu lokalei luzatu zaie, ez finantza-sektoreari (beste nonahi gertatu den bezala). Horrela, Txinako People’s Bank delakoak 2009an 1,08 x 1012 dolarreko kopurua luzatu du kredituetan, 2008an baino %50 gehiago.

Noski, Txinako ekonomia ez da perfektua, langileen egoera, kasu, ez da batere ona[5]. Baina esan daitekeena hauxe da: Txinako pizgarri planak hobeak dira AEBetakoak eta Britainia Handikoak baino. Giltza, errepika dezagun, banku-sektorean datza.

Komunismo, sozialismo edo X-ismoari dagokionez, ona litzateke gogoratzea 1978an, Txina kanpoko inbertsioari ireki zitzaionean, Deng Xiaoping-ek, Txinako alderdi komunistako buruzagiak esan zuena: “Ez du axola zer-nolako kolorea duen katuak, arratoiak ehizatzen dituen bitartean.”

Azken baieztapen hori argi dauka Jim Rogers-ek, Txina hartzekodun nazioa eta AEBak munduko zordunik handiena direla esaten duenean[6]. Rogers-en iritziz, AEBak ‘aberatsentzako sozialismoa’ bilakatu dira. Izan ere, Wall Stret-ek aldatu egin du ohiko kapitalismoa eta, oro har, AEBetako ekonomia. Banku erraldoiek eta korporazio handiek kapitalismoaren arauak berridatzi dituzte, beren onerako.

Finantza-kapitalismoa da nagusi nonahi gaur egun. Txina, aldiz, salbuespen bat da.


[5] Ikus Txina puts people before banks.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude