Finantza-politika eta politika fiskala

Nazioarte maila, honelako galdera egin daiteke: mugitzen al dira herrialdeak zeinek bere moneta propioa edukitzeko eta erabiltzeko? Une honetan ez da ikusten horrelako mugimendurik. Herrialdeak beren interesen alde aritu beharko lirateke. Baina, nahiz eta nazioarteko teoria diplomatikoan horixe izan azpimarraturiko premisa, praktikan oso gutxitan erabiltzen da.

Hona hemen bi fikziozko irtenbide:

(a) Mundu osorako moneta soil eta bakar bat jaulkitzea, banku zentral bakarra egonik (agian oraingo Nazioarteko Moneta-Fondoan oinarritua). Baina edozein moneta zergapetzeko ahalmenari dago lotuta, eta zergak parlamentu baten legeek eta arauek jarri behar dituzte martxan. Non dago mundu mailako legebiltzarra?

(b) Euroa, yena eta yuanaren kasuan dena dago konponduta, atzean badaudelako gobernuak eta parlamentuak.

Txinari dagokionez, eztabaidatzen hasi bide dira yuana moneta ‘gogorra’ bilakatzeko. Segur aski aldaketa politikoak behar izango lirateke Txinan helburu hori lortzeko, arlo ekonomikoan egon behar den eztabaida sakon eta argia ez aipatzearren. (Kasu, Txinak bono-merkatu bat jarri behako luke martxan, AEBekin eta Japoniarekin lehiatzeko.) Beste aldetik, zer egin Txinak eta Japoniak dauzkaten dolar kopuru erraldoiekin? Biok galdu egingo dute, AEBetako moneta-politikari lotuta daudelako, dolarren bidez edo AEBetako Altxor Publikoko bonoen bitartez.

Europan ez dago bono-merkaturik. Badaude alemaniar bonoak eurotan eta frantziar bonoak eurotan; baina ez dago zentralizaturik egongo litzatekeen europar bono-merkaturik. Europa oso fragmentaturik dago estatu desberdinetan. Gainera euroa gaizki jarri zen martxan, hasiera-hasieratik.

Euroari dagokionez, eta Hudson-en hitzetan[1], zer egin Europaren ideologia deuseztatzaile eta neo-liberalarekin?

Neoliberalek blokeatu dituzte europar herrialdeak, berorien aurrekontu defizita Barne Produktu Gordinaren %3tik ez altxatzeko. Modu horretan AEBek egin zutena alboratu da, alegia, Altxor Publikoko zor nahikoa sortzea, AEBek dauzkaten balantza-defizitak absorbitzeko. Zer dela-eta europarrok ez ditugu ordainketa-balantza, zerga-politika eta balantze-orriko erlazioak ikusi nahi? Noizbait horietaz guztietaz eztabaidatzeko tenorea helduko zaigu. Noiz, baina?

Finantza-sistema globalean AEBetako diplomaziak beti lehenetsi ditu bere interes nazionalak, beste edozein herrialdetan gertatzen ez dena. Asimetria hori Bigarren Mundu Gerlaz geroztikoa da[2].

Beste aldetik, edozein herrialdetan zor arazoa ez da ebatziko harik eta arazo fiskala konpondu arte, hots, zerga sistema berri eta egoki bat martxan jarri arte.

Izan ere, diruaren estatu-teoria oso argia da. Honela dio: diruari estatuak (hots, gobernuak) ematen dio balioa; eta horretarako diru hori zerga ordaintzeko onartua izan behar da. Diruaren balioa zergapetzeari berari dagokio. Gobernuak zergak baino diru kopuru handiagoa jaulkitzen baldin badu, prezioak areagotuko lirateke, inflazioa sortuz.

Euroak ez dauka zergapetzeko ahalmenik, euroaren atzean ez baitago europar herrialdeen gainean zergapetzeko autoritaterik daukan europar parlamenturik. (AEBek badaukate zergapetzeko ahalmen hori, eta, hortaz, badaukate benetako moneta: dolarra. Euroa dolarraren satelitea da, besterik ez.)

Aurreko lan batean aipatu bezala[3], “finantza-arazoa eta arazo fiskala erabat lotuta daude. Zor osoaren arazoa, azken finean, arlo politikoan ebatziko da, zerga progresiboak martxan jarriz, bazka librea zergapetuz, gobernuak bere eginkizunari eutsiz (zergapetzeko eta dirua jaulkitzeko), eta lan-indarra eta kapital industriala zergapetzetik askatuz. Zorraren arazoa konpontzeko, zerga sistema berregituratu behar da, aktibo-prezioko inflazioarekin lotuta dagoen bazka librea zergapetzeko. Beraz, etorkizun hurbilean arazo fiskala arazo politiko nagusi bihurtuko da.”

Dena den, edozein politika fiskal erabilita ere, herrialde batzuek gehiago galduko lukete beste batzuek baino. Ez dago irtenbide globalik, moneta globala ez dagoelako. Hala ere, moneta global eta bakarra egongo balitz ere, ekonomia ez da baloi moduko bat, zeina handiago ala txikiago bilaka baitaiteke zorra puztuz, inflazioa areagotuz ala deflazioa bultzatuz. Mundu mailan ez dago irtenbide globala, beti egongo dira distortsioak: zenbait gunetan moneta ez da benetakoa (Europan) edo haien superabitak erabiliak izan dira atzerritar moneta (dolarra) edo AEBetako Altxor Publikoko bonoak erosteko (Txina eta Japoniaren kasuetan).

Hortaz, distortsioak egongo dira nonahi. Distortsio handiak maila ekonomikoan (gune ekonomikoak ez baitira homogeneoak) eta oztopo gogorrak maila politikoan (zerga sistema progresibo eta egoki bat abian jartzeko orduan).

Hala ere, hona hemen zenbait irizpide argi: (1) zorraren deuseztapena koordinatu behar da jabego publikoarekin, finantza-politika eta politika fiskala sinbiotikoak baitira; (2) bankugintza lerro produktiboetara zuzendu behar da; eta (3) helburu nagusia ekonomia bera ‘des-finantzialtzea’ da, zor-desegiteak ‘ekitate negatiboa’ baztertuko bailuke.

Etorkizuna irekita dago. Lot gakizkion eginkizun politikoari.


[1]  Ikus  Michael Hudson (2009, A Tax Program for U.S. Economic Recovery.

[2]  Ikus Michael Hudson (1972/2002) Super Imperialism.

[3]  Ikus https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/zorrik-gabeko-ekonomia-baterantz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude