Gaztetxo bati eskutitz irekia

Aurrekontuak oso garrantzitsuak dira, eta berorien kudeaketak markatzen du gobernuaren (gastu publikoaren) norabidea, baita gastu pribatuarenena ere. Orain dela gutxi AEBetako Kongresuko Aurrekontu Bulegoko zuzendari Doug Elmendorf-ek 13 urteko gazte bati eskutitz ireki eta interesgarri bat idatzi dio[1].

Aro berri honetan, non austeritatea (sic) eta gastu publikoen murrizketak dira oso ozen aldarrikatzen diren ia puntu bakarrak, erabat onuragarria da gazte baten kezkak argitu nahi izatea. Baina idatzitako mezua ez da batere egokia. Izan ere,  R. Wray eta Y. Nersisyan ekonomialariek diotenez[2],  Elmendorf horrek ez du ulertzen aurrekontu federalak nola funtzionatzen duen. Badirudi uste duela AEBetako ekonomia oraindik urre estandarrean aritzen dela. Bi ekonomialarien iritziz, eskutitz hori idatzi zitekeen 1931ko eskolan aritzen zen 13 urteko mutiko edo neskato bati. Are gehiago,  ez dago ezer baliagarririk eskutitz horretan, gaur egungo AEBetako gobernu-finantza ulertu ahal izateko, hots, Bretton Woods-eko aroan, non truke-tasa flotatzailea den eta moneta subiranoa den. Hortaz, Wray-k eta Nersisyan-ek eskutitza zuzendu dute eta eskolan aritzen diren gaztetxoei eta Elmendorf zuzendariari berari ere luzatu diete.

Eskutitza galderetan eta erantzunetan dago eratuta. Nik neuk Ekonomiaren ABCa izendatuko nuke eskutitz horren edukia. Hona hemen, segituan, idazkiaren laburpena. (Elmendorf-en jatorrizko eskutitza goian aipaturiko web gunean ikus daiteke.)

(1)    Zeintzuk dira egungo aurrekontu federalaren defiziten lehen kausak?

Gobernuaren aurrekontua gobernuaren gastuen eta sarreren (gehienbat zergen) arteko kontabilitate dokumentu bat da. Gastuak errentak baino handiagoak direnean, aurrekontua defizitean dago. Hein handi batean, gobernuaren aurrekontu-balantza ez-aukerakoa da eta soilik gainontzeko ekonomian dagoena islatzen du. Atzeraldi batean sektore pribatuaren gastuak jaitsi egiten dira eta langabezia handitu. Sektore pribatuak gutxiago gastatzen duen heinean, gobernuak automatikoki gehiago gastatzen du –bereziki langabeziaren diru-laguntzan eta beste sorospen sozial batzuetan. Baina garrantzitsuena dena hauxe da: jarduera ekonomikoa jaisten den arabera, zerga-sarrerak  jaisten dira. Zerga sarreren jaitsierek, gastu sozialen handitzearekin – egonkortzaile automatikoak deitzen direnak- sarreren eta gastuen arteko tarte bat sortzen dute aurrekontu defizita erakarriz. Susperraldi ekonomikoak automatikoki murrizten du gobernuaren defizita. Hazkundea sendoa balitz, alegia, gobernu-soberakina sortzeko modukoa, horrek esan nahiko zukeen  ez-gobernuko sektorea defizitean murgilduko zatekeela. Kontabilitatezko identitatea dela kausa, gobernuaren balantza gehi ez-gobernuko sektorearen balantza zero da. Beste era batera esanda, gaur egungo gobernuaren defizitak ez-gobernuko sektorearen soberakina (finantza-aurrezkia deitua) berdintzen du.

(2)    Nola eragiten dioten aurrekontu defizitek 18 urte baino gazteago den jendeari?

Gobernu Federala (Banku Zentrala eta Altxor Publikoa) AEBetako dolarren monopolio-inprimatzailea da.  Erabiltzen ditugun dolar guztiak gobernu federaletik datoz. Horrek esan nahi du gobernuak dolarrak sortzen dituela nahierara, gastatzeko behar dituen bakoitzean. Gobernuak bere moneta jaulkitzeko ahalmena zentzuzko modu  batean erabiltzen duenean, sektore pribaturako onuragarriak diren gauza asko lor ditzake. Egun langabezian dagoen jendea kontratatu dezake zubiak eta autobideak eraikitzeko, kaleak konpontzeko, jende zaharrak zaintzeko eta abar. Osasun zerbitzuak behar dituen jendeari zerbitzua hornitu diezaioke. Heziketa nahi dutenei heziketa hornitu diezaieke. Aurrekontu federalen defizitek soberakina sortzen dute ez-gobernuko sektorerako, eta aurrekontu federalaren zorra finantza aktibo bat da eta finantza-aberastasun netoa ez-gobernuko sektorerako. Hortaz, gaur egun aurrekontu defizitek  irabazkin  gehiago, bide  gehiago, eskola eta ospitale gehiago (aktibo ukigarriak), populazio osasuntsuago eta eskolatuago esan nahi dute eta sektore pribatuak beste modu batez eduki zezakeena baino finantza-aktibo gehiago lortzea.

Egun gazte jendea lanpostuen eta etorkizuneko bizitza-kalitate hobearen bila dabil. Gobernuak rol garrantzitsu bat dauka emaitza horiek ziurtatzeko. Berez, gobernu-defizita ez da ez ona ez txarra.  Garrantzitsua dena ondorioa da: aurrekontu defizita oso txikia baldin bada (gastuak oso baxuak dira eta/edo zergak oso altuak), orduan ekonomiak daukan ahalmenean baino maila gutxiagoan jarduten du eta oso astiro hazten da; alderantziz,  aurrekontu-defizita oso handia bada, orduan inflazioa azal daiteke, gobernuak erabilera pribatutik baliabide gehiegi hartzen duen heinean eta prezioak eta alokairuak  altxatuak dira. Neurri egokiko defizit batek ekonomiari berorren baliabideen enplegu osoan jarduteko ahalbidetzen dio.

(3)    Zer ari da egiten AEBetako gobernuak aurrekontu defizitak gutxitzeko?

Defizit murrizketaren xehea ez da helburu egoki bat gobernu federalerako. Alderantziz, aurrekontuak helburu publikoa (heziketa hobea, azpiegiturak, osasungintza) lortzeko erreminta izan beharko luke. Makro mailan, gobernuak defizitak murrizten baditu, ez-gobernuko sektoreak errenta gutxiago eta aurrezki gutxiago izango ditu. Obama presidenteak sorturiko National Commission on Fiscal Responsibility and Reform izeneko batzordea oker dabil zeren aurrekontu defizita murrizten ahalegintzen ari baita azpi-erabilitako eta azpi-usaturiko baliabide masiboko denboran. Batzordeko kideek ez dute ulertzen sistema monetario modernoak nola funtzionatzen duen, eta haien aholkuei kasu egingo bagenie, segur aski beheraldi bikoitza kausatuko genuke,  ekonomia berriz ere atzeraldi sakonean erortzen den heinean. Gainera haien defizit-murrizte proposamenek ia seguru ez lituzkete defizitak murriztuko inongo kasutan, zeren ekonomia motel batek orekatzaile automatikoak sortarazten baititu –zerga sarrerak eroriko lirateke eta gastu soziala handituko.

(4)    Zer egin dezake jendeak, eta batez ere eskoletako neskato-mutikoek, aurrekontu defizitak murrizteko?

Berriz, aurrekontu defizita murriztea ez da gobernurako zentzuzko helburua, ezta jendearentzako ere. Gazte batek egin dezakeen gauzarik onena asko ikastea da, eskolan ongi aritzea, bere burua prestatzea bizitza luze, osasuntsu eta emankorrerako. Gobernuak egin dezakeen gauzarik hoberena gazte jendeari laguntzea da gazteen helburu horiek lortzeko. Osasuna, heziketa, eta ongizate sozialaren gastua (Gizarte Segurantza barne) gobernuaren gastuaren parte handia direnez, aurrekontu defizita murrizten ahalegintzen direnek gehienetan aipatutakoak mozten dituzte lehendabizi. Horrek ez du soilik gaur egungo kezka suposatuko; horrez gain, etorriko diren belaunaldientzako epe luzeko eragin txarrak izango ditu. Heziketan moztu gabe, gobernu federalak bere babesa handitu beharko lioke eskoletan dagoen jendeari.

(5)    Aurrekontu federalaren defizitei buruz, baldin eta nire eskolara giltza-mezu bat eramango banu, zein izango litzateke?

Ez entzun Washintong-etik aurrekontu-defiziten ondorio txarrei buruz datozen txorikeriei. Gobernu federalari ezin zaio dirua bukatu, zeren bera baita gure moneta jaulkitzen duena. Ordainketa guztiak gauzatu ditzake, epe egokian datozen heinean. Ez du inoiz porrot egingo bere monetan. Ahalegindu daiteke beharrezko eskalan gastatzeko, atzeraldi hau bukatzearren eta ekonomia hazkunde sendoan martxan jartzearren. Eginahalak egin ditzake behar diren beste enplegu sortzeko, lan egin nahi duenak ekonomiari ekarpen positiboa egitearren. Saiatu daiteke gure natur ingurugirorako programak sustatzeko, bera babestearren eta indarberritzearren. Eta, gazteei begira, gehiago gasta dezake eta gastatu behar du gure eskolak babesteko.

Nire aldetik hauxe gehituko nuke: ezer moztekotan, armagintzan isurtzen den dirutzan badago zer moztu.  Izan ere, Wray-k dioenez[3]orain defizita,  ekonomia martxan jartzeko, eta gero behar izango den austeritatea.

Argi dagoenez, amerikar ekonomialarien mezu hau zabaldu beharra dago gaurko iluntasun ekonomikoan eta teorikoan:  hasi eskoletan, segi institutuetan eta noski!, unibertsitateetan, …edozein gobernu motatan bukatzeko.  Gainera, mezua edonon aplika daiteke: hala mezu globala nola mezu konkretuak. Gurean, aldaketa gutxi batzuekin: AEBak barik, Europar Batasuna; Washington gabe, Brusela, Madril eta Paris eta beti burua erabiliz.

Ea mezua iristen den Euskal Herri osoko bazter guztietara!  Batez ere, euskaldun neskato eta mutikoengana. Etorkizuna, hots, euskal errepublika independentea, haien esku egongo da eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude